Oihana Lopetegi. LABeko ekintza sindikaleko arduraduna

«Hazkunde prozesuari eustea da helburua, badugu-eta non hazi»

Hego Euskal Herrian ordezkari gehien duten sindikatuetan bigarrena izateko helburua jarri dio LABek bere buruari, eta Lopetegik uste du «beste koska bat» igo daitezkeela hauteskunde sindikalen epe trinko honetan.

GORKA RUBIO / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2022ko urriaren 20a
00:00
Entzun
Udazkenean hasi eta ekainera arte bere ordezkarien %60 izango ditu jokoan LABek. Hauteskunde sindikalen lehen epealdi trinkoa du Lopetegik (Ibarra, Gipuzkoa, 1979), eta prozesu «liluragarria» dela onartu du. Gaur egun Hego Euskal Herrian ordezkari gehien duten sindikatuetan hirugarrena da LAB (%19,08), eta CCOO puntu batera du (%20,06).

Kanpaina hasierako hitzaldian, Igor Arroyo koordinatzaile nagusiak esan zuen Euskal Herriko bigarren sindikatua izatea dela LABen helburua. CCOO puntu batera duzuela kontuan hartuta, langa altu jarri duzue.

Ez da erraza izango, baina egia da azken urteetan gehien hazi den sindikatua garela, eta uste duguhazkunde horri eutsiko diogula. Helburu zehatz bezala, [Euskal Autonomia] erkidegoan dugun bigarren postua egonkortu nahi dugu, eta Hego Euskal Herrian bigarren izatera gerturatu. Zail ikusten dugu epe trinko honetan lortzea, baina gerturatu gaitezke. Koska bat igo nahi dugu norabide horretan, eta hurrengo epealdi trinkoan bigarren izatera iritsi.

Azken urteetan gehien hazi den sindikatua da LAB —2010ean %15,3ko ordezkaritza zuen—. Eutsi al diezaioke erritmo horri?

Langileek erabaki beharko dute. Guk bilakaera horri eutsi dakiokeela uste dugu, guk egiten dugun sindikalismoak harrera ona duelako, eta badugulako non hazi. Euskal sindikalismo berria gara, eremu tradizionaletik harago sindikalismoa eremu prekarizatuetara eraman duena. LAB haztea albiste ona da langileentzat.

Erraza al da tradizionalki sindikatu gabekoak izan diren lantokietara hauteskundeak eramatea? Arropa saltoki handiak, supermerkatuak...

Eremu prekarizatuetan zailtasun handiagoak izaten ditugu: lan zentro asko daude, langileek askotan ez dute elkar ezagutzen... Antolatzean beti dago ahalduntze txiki bat, baina eremu prekarizatuetan beldurrak handiagoak izaten dira. Eremu berrietara zabaltzea erabaki genuenetik, lantoki horietara iristeko antolakuntza aldaketak egin behar izan ditugu. Sindikatuok egokitu beharra daukagu sektore horien berezitasunetara, eta uste dut LABen asmatu dugula hori nola egin.

Adibidez?

Hauteskunde sindikalik ez duten sektoreetara iristeko bidea egiten ari gara. Esaterako, etxeko langileak eta rider-ak. Sail sindikala osatu genuen, baina oraingoz ez dute hauteskundeetara joateko eskubiderik. Arnasa luzeko lanak dira horiek.

Garai zailak datoz. Egoera honetan hauteskunde sindikalak garrantzitsuagoak al dira?

Datoz? Dagoeneko zailak dira: erosahalmenaren galera izugarria da, eta negoziazio kolektiboa blokeatuta dago eremu eskotan. Hauteskundeak beti dira garrantzitsuak, baina egoera zailetan, aurreko krisietakoak bezalakoetan, ezinbestekoa da langileak antolatzea. Ordezkaritza lortzen dugun tokietan ahalduntze prozesuak hasten dira, eta langileen bizi baldintzak hobetzeko aukera izaten dugu. Ez bakarrik enpresa horietan, baita sektore mailan ere.

