ELAk afiliatuen galera eten du azken lau urteetan, eta 100.000tik gora ditu berriz

Duela lau urte baino 2.000 gehiago ditu, eta %46 emakumeak dira. Espainiako Gobernuari entzun nahi dio greba orokorrera deitu aurretik

Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusia, azaroko kongresu nazionalaren aurkezpenean. A. L / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2021eko urriaren 19a
00:00
Entzun
ELA sindikatuak eten egin du 2011ko krisi ekonomikoak eragin zion afiliatu galera, eta hasia da duela hamarkada bateko kopuruetara gerturatzen. Azken lau urteetan beste 2.000 afiliatuk eman dute izena, eta 100.925ekin iritsiko da azaroko XV. kongresura. Krisi ekonomikoak eragindako enplegu galeraren ondorioz, 98.960 afiliaturekin egin zuen 2017ko batzarra, baina dagoeneko eten du joera hori, eta 100.000 afiliatuen langa igaro du berriz. Dena den, oraindik urrun du 2008ko kopurua: 109.318 afiliatu zituen orduan; eta 2012kotik behera dago: 105.312 afiliatu.

ELAk kongresu bakoitzaren aurretik egiten duen gardentasun ariketan eman du datuen berri. Ohitura denez, afiliatu zerrendak hainbat kazetariren esku uzten ditu, besteak beste, guztiek kuota ordaintzen dutela egiazta dezaten. Afiliazio estatistikak beste datu esanguratsu batzuk utzi ditu: esaterako, egun ELAko afiliatuen %46 emakumeak dira, duela lau urte baino hiru puntu gehiago, eta 39 urtetik beherakoen artean %50ekoa da ehunekoa.

Diru kontuen berri ere eman du ELAk, eta, haren datuen arabera, finantzaketaren %93 «iturri propioetatik» jasotzen du. Kopuru hori duela lau urteko bera da. Mitxel Lakuntza idazkari nagusiak nabarmendu du afiliatuen konpromiso pertsonalari esker lorturiko autofinantzaketa maila dela, eta horrek ematen diola indarra sindikatuari, «autonomia» bermatzen diolako.

ELAren borrokarako erreminta eraginkorrenetako bat erresistentzia kutxa izenekoa da, greban dauden langileek borrokari eusteko jasotzen duten kalte ordaina, alegia. Sindikatuak azaldu duenez, grebalariek 1.163 euroko kalte ordaina jasotzen dute hilean, eta afiliatu kuota guztien %25 erabiltzen du funts hori elikatzeko. Afiliatu bakoitzak 22,62 euroko kuota ordaintzen du hilero. Azken lau urteetan ELAk 104 milioi euroko sarrerak izan ditu, eta 87,8 milioi gastatu ditu. Horietatik, hamasei erresistentzia kutxan sartu ditu.

Greba, «eragiteko»

Lanuzteekin jarraituz, eta bili-bolo dabilen greba orokor baterako deialdi posiblearen harira, Lakuntzak onartu du bere ustez ELAk eta LABek ez dutela modu berean planteatu: «Guk aktibazio sozialerako erreminta indartsu gisa erabili nahi dugu, politika jakin batzuen gainean eragiteko». ELAko idazkari nagusiaren iritziko, lehenbizi Espainiako Gobernuak lan eta pentsioen erreformarako dituen proposamenak aztertu behar dira, eta, ondoren, beharrezkoa bada, grebara deitu.

Alde horretatik, Lakuntzak greba orokorrera deitu edo ez baldintza dezaketen bi erabaki izendatu ditu: batetik, lan hitzarmenen estatalizazioa legoke, sektore mailakoen gainetik ezarriz, eta, bestetik, kaleratze kolektiboen egungo egoera, enpresei erregulazioak egitea baimentzeko baldintzak, eta haien tramitazioa. «Zer eta nola idazten duten ikusi behar dugu lehenbizi, eta gero egin deialdia», laburbildu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.