Jon Fernandez. BERRIAko kazetaria

«Pentsiodunek gazteen arazo larri bat azaleratu dute»

Jon Fernandezek 'Pentsioen geroa' azterketa sakona idatzi du, pentsiodunen mugimenduak bultzatu dituen arrazoiak eta pentsioen sistemarentzako irtenbide posibleak ardatz hartuta.

ANE FERNANDEZ.
xabier martin
Donostia
2020ko ekainaren 25a
00:00
Entzun

Bi urte baino gehiago joan dira pentsiodunek kaleak hartu zituztela. BERRIA egunkariak mugimendu hari gertu-gertutik jarraitzeko konpromisoa hartu zuen, eta Jon Fernandez kazetaria (Ondarroa, Bizkaia, 1986) buru-belarri sartu zen ahots haserre horien atzean zeuden pertsonak eta arrazoiak ezagutzeko lanean. Jakin-mina analisi sakon bihurtu du orain Pentsioen geroa. Eztabaida sozial baterako gakoak (Aleka, 2020) liburuarekin. Gaur aurkeztuko du Martin Ugalde Foroan eta BERRIAk zuzenean emango du webgunean. Fernandezek giltzarriak eman ditu sistemak har ditzakeen bideak eta horien zergatiak ulertzeko.

[YouTube]https://youtu.be/fg1CcR620S4[/YouTube]

Sortu zenean geldiezina ematen zuen pentsiodunen mugimenduak. Gero, pitzadura batzuk azaldu dira batasun horretan. Ez ote da indarra galtzen ari?

Geldialdi bat egon da pandemia dela eta. Baina hau oso mugimendu zabala da, plurala, eta bateraturik eutsi dio, nahiz eta beti egon diren ageriko presioak barnean, batez ere gai batzuen inguruan. Haien gainetik ildo desberdinak elkarrekin egoteak eman die indarra, hein handi batean. Batasuna ez da uniformetasuna, ordea. Pluraltasuna kudeatu dute, eta liburuan argi adierazi dute pozik eta harriturik ikusi dutela gai izan direla hori egiteko.

Baina interes argiak azaldu dira batasun hori hausteko, baita mugimenduaren barruan ere..

Urtarrileko greba orokorrean azaleratu ziren argien ildo desberdinak. Interes desberdinak daudela ez dago ukatzerik, baina erreibindikazio nagusi batzuen inguruan adostasunari eusten diote. Ikusi beharko da zein den eboluzioa aurrerantzean.

PSOE Moncloara iritsi zenean, protestaldiak ez al zuen koska bat behera egin?

Batzuk esperoan geratu ziren, koalizio gobernu berriak pentsioen erreformarekin hartuko duen bidea ikusteko. Iazko urte amaieran izan zen, eta segidan greba orokorra iritsi zen. Beste ildo batek erreibindikazio argiarekin jarraitzea erabaki zuen.

Pentsioen igoera berriro KPIari lotzearekin konforme geratu ote zen ildo bat?

KPIaren eskaerak lehergarri gisa jokatu zuen hasieran, baina, gero, ikusi zen askoz ere sakonagoa zela eskatzen ari zena. Momentuko aldarrikapena zen KPIarena, eta lortu zen, baina horrek ez du mugimendua indargabetu, neurri bat baizik ez delako. Euskal Herriko ikuspegi batez esan daiteke Iparraldean ikusi zutela etorkizuneko funtsezko gai bat dela, sindikatuen eta langileen parte hartze zuzenarekin, eta Hegoaldean, berriz, unean uneko arazo baten gisa jo zuten askok, bakarrik pentsiodunen kontu baten gisa. Eta ez da horrela.

Zergatik bihurtu da Bilbo protesten erreferentzia?

Bilboaldean kontzientzia historiko bat bada 1980ko hamarkadako langile mugimenduarekin lotua. Krisi larria bizi izan zuten horiek orain berriro borrokan dira, eta ez bakarrik KPIa eskatzeko, etorkizuneko ikuspegi batekin baizik. KPIa gainezka egin zuen azken tanta baizik ez zen izan.

