Xabier Mitxelena. Cybasque-ko presidentea

«Daukagun talentu falta aukera ona da talentua sortzeko»

S21Sec enpresaren sortzaileetako bat da Mitxelena, eta uste du etorkizuneko eta oraineko lanbidea dela zibersegurtasuna. Eta abiarazle izan behar duela euskal ekonomiaren transformazioan.

JON URBE / @FOKU.
Irune Lasa.
Donostia
2020ko urriaren 16a
00:00
Entzun
Cybasque Zibersegurtasuneko Euskal Enpresen Elkarte eratu berriaren presidentea da Mitxelena (Donostia, 1962), eta ez argazkian agertzeko bakarrik, eskarmentu handia baitu sektorearen alde lan egiten eta eragiten. Euskal Herrian Interneteko eta segurtasun digitaleko enpresen sorkuntzan aitzindari ere izan da, adibidez, S21SECen sortzaileetakoa, eta, orain, Iberiarako Accenture Security Lead da. Hogei urte daramatza zibersegurtasunaren munduan, eta oraindik pasioz hitz egiten du sektoreaz.

Oraindik irabazten zaitu mundu honek.

Erabat. Orain segurtasunari heltzeko moduen bigarren edo hirugarren belaunaldian gaude. 1.0 eta 2.0 belaunaldietan modu erreaktiboan jardun gara, jada eraikita zegoen interpretatzen, arazoak ikusten. 3.0.-4.0 belaunaldietan, aldiz, segurtasuna diseinuaren kontzeptutik eraiki nahi dugu; pixka bat Euskadin kalitatearen kontzeptuarekin egin zen moduan. Kalitatean pasatu gara piezak egin eta haiei kalitate kontrola ezartzetik piezak kalitatez ekoiztera. Segurtasunean ere azken puntuan segurtasuna txekeatzea izan da kontua, oraintsu arte. Gainera, mundu guztiak egon nahi zuen Interneten, teknologia berrietan, eta abiada horretan ez ginen konturatzen arriskuei ateak zabaltzen ari ginela. Orain ulertu dugunean ziberdelinkuentzia dela Interneteko garaileetako bat...

Garaileetako bat?

Begiratu, zein izan dira garaileak Interneten? Multinazional handiak, haien azpiegiturekin; plataformak; gizateriaren etorkizuna maneiatu nahi duten gobernu zenbait, eta ziberdelinkuentziaren industria. Azken horiek dira, berrikuntza baliatuz esparru digitalean ekonomiarik onena eraiki dutenak. Gaiztoek 2021. urterako urtean sei bilioi dolar irabaziko dituztela kalkulatu zuen Cybersecurity Venturesek. Alderatu hori herrialde batzuen BPGarekin.

Baina delitu horiek orain gutxi atera dira argitara, ezta? Halako enpresari xantaia egin diotela, norbaiten posta helbidea ordeztu dutela...

Ezagun egin da hedabideek ziberkrimenari oihartzuna eman diozuenean. Lapurreta digitalak aspaldikoak dira, ezagunagoak gizartean, nire uste, Wannacryren ondorioz. Wannacryrena lehen pandemia digitala izan zen. Erasoak zehazki hamar ordu iraun zuen, eta jendeak munduaren akabera zela pentsatu zuen. 1.0 eta 2.0 zibersegurtasunak, gainera, ez zekien nola gelditu erasoa. Jendeak sistema itzali zuen. Orain COVID-arekin bezala.

Zertara dator eratu berri duzuen Cybasque?

Europako kontzeptutik dator. 2015ean Batasunak plan estrategikoa abiatu zuen transformazio digitalerako eta zibersegurtasunerako; elkarlan publiko-pribaturako erakunde bat, ECSO (European Cyber Security Organization) sortu zen, zeinetan euskal enpresa batzuk kide fundatzaileak garen. Eta hainbat ekinbide daude, etorkizuneko Europaren zibersegurtasuna sortzeko: talentua nola sortu, nola eraiki plataforman, nola egin zertifikatzeak... Berandu goaz, nik Jaurlaritzari proposamen bat egin nion 2005ean, baina ez zen atera. Orain, gauzak aldatu dira, eta uste dut Jaurlaritzak pauso bat eman duela aurrera. Zibersegurtasun Euskal Zentroa, eta beste aldetik Ziur sortu dira, eta paraleloan kontzeptu publiko-pribatua behar zen. Hori betetzera dator Cybasque, elkarte bat elkarlanerako puntu izateko, ingurune zibersegurtasunaren garapenerako, baina ez soilik sektore gisa ulertuta, baizik eta baita ekonomiaren abiarazle ere.

Sektore traktore bat izan dadin.

Bat ez. Sektore traktorea! Zibersegurtasunik gabe, ez dago transformazio digitalik. Transformazioa giltzarria da, digitala modua da, eta segurua izatea da abiarazlea.

Lehiakideen arteko elkarlana... Herri honetan, ez dakit ba...

Egia da, sektore atomizatua gara, lehiatzen badakiena baina elkarlanean ez dakiena. Nik uste dutlehenetsi behar dela kolaborazioa, hortik ere lehiakortasuna sortu, ez dugulako asmatu bikaintasuna lortzen, eta oraindik 2.0-n gaudelako. Eta oraindik asko falta dela alorraren profesionalizazi eraginkorrerako.

Talentu beharra asko aipatu duzue Cybasqueren sorreran. Arazo nagusia hori duzue?

Arazoetako bat da. Sektorean errotazio handia dago, talentu lapurreta asko, zentzurik gabekoa, hor ari gara atomizatzen. Uste dut, automatizazioa lagun, artisau eredu batera joan behar dugula, transformatu behar dela saltzeko eta erosteko modua. Egiazko talentuarekin, bezeroa konbentzitu behar dugu pentsatzeko hobeagoa dela talentua kontratatzea, enkantean giza orduak erostea baino, enkante ereduaren emaitza delako bezeroak ez duela irabazten, enpresak ez direla sendotzen, eta talentua ez dela hazten. Eta hori egin behar da administraziotik hasita, erosketa berritzailearen bitartez, ideia onak eta talentua sarituz.

Talentuaz ari garela, krisi latz honetan, zibersegurtasunaren alorrak badu etorkizuna.

Etorkizuneko eta oraineko lanbidea da. Hain zuzen, daukagun talentu falta aukera oso ona da talentua sortzeko. Herri txikia gara, baina zumitzak ditugu: honetan dabiltzan enpresa asko, soslai honetako langileak behar dituzten enpresa asko; zibersegurtasuneko lanbide heziketa dualean aitzindariak gara... Cybasquek bere ekarpena egin behar du hezkuntza aldatzeko, eskaera sortzeko, bai nazioartekotzerako beharrezko tamaina izateko bai berrikuntzarako elkarlana bultzatzeko...

Norbaitek lanbidea aldatu eta birziklatu nahi badu...

Zibersegurtasuna. Eta, gainera, ez da beharrezkoa teknologian aditua izatea, ni ere ez naiz. Baina ikusten dut lanbidea beste sektore guztietan eta maila guztietan gurutzatzen dela. Irteera profesionalik zirraragarriena izan daiteke, eta etorkizunik handienekoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.