Darfurko gerra krimenak ikertzeko akordioa egin dute Sudanek eta Hagak

Lankidetza akordioaren helburua Darfurren gizateriaren aurka eginiko krimenak epaitzea da. Eskualdeko gatazkan 300.000 lagun hil zituzten

Omar Hassan al-Baxir Sudango presidente ohia, Khartumgo kartzelan, 2019ko abuztuan. AMEL PAIN / EFE.
maddi iztueta olano
2021eko abuztuaren 14a
00:00
Entzun
NZA Nazioarteko Zigor Auzitegiak eta Sudango Gobernuak lankidetza akordio bat sinatu zuten atzo, Khartumek asteazkenean Omar al-Baxir presidente ohia Hagako auzitegiari entregatzea onartu ostean. Akordioak ahalbidetuko du Darfurren eginiko gizateriaren aurkako ustezko krimenen ikerketa abian jartzea, eta Al-Baxirrek krimen horietan izan zuen zeregina epaitzea. Data zehatzik iragarri ez duten arren, bi aldeek iradoki dute hurrengo astean ekingo dietela lanei.

Orain arte, ezinezkoa izan da Al-Baxirren aurkako epaiketa martxan jartzea; hein handi batean, Sudan ez delako Erromako Estatutuaren parte. Aurreko astean, ordea, gobernuak Erromako Estatutua berrestearen alde bozkatu zuen, Al-Baxir epaitu ahal izateko funtsezko neurria. Hala ere, oraindik ez dute argitu presidente ohia Hagan (Herbehereak) edo Sudanen epaituko duten.

Auzitegiak iragarri zuen Khartumen egoitza bat irekitzeko asmoa dutela, ikerketa koordinatzeko. Sudango Atzerri ministro Maryan al-Mahdidek asteazkenean baieztatu zuen gobernuak ikerketan lagunduko duela, «Darfurko biktimei justizia egiteko», eta nabarmendu zuen Khartumek onartu duela auzitegiak bilatzen dituen pertsonak entregatzea.

Agintaldi luzea

Al-Baxirrek 30 urtez agindu zuen Sudanen, 1989tik 2019ra. Duela bi urte, haren aurkako protesten ondorioz, hura kargutik kentzea lortu zuten, eta preso eraman zuten Khartumgo kartzelara. Harekin batera, Koberren espetxeratu zituzten Defentsa ministro ohi Abdel Rahim Mohamed Hussein eta Hego Kordofango gobernadore ohi Ahmed Harun; hirurei gerra krimenak egozten dizkiete.

Sudango auzitegi batek 2019an leporatu zion presidente ohiari ustelkeria kasuetan parte hartzea; eta 2020tik Khartumen ari dira epaitzen, 1989an estatu kolpe bat emateagatik. Halaber, Nazioarteko Zigor Auzitegiak 2009an aurkeztu zituen lehenbizikoz haren aurkako bi atxilotze agindu; Darfurren gauzatutako gizateriaren aurkako krimenak, eta gerra krimenak babestea eta sustatzea egotzita.

2003an piztu zen Darfurko gerra, milaka herritar Al-Baxirren gobernuaren diskriminazio sistematikoaren aurka altxatu zirenean. Gobernuz kanpoko erakundeek askotan salatu dute haien aurka Al-Baxirren gobernuak erabilitako indarkeria, baita 30 urteko epean gauzatutako ekintza oldarkorrak ere; herritarrei eginiko bortxaketak eta torturak, besteak beste. Nazio Batuen Erakundearen arabera, Darfurko gatazkan 300.000 lagun hil zituzten, eta, horiez gain, 2,5 milioi pertsonak ihes egin zuten.

2019ko abuztutik, zibilek eta militarrek osatutako trantsizio gobernu batek agintzen du herrialdean, eta adierazi du ikerketan parte hartuko duela,Al-Baxirren krimenen biktima guztiei justizia egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.