Erraza al da ordezkari sindikalak lortzea?

Eremu prekarizatuetan zailagoa da. Ordezkariek sekulako lana egiten dute, eta goraipatu nahiko nituzke. Haiek gabe, gure ekintza sindikala ezinezkoa litzateke. Balio gutxi ematen zaion lan bat da, eta horrek zaildu egiten du ordezkariak lortzea. Zerrendak osatuz goazenean, baiezko bakoitza oso polita da, ahalduntze hori eragiten duelako. Langile bat ordezkari aukeratu izateak gauza positibo asko ditu; elkartasun sentsazioa ematen dio, babesa... Ordezkari izatea gogorra eta polita da era berean, lankideen bizi baldintzen alde egiteko aukera ematen dizulako. Hori askotan itzalean gelditzen da.

Ordezkarien inguruko estigmek hor diraute.

Bai. Eremu batzuetan desprestigiatu egiten dituzte. Baina galdetu beharko genuke zeinek desprestigiatzen dituen eta zer helbururekin. Bateko ordu sindikalen erabilera txarra, besteko norberaren intereserako akordioak... Egongo da praktika txarrik duenik, baina gure ordezkarien gehiengo zabalak bere ardura ez du erabiltzen onura pertsonalerako. Langile kolektiboaren mesedetan egiten duten lan bat da. Ardura hori balioetsi egin behar da.

Zerrenda beltzetan sartzearen arriskua hor dago. Erregulazioak egiten direnean, ordezkari ohiz beteta egoten dira.

Bai, noski. Enpresari batzuentzat, ordezkariak oso deserosoak izaten dira. Hala ere, beti diot enpresentzat mesedegarriak direla ordezkari sindikalak, aurrera egiten eta hobetzen laguntzen dietelako: baldintzak hobetzen, soldata arrakala txikitzen... Enpresek ez lukete modu negatiboan hartu behar sindikalismoa, baina askorentzat deserosoa da kontrol hori.

Azken hilabeteetan hainbat sektore itun sinatu ditu LABek: metalgintza Araban, garbiketa Bizkaian... Eragina izan al dezakete hauteskundeetan?

Kontrabotere sindikatua gara, eta gure eredua da borrokak piztea akordio onak lortzeko. Hori da gure helburu nagusia, eta saiatzen gara gutxieneko zoru bat bermatzen sektore guztiarentzat. Hori ikuspegi elektoralista batetik kanpo egiten dugu. Beste sindikatu batzuek, aldiz, ez diote hainbesteko garrantzitarik ematen zoru komun horri, eta hauteskunde kalkuluengatik ordezkaritza duten enpresetako langileentzako onurak bilatzen dituzte. Guk uste dugu langileek sarituko dutela LABek haien lan baldintzak hobetzeko egiten duen lana. Uste dut gutxieneko baldintza batzuk lortu ditugun sektore horietako langileek bestelako babes bat emango digutela.

ELAren eta LABen arteko batasun sindikala hautsi egin da. Eraginik izango al du?

Hori langileek esan beharko dute. Egia da epe trinko honek ELAtik urrunago harrapatzen gaituela, baina baita hartu ditugun beste erabaki batzuen eraginpean ere. Langileriak, hauteskunde hauetan, hiru ereduren artean aukeratu behar du. Batetik, CCOOren eta UGTren sindikalismoa dago, elkarrizketa sozialean oinarritua eta hein handi batean borrokari uko egiten diona. Bestetik, ELAk defendatzen duen eredua dago, guretik urrun; fokua langile klasean jarri beharrean, gehiago jartzen du haien antolakundean. Eta, gero, LABen sindikalismo berria dago, langile klasea bere osotasunean babesten duena. ELAtik urrunago gaude, baina, era berean, langile klaseak argiago izan dezake sindikatu bakoitzak zer eskaintzen duen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.