Ariel Guarco. Nazioarteko Kooperatiba Aliantzako burua

«Lan eskubideen zaindari izan behar dira kooperatibak»

Guarcoren arabera, kooperatibismoak erronka ugariri egin beharko die aurre datozen urteetan: gizartearen zaharkitzeari, krisi energetikoari eta digitalizazioari, besteak beste.

GORKA RUBIO / @FOKU.
jokin sagarzazu
Donostia
2021eko urriaren 7a
00:00
Entzun
Euskal Herrian lehen aldiz duela hamar urte inguru egon zen, Mondragon korporazioaren funtzionamendua ezagutzen. Ariel Guarco (Coronel Pringles, Argentina, 1968) ICA Nazioarteko Kooperatiba Aliantzako presidentea da orain. Denon Artean saria jaso zuen atzo, Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluaren eskutik, eta asteartean Iñigo Urkullu eta Maria Txibite lehendakariekin bildu zen. 1895ean sortu zen ICA, eta gaur egun hiru milioi kooperatiba eta mila milioi langile ordezkatzen ditu.

Zer indargune eta ahulezia ikusi dituzu Euskal Herrira eginiko bisitan?

Pandemiak eragindako krisi honetan, euskal kooperatibismoak, eta bereziki Mondragon taldeak, biztanleriak zuen eskaera garrantzitsuenetako bati erantzun dio: lanpostuei eutsi die, eta hori egin dukapitala eta pertsonak taldearen barruan mugituz. NBEko idazkari nagusiak berak aipatu berri du Mondragonen erantzuna eta Euskal Herriko ekosistema kooperatiboa, haren lege eta arauekin.

Egungo krisiak ez al dio eragin zuk diozun ekosistema horri?

Ez, alderantziz: gure artean eta gure komunitatearekin dugun hurbiltasunak balio izan digu erantzun azkarragoak eta zuzenagoak emateko, eta horrek balio izan du mundu osoko agintariek ikus gaitzaten krisi egoerei aurre egiteko tresna eraginkor moduan. Frantzisko aita santuak, NBEk, OITk, FAOk... adierazi dute krisitik irteteko modua kooperazioa dela, ekosistema kooperatibo gehiago sortuz, indibidualismoak eta egoismoak ez gaituela aterako.

Kooperatibismo mota asko daude. Hemengoak izaera industriala du bereziki, eta nazioartekotzeko joera. Ez al da hori krisi honek gehien jo duen esparrua?

Konparatiboki, baliteke. Baina euskal kooperatibismoak zehazki aldaketetara egokitzeko gaitasun handia erakutsi du. Beti izan du mugak gainditzeko joera, ez soilik geografikoak; ezagutzaren mugak gainditzeaz ari naiz, berritzaileak izateaz. Haiek izan ziren aurrenekoak arnasgailuak eta maskarak egitera pasatzen. Oso bizkor egokitu ziren, sektoreko enpresa asko baino azkarrago. Krisiak eragin diela? Noski. Baina ziur nago indartuago aterako direla.

Halako krisiak etor daitekeenaren atariko moduko bat izaten dira. Digitalizazioarena, esaterako. Lan egiteko modu eta enplegu mota berriak sortzen ari dira, plataforma digitalei lotuak. Hor zer leku du kooperatibismoak?

Lehena, zalantzarik gabe, pertsonen lan eskubideen zaindaria izatearena. Lan mota berri horiek prekarizazioa handitzen ari dira, eta oso azkar. XXI.mendeko lanpostuak sortzen ari gara, baina XIX. mendeko eskubideekin. Etxetik lan egitean testuinguru aproposa sortzen da legeak lurruntzeko. Kooperatiben muina pertsonak dira, eta horregatik zaindu behar ditugu, hori ez gertatzeko. Digitalizazioaren olatuari heldu behar diogu, plataforma digitalak-eta sortuz, baina gure baloreekin.

Zuk eta zure familiak lotura estua duzue argindar kooperatibekin.Uste duzu energiaren alorrean egun dagoen arazorako irtenbidearen parte izan daitezkeela?

