Maddi Torre Larrañaga. Realeko jokalaria

«Maiz jokatzeko beharra daukat»

Realak fitxatutako bost jokalarietako bat da Maddi Torre erdiko atzelaria. Donostian jaioa izanagatik, etxetik at egin du ibilbide osoa, Getxoko Bizkerren, Athleticen, Santa Teresan eta Betisen. «Sekulako» ilusioa du.

GORKA RUBIO / FOKU.
Julen Etxeberria.
2018ko abuztuaren 17a
00:00
Entzun
Etxetik datorkio Maddi Torre Larrañagari kirolarekiko zaletasuna (Donostia, 1996). Jon Torre puntako palista izandakoa du aita, eta Amaia Larrañaga puntako igerilari izandakoa ama. Berari, ordea, baloia gustatu izan zaio beti. Futbolean jokatu ez ezik, gustuko dufutbola irakastea ere. Horregatik atera zuen entrenatzaile titulua. Pasio du futbola, baina ez ogibide, ez orain, ezta ziurrenik etorkizunean ere. Horregatik, eta Espainiako Lehen Mailako futbolari gehienak bezala, ikasten ari da, medikuntza. «Hirugarren mailan nago. Nire helburua da futbola uzten dudanean mediku gisa lan egiteko aukera izatea».

«Txikitatik Realzalea. Jaiotzetik donostiarra. Goazen Real!». Txio hori idatzi zenuen Realak aurkeztu zintuenean. Argi dago oso pozik zaudela Realera iritsita.

Ilusioz gainezka nago. Donostiarra naiz, familia erdia hemengoa dut, eta beti izan dut atxikimendu handia Realarekiko.

Bazenuen itxaropenik?

Esperantza txiki bat banuen, eta Garbiñek [Garbiñe Etxeberria Realeko emakumezkoen taldeko kirol zuzendaria] deitu ninduenean sekulako poza hartu nuen.

Bitxia da zure ibilbidea, Donostian jaio arren, inoiz ez baituzu Gipuzkoako talde batean jokatu. Azalpenik badu horrek?

Gurasoak Gasteizen bizi izan ziren garai batean, ama gorputz heziketa ari zelako ikasten. Gasteizen geratu zen nitaz haurdun, baina ama donostiarra izanik, ni ere Donostian jaiotzea nahi zuen. Donostiara etorri ziren, ni jaio nintzen, eta astebetera Gasteizen ginen. Ez genuen asko iraun. Aita bilbotarra denez, hara joan ginen. Azkenean, Sopelan amaitu genuen. Han bizi izan naiz duela bi urte arte.

15 urterekin, jada Athleticen ari zinen.

Lau denboraldi egin nituen Athleticen bigarren taldean, baina iritsi zen une bat non aldaketa baten beharra sentitu nuen. Ez nuen batere gozatzen. Partida guztiak irabazten genituen, gehienak aurkariari astinduak emanda. Erabaki nuen ez nuela gehiago egon nahi bigarren taldean. Lehen taldean jokatu nahi nuen, Lehen Mailan. Prest nengoen hori lortzeko taldea uzteko. Kluba eta biok ez ginen ados jarri, eta kontratua eten genuen. Astebetera, ordea, berriz elkartu ginen, eta tarteko akordio batera iritsi ginen: lehen taldearekin entrenatuko nintzen beti, eta,nagusiekin jokatzeko aukerarik ez nuenean, bigarren taldean ariko nintzen. Urrian egin zuen estreinakoa, eta abenduan jada lehen taldeko kide egin ninduten.

Ondo aukeratu zenuen. Taldeak liga irabazi zuen sasoi horretan.

Zorte handia izan nuen, iritsi eta txapeldun izan ginelako. Oso ondo lehiatu ginen sasoi horretan.

Zuk, hala ere, ez zenuen asko jokatu, hamahiru partida bakarrik.