Pentsioen sistemak zer dakarkie etorkizuneko pentsiodunei?

Adituen arabera, %33 jaitsiko lirateke pentsioak luzera begira.

Agindu zuten moduan, denbora nahikoarekin daude oraindik kalean jarraitzeko, eta oraindik ere bozkatzen dute, noski...

Hauteskundeei begira, badute indarra, baina ez dira talde homogeneoa, argi. Biztanleriaren laurden bat dira, ordea, eta alderdiek kontuan hartu beharreko kolektibo bat osatzen dute.

Hitzaurrean ohar bat eman duzu: koronabirusaren aurretik idatzia da liburua. Nola eragingo du krisi berriak pentsioen auzian?

Aukerak eta arriskuak sortuko ditu krisiak. 19.000 milioi euroko defizita dauka Gizarte Segurantzak, eta hirukoiztu egin daitekeela aurreikusi dute batzuek. Murrizketak egiteko erreformen aldekoentzat argudio gehiago datoz, baina pandemiak argi utzi du arlo publikoaren kontzientzia indartu dela ere. Koronabirusak adin nagusikoak jo ditu, gainera. Nahiz eta ekonomikoki indartu daitezkeen arrazoiak murrizketak proposatzeko, aukera sortu da inoiz baino gehiago pizteko kontzientzia soziala.

400 euro kobratzen duten pentsiodunak daude, baita 2.400 eurokobratzen dutenak ere. Denentzat balio dute erreibindikazio guztiek?

Euskal Herri osoan mila eurotik behera jasotzen dute hamarretik lauk. Hegoaldean, erretiratuen ia erdiak milatik beherako mailan daude, emakumeen artean hamarretik zazpi... Horregatik dira aldarrikapen nagusiak gutxienekoak bermatzea, eta iraunkortasun faktorea lurperatzea.

Zer garrantzi dauka egungo langileentzat faktore horrek?

Izozturik dago, baina aktibatuko balute, batez beste, %33 litzateke ordezkatze tasa, hau da, pentsioaren eta azken soldataren arteko aldea.

Pentsioen sistema bideragarria da gaurko kopuruekin?

Hau ez da errezeta liburu bat, baina adituek garbi azaldu dute fokua ez dela bakarrik jarri behar gastuen atalean, diru sarreretan ere jarri behar dela. Ekonomistek diote gastua arrazionalizatu behar dela, bai, baina badela marjina kotizazioak igotzeko, aurrekontuen bidez hornitzeko ere.

Afiliatu kopurua behera doala, tarte gutxiago dago orain, ezta?

Benetako eztabaida, izan ere, sistemari bere hartan eutsi behar ote zaion da. Kotizazioak berdin pentsioak ariketa hautsi egin behar da agian. Berritasunak egin daitezke, adibidez, enpresen irabaziak ariketan sartuta. Lan merkatua prekarizatua dago, eta horrek kotizazioak apaltzen ditu. Aditu batzuek diote kotizazioak ez direla soilik soldaten arabera finkatu behar, irabazien arabera ere ezar daitezkeela.

BGAEak soluzioa izan daitezke?

Jaurlaritza horretan dago, baina soluzio orokorrik ez dute ematen. BGAEak balio du norbanakoarentzat. Bi eredu daude: belaunaldien arteko elkartasuna eta norberaren aberastasunaren kapitalizazioa. Konponbide globalak nahi baditugu, bigarrenak ez du balio.

Kotizazioak, soldata debaluatuak, langabezia... ez al da pentsiodunena langileen borroka bakarraren beste adar bat?

Pentsiodunen aldarrikapenak ez dira-eta pentsiodunenak bakarrik: gaurko langileen pentsioak daude jokoan. Ezer aldatzen ez bada, egoera okerragoa izango da etorkizunean. %24ko arrakala dago emakumeen eta gizonen artean soldatetan; bada, %39koa da pentsioetan. Hori guztion arazo bat da. Pentsioen mugimendua zaharren kontu baten gisa ikusten da, baina gazteen arazo bat da. Pentsiodunek gazteen arazo larri bat azaleratu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.