Materia energetikoa desoberanizatuta eta kontzentratuta dago. Guk uste dugu energia sortzeko prozesua banatu behar dela. Bizilagunen komunitateek eurentzako energia sortzeko bidea eman behar da. Baina ez kontsumo indibidualaren ikuspegitik: komunitateek distribuzioan ere jarri behar dute arreta, kontsumo maila batzuk ezarri behar dituzte, horrek ingurumenean-eta dituen ondorioak kontuan hartuz. Ikusten ari gara egungo ereduak energia sortzeko modua alda dezakeela, baina ez duela sistema demokratizatuko.

Argentinatik zer ikas daiteke?

Eredu egokiak nonahi daude. Gure kasuan, herrialdeko energia guztiaren %20 sortzen dugu: guk erabakitzen dugu nola eta zenbat, eta soberakinekin zer egin. Horiekin gai izan gara hirietako eta landa guneetako komunitate txiki batzuen beharrak asetzeko. Frantzian, adibidez, haize errotak erosten dituzten komunitateak daude, edota kontsumo kooperatibak sortzen dituztenak; Erdialdeko Amerikan, ibaietako zentral hidroelektriko txikiak baliatzen dituztenak. Kooperatibismoa oso tresna baliagarria da energiaren sektorean, lotura estua duelako bere komunitatearekin eta bere beharrekin.

Uste duzu Euskal Herrian gehiago landu beharko litzatekeela esparruren bat?

Zaintza lanena, adibidez. Hor erronka handia du kooperatibismoak, Euskal Herrian eta mundu osoan. Gure ustez, ezinbestekoa da administrazioek lege eta araudien ekosistema egoki bat sortzea horretarako. Bi aukera ditugu: gure zaharrak kapitalismo basatiaren esku uztea, edo gure kargu hartzea. Egitasmo kooperatibo ugarirentzako tokia dago hor: bizitoki komunalak, zerbitzu enpresak...

Egun sustatzen den ekintzailetza eredua kooperatibismoarekin bat datorrela uste duzu?

Bi hilabete barru Seulen [Hego Korea] egingo dugun munduko batzarrean gure identitateari buruz eztabaidatuko dugu. Gure balioak eta printzipioak ezin dute izan atzera eramaten gaituzten motxila bat, eta berrikusi egin behar dira. Erabat konbentzituta nago gainbalio bat daukagula: ekonomia erreala egiten dugu, ez espekulatiboa. Halaber, ekonomialari gisa, ziur nago enpresa errentagarriak sortzen direla.

«Berrikusi», diozu. Desideologizatzen ari al da gaur egungo kooperatibismoa?

Ez, balioak ez direlako aldatzen; printzipioak, bai. Printzipioak praktikak dira. ACIren historian hirutan berrikusi ditugu. Mundu aldakor batean ezinbestekoa da gure balioak egokitzea. Duela ehun urte, aitzurrarekin lantzen zen lurra; egun, makinekin, digitalizazioa aipatu dugu lehen.

Ekonomia globalean, kooperatiben dimentsioa faktore garrantzitsua da merkatuan lehiatzeko eta hornidura gaitasuna izateko. Tamainak ez du kooperatiba printzipioekin koherentea den kudeaketa zailtzen eta kooperatibisten identitatea ahultzen?

Ez, oinarri kooperatibo sendo bat baldin badute eta agintariak ez badira identitate kooperatibotik aldentzen. Erakutsi dugu eredu eraginkorra dela enpresa txikietan zein handietan.

Baina ez da ohikoa?

Uste dena baino gutxiago. Badaude organizazio batzuk eredu kooperatiboa utzi eta porrot egin zutenak, beste liga batzuetan jokatzeko gai zirela uste zutelako. Baina kooperatibak daude munduko banku indartsuenen artean, aseguruen sektorean, industria taldeetan... Asiako hego-ekialdeko lehen sektoreko enpresa handienak, adibidez, kooperatibak dira. Mamutak ehizatzeko sortu zen kooperatibismoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.