Gutxi jokatu nuen, eta sasoia amaitutakoan klubak esan zidan ez nuela tokirik izango. Eskaintzak jaso nituen, eta Badajozera joatea erabaki nuen, Santa Teresara.

Zer-nolako esperientzia izan zen Santa Teresakoa?

Ederra izan zen. Oso klub ezberdina zen: txikia, etxekoa... Lehen aldiz bizi izan nintzen etxetik kanpo, nire kasa, gurasorik gabe. Gozatu egin nuen. Taldea, gainera, oso ondo aritu zen. Bederatzigarren postuan sailkatu ginen.

Etxetik are urrunago joan zinen gero, Sevillara, Betisera.

Athletic utzi nuenean Betisekin hitz egin nuen, baina hango ordezkariek esan zidaten taldea osatuta zutela. Jarraituko nindutela agindu zidaten. Zorionez, nirekin gogoratu ziren urtebete geroago. Gerora, ordea, ez nuen asko jokatu. Horregatik utzi nuen.

«Atzelari indartsu» moduan definitu zintuen Realak zure fitxaketaren berri eman zuenean. Halakoa zara?

Santa Teresan jokatzea mugarri izan da nire estiloan. Han, oso zehatza zen gure egitekoa: golik ez jasotzea eta geldikako jokaldiren batean gola sartzea. Niretzat, funtsezkoa da gol bakar bat ere ez jasotzea, hori eginda, ez duzulako inoiz galduko. Baloia atzetik ondo ateratzen dut, txukun moldatzen naiz bi oinekin... horiek dira nire dohainak.

Eta non duzu gehien hobetzeko?

Indarra falta zait. Badakit alor hori landu behar dudala, ligako jokalariak gero eta indartsuagoak direlako.

Zer eskatu dizu Gonzalo Arkonadak?

Atzelari guztiei esan digu gauza bera: atea ondo zaintzea, atzean hutsik ez egitea.

Ondo ari zara egokitzen?

Oso ondo. Zorionez, taldekide ia guztiak ezagutzen nituen, eta horrek asko erraztu dit egokitzapena. Euskal jokalariekin, adibidez, euskal selekzioan aritutakoa naiz, eta kataluniarrekin, Nuria Mendoza eta Paula Solvedillarekin, Espainiako selekzioan.

Bizileku berrira ere azkar egokituko zinen, ezta?

Horretara berehala egokitu naiz [barrez]. Zenbait taldekide elkarrekin bizi gara, Antiguan. Oso gustura nago.

Zein da helburua?

Urtero bezala, ahalik eta partida gehien irabaztea. Bartzelonak duen helburu bera dugu: ahalik eta partida gehien irabaztea.

Komeni, iaz ez bezala, ondo hastea.

Granadilla, Malaga eta Logroñoren aurka jokatuko dugu lehen hiru partidetan. Ondo legoke Granadillaren zelaian punturen bat lortzea eta Malagari eta Logroñori irabaztea. Azken biak igo berriak dira, eta sasoi hasiera izan ohi da unerik aproposena haien aurka aritzeko.

Zure helburua, berriz, ahalik eta gehien jokatzea izango da, ezta?

Hala da. Maiz jokatzeko beharra daukat.

Zer-nolako itxura hartzen diozu ligari?

Aurrekoa baino askoz gogorragoa izango da. Munduko jokalaririkonenak hasi dira etortzen ligara, eta horrek garrantzia ematen dio txapelketari. Ea horrek gero eta ikusgarriagoa eta erakargarriagoa egiten duen emakumeen futbola.

Horretan lagunduko du ere gaur eta etzi Donostian jokatuko duzuen nazioarteko torneoak. Paris Saint-Germain indartsua izango duzue aurkari gaur.

Ilusio handia egiten digu partida hori jokatzeak, PSG Europako talderik onenetako delako. Ni, adibidez, ez naiz inoiz halako talde handi baten aurka aritu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.