Israelen erasoaldia Gazan. Maha Hussaini. Kazetaria Gazan

«Ezin dira parekatu zapaltzailearen eta zapalduaren ekintzak»

Israelen eta Gazako talde armatuen erasoak parekatuta, nazioarteko erakundeak Tel Avivekin lerratzen ari dela uste du Hussainik. Irmoago gaitzesteaz gain, zigor diplomatikoak eta ekonomikoak eskatu dizkie.

BERRIA.
Julen Aperribai.
2021eko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
Gazaren egunerokoaren kontalari gisa jarduten du, batez ere, Maha Hussaini kazetariak (Kairo, 1992), Middle East Eye atarian, agerian utziz Israelen okupazioaren menpean egoteak zenbateraino baldintzatzen dituen herritarren bizitzak. Egunerokoa hankaz gora jarri dute Israelen bonbek, ordea, eta sarraskia salatu eta gertatzen ari denaren kontakizun egiazko eta zintzo bat ematera bideratu ditu ahaleginak, noizbehinka inguruan lehertutako bonbek bizileku duen eraikina dardarka jartzen duten bitartean.

Zure bizilekua, Gaza, bonbardatzen ari da Israel berriz ere. Nola ari zara bizitzen egoera hau?

Azken zazpi urteetan izan dugun egoerarik larriena da, eta okerrera egiten ari da, gradualki. Atzo [herenegun], besteak beste, dorre handi bat lurrera erortzen ikusi genuen, zeina bertako hedabide askorentzat egoitza zen. Gauean, berriz, goizeko 6:00etan iratzarri ginen, leherketen zaraten eraginez, eta ni bizi naizen eraikina dardarka ari zen, inguruan izandako leherketa baten eraginez. Iraganeko esperientzietan oinarrituta, dagoeneko badakigu zertarako gai den Israel, eta jakitun gaude Israelek ez daukala inolako eragozpenik zibilen kontra egiteko. Horren adibide dira 2008ko, 2011ko eta 2014ko erasoaldiak. Beldurtzen nauena da ordutik ez dela ezertan aldatu. Ikastetxeei, ospitaleei eta abarri eraso die; zaila egiten zait imajinatzea zer ez lukeen inoiz bonbardatuko.

Hamasen eta milizia palestinarren posizioei eraso diela esan du Israelek, ordea. Helburua hori denik zalantzan jartzen dute zure hitzek.

Talde armatuen eta erresistentziako kideen aurka soilik ari dela dio, baina, gutxienez hiru eraso handiren lekuko izan naiz, eta esan dezaket hori aitzakia bat dela. Munduko armada boteretsuenetako bat du Israelek, eta hori baliatzen ari da inongo ardurarik gabe. Gazako populazioa kolektiboki zigortzen ari da, ahalik eta kalte handiena sorraraziz. Bestela, ezin da ulertu erresistentziako kide baten aurka egitea kide hori bizi den eraikina goitik behera suntsituta, eta ez kide hori bizi den apartamentuari soilik erasotzea, jakinda dozenaka familia bizi direla bertan. Argi dago Israelek marra gorri guztiak gainditu dituela Gazako populazioaren aurka eginda. Ehunka zaurituri buruz ari gara. Duela bi ordura arte, 87 ziren hildakoak; tartean, 17 haur. Militarki erail dituenen artean zibilen ehunekoa oso altua da.

Kazetaria izanik, uste duzu Gazan gertatzen ari denaren inguruko informazio egokia ari dela zabaltzen?

Azken bi egunetan, Israel hedabideen egoitzen aurka egiten aritu da, eta baita zuzenean kazetarien aurka ere. Agerikoa da ahalegintzen ari dela gertaeren bere bertsioa gezurtatuko duten hedabideen kontakizuna baldintzatzen eta ezkutatzen. Lortu du, hein batean, nazioarteko komunitatea Israelek dioenari begira baitago, hein handi batean. Horrek baldintzatu du eztabaida, eta nazioarteko hainbat hedabidetan itzalpean geratu da palestinarren kontakizuna. Ez hori bakarrik; bi alderen inguruan hitz egiten ari dira horietako asko, egoeraren ardura Israelengan eta Palestinarengan jarriz. Hauek ez dira elkarren aurka ari diren bi armada, ordea; armada indartsu baten aurka bere burua defendatzen ari den lurralde okupatu bati buruz ari gara. Nazioarteko komunitateari eta hedabideei eskatu nahi nieke ez parekatzeko bi aldeak, eta aitortzeko alde bakoitzak egoera honetan duen rola.

Bere burua defendatzen ari dela dio Tel Avivek. Nazioarteari begira, garrantzitsua da bertsio horri zilegitasuna kentzea ?

Propagandarako tresna oso indartsuak ditu Israelek. Presio handia egin du horretan, eta saiatu da historiaren bere bertsioa zabaltzen 1948tik, esanez Palestinako lurrak sakratuak direla juduentzat. Luzaroan aritu dira horretan, baina kezkagarriena da nazioarteko hedabideek beren egitea Israelek dioena, eta arreta handirik ez jartzea Gazako setioan hiltzen ari diren zibil horiengan. Ez naiz soilik Gazaz ari, lurralde okupatu guztiez baizik. Xeikh Jarrah auzoan inpunitate osoz etxegabetu nahi dituzten palestinarren kasuaz ari naiz, besteak beste. Nazioarteko hedabideek gatazkaren errora jo behar dute, eta argi esan zein den sortu den biolentzia olatuaren jatorria.

Gazari lurrez ere erasotzeko prestatzen ari da Israelgo armada. Nora eraman dezake horrek gatazka?

Eskala handiko operazio bat prestatzen ari da Israel, eta nazioartean duen inpunitateabaliatzen ari da. Milaka eta milaka zibil daude oraintxe bertan haren suaren pean. Gazan eragiten ari den kaltea ahalik eta gehien maximizatu nahian ari da Israel.

Nazioartearen presio apurrek ez dute atzera bota. Indarrez soilik geratu daiteke Israel?

Urrats sendoagoak egin behar dituzte gobernuek eta nazioarteko erakundeek. Israel eta Palestinako talde armatuak hein berean gaitzesten ari dira gehienak, eta, alde horretatik, lehengora noa: ezin dira parekatu zapaltzailearen eta zapalduaren ekintzak. Ez da zilegi, eta, gainera, ez da nahikoa Israel gerarazteko. Neurri gogorragoak eskatzen ditu egoerak: Israeli armak saltzeari eta emateari uztea eta zigor diplomatikoak eta ekonomikoak ezartzea. Modu horretan soilik errespetatuko du Israelek nazioarteko legedia.

Egunetik egunera larriagotzen ari da egoera Gazan. 2014an izan zen egoeraren maila berera hel daiteke oraingo hau?

Egoerak baditu antzekotasunak 2014koarekin, baina orain artekoa intentsitate handiagokoa izan da. Duela zazpi urte baino indarkeria handiagoa ari gara ikusten erasoetan. 2014an, egun askoren ondoren hasi zen Israel egun egiten ari dena egiten. Bonbardaketak hasi eta lehen bizpahiru egunetan, jada hainbat eraikin eta dorre guztiz eraitsi ditu. Erasoa odoltsuagoa da, eta zibilen aurka egiten ari da modu indiskriminatuan. Horrenbestez, nik neuk espero dut, eta uste dut nigandik haragoko sentsazioa dela, hildako zibilen kopurua nabarmen handituko dela oraindik ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.