Marta Barabino. Mediterranean Hope-ko kidea

«Itsasoan hiltzen direnak dira larrialdia, ez bizirik iristen direnak»

Ekintzailearen esanetan, «bisa politika bidegabeen biktima» izaten jarraitzen dute oraindik ere joan-etorriak libre eta seguru egiteko eskubidea behar luketen milaka pertsonak.

MARCO SANTOPADRE.
Marco Santopadre
Cagliari
2023ko otsailaren 4a
00:00
Entzun
Lampedusa 6.000 biztanle baino ez dituen uhartetxo bat da, Tunisiatik gertuago dagoena Siziliatik baino. Hura izan dute lehorreratzeko lehenbiziko jomuga, urteetan, Mediterraneoa gurutzatuz Europara etorkizun baten bila datozen immigranteek. MH Mediterranean Hope-k egiten die harrera, Eliza Ebanjelikoen Federazioak iheslari eta migranteentzat daukan programak. 2014an sortu zuten egitasmo hori, 2013ko urriaren 3an ontzi bat lazgarriro hondoratu eta 368 lagun hil ondoren. MHko gizarte langile Marta Barabinok gertutik ezagutzen du egoera.

Zertan aritzen zarete Lampedusan?

Lampedusan, ontziak lehorreratzen direnean, hor egoten dira Migrazioen Behatokiko operadoreak, gizarte zibilaren ordezkari gisa jendeari harrera egiteko, Lampedusa Solidarioa foroarekin batera, eta gertatzen denaren lekuko izateko. Larrialdia ez dira bizirik iristen direnak, baizik itsasoan eta Libiako kontzentrazio esparruetan hiltzen direnak; hona iristen diren batzuek bi urte ere eman izan dituzte halako esparruetan.

Nola iristen dira immigranteak Lampedusara?

Bi bidetatik iristen dira: bata Libiako bidea da, eta bestea, Tunisiakoa. Libiako bidetik etortzen diren ontziak handiagoak dira, hirurogei lagun ingurukoak batez beste, eta gehienak gizonak izaten dira; Tunisiako bidetik, berriz, maizago etortzen dira hamar metroko ontziak, zurezkoak, 25 bat lagun garraiatzen dituztenak, eta, halakoetan, gero eta sarriago etortzen dira familiak eta bakarrik dauden adingabeak, 10 eta 17 urte bitartekoak. Jendea egoera kritikoan iritsi ohi da: udan, deshidratatu egiten dira hainbat, eta kordea ere galtzen dute askok; neguan, berriz, ez da arraroa jendea hipotermiak jota iristea. Sarna, tuberkulosia eta halako patologiak oso ohikoak izaten dira, eta, tamalez, baita torturen eta kolpeen seinaleak, orbainak, hautsi eta berriz osatu diren hezurrak, eta azal erreak ere.

Zer-nolako jendea iristen da Lamedusara? Eta zer herrialdetatik batez ere?

Batez ere gizon helduak iristen dira, baina, gero eta gehiago, baita bakarrik dauden adingabeak, familiak, bakarrik dauden emakumeak edo haur txikiak dituztenak ere. Jatorria, berriz, Saharaz hegoaldeko Afrikako mendebaldeko estatuak izaten dira, Afrikako Adarrekoak, Magrebekoak. Gero eta gehiago iristen dira Bangladeshtik eta Pakistandik ere. 2021ean, 33.000 lagun iritsi ziren uhartera, eta uztailean iritsi ziren gehien: 6.000.

Zer gertatzen zaie iheslariei uhartera iritsi ondoren?

Ontzitik jaitsita, hotspot delakora eramaten dituzte, lehen identifikazio zentrora; han, COVID proba egiten diete, identifikatu egiten dituzte, eta argazkia atera. Iazko maiatzera arte, berrogeialdiko ontzietara eramaten zituzten, hamar egunez bakarturik egon zitezen, baina orain jada ez. Horren ondorioz, gero eta jende gehiago egoten da pilatuta; zentroan 250 lagunentzako lekua dago gehienez, baina normalean mila ere sartzen dituzte, horrek dakartzan arazoekin. Uztailean, 2.000 iheslari ere izan ziren han, eta egoera benetan larria izan zen.

Zer harreman dago migratzaileen eta uharteko biztanleen artean? Eta biztanleen eta boluntarioen artean?

2020ko apirilean indarrean sartutako arau berrien ondorioz, migratzaileek eta uharteko biztanleek ez dute ia harremanik izaten. COVIDaren aurretik, sarriago izaten zuten tratua; herritar askok zenbait ekitalditan ere ezagutzen zituzten igaroan zihoazen pertsonak. Mediterranean Hoperen bulegoak Internet gune gisa funtzionatzen zuen: han, jendea harremanetan jar zitekeen senideekin, edo lege laguntza eska zezakeen asilo eskaera egiteko. Biztanleen eta Mediterranean Hopeko operadoreen artean kooperazio harremana dago, nahiz eta COVIDak zaildu egin duen tratua izatea.

Nola bizi dira iheslariak Lampedusan? Nola aldatu dira gauzak azken urteetan?

Errefuxiatuek egun batzuk baino ez dituzte ematen uhartean, bakartuak izan baino lehen. Hotspot deiturikoan ixten dituzte, hesiturik eta militarren patruilapean, ezin irten. Lan handiko garaietan, zentroa gainezka egoten da, eta, beraz, askok aire zabalean lo egin behar izaten dute, babesleku inprobisatuetan; udazkenean, haizearen eta euriaren mende geratzen dira hainbat, baita gauez ere. Lehen, modua izaten zen hotspot-ean sartu-irtenak egiteko, baina, gaur egun, ez da posible.

Gobernu baten eta bestearen erabakien jokalekua izan da beti Lampedusa. Azken lau urteetan, gero eta jende gehiago heldu da hona, baina, aldi berean, instituzioek ere bestelako jarrera bat hartu dute itsasoan jendea bilatzen eta salbatzen jarduten duten gobernuz kanpoko erakundeekin. Milaka pertsonak oraindik ere beharra dute joan-etorriak libre eta seguru egiteko, baina hori ukatu egiten zaie bisa politika bidegabeen eraginez itsasora jo behar izaten duten horiei guztiei.

Gainera, oro har, COVIDa dela-eta, jendeak orain beldur handiagoa die itsasoan barna iristen direnei; ez dio halako beldurrik izaten, ordea, udan modu masiboan iristen den turista andanari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.