Gregory Patat. Baiona errugbi taldeko entrenatzailea

«Klubaren eta euskal errugbiaren DNAri eutsi nahi diogu»

Azken hamarkadan lau aldiz mailaz jaitsi ostean, Baionaren helburu nagusia Top14an egonkortzea da. Gregory Patatek uste du «lagungarri» izango zaiela amaitzear diren trebakuntza zentroa.

BOD EDME.
Iñaki Berastegi.
Baiona
2022ko abuztuaren 31
00:00
Entzun
Bi hilabeteko denboraldiaurrea osatu du Baionak, larunbatean Toulonen zelaian Top14 liga abiatu aurretik (17:00). Igoera lortu gabe zela, iazko azaroan, taldea uzteko erabakia hartu zuen Yannick Bru entrenatzaileak. Lapurdiko taldeak berehala lotu zuen ordezkoa: Gregory Patat (Auch, Frantzia, 1975). Perpinyan eta Arroxelan aurrelarien entrenatzaile izan eta gero, lehen aldia du Top14 ligan entrenatzaile nagusi gisa. Bi denboraldirako sinatu du.

Uztailaren 6an abiatu zenuten denboraldiaurrea. Gustura zaude egin duzuen prestaketarekin?

Ikusita zenbat aldaketa egin diren taldean, denboraldiaurrea ondo joan da: hemezortzi jokalari berri, entrenatzaile talde berria eta jokatzeko beste modu bat. Aldaketa asko dira. Joko sistema lantzeari eskaini diogu denbora gehien, hala behar genuelako, eta egindako lan guztiak fruitua eman du, Colomiersen [33-12] eta Bordeleren [25-10] aurkako lagunartekoetan lortutako garaipenetan ikusi den bezala. Orri zuri batean idaztearen parekoa izan da.

Bordeleren gisako talde indartsu bati irabaztea beti da albiste ona, ezta?

Bai, noski. Taldearen batasunerako garrantzitsua izan da, talde teknikoak eta jokalariek oraindik ez baitugu elkar hain ondo ezagutzen. Partida jokatu osteko lehen entrenamenduan ondo egindako gauzen berri eman genien jokalariei, eta hobetzeko ditugun gauzak zein diren jakiteko ere balio izan zigun. Dena den, lagunarteko bat dela ulertu behar da.

Zer zailtasun izan dituzue denboraldiaurrean?

Zailenak, agian, lehen asteak izan ziren. Informazio berri asko eman behar diezu jokalariei, taldearen oinarriak zeintzuk diren argi geratu behar da, eta hori ongi barneratzea kosta egiten da. Orain, azken aste hauetan, xehetasunak landu ditugu, eta egin dugun lan guztiari jarraitutasuna ematen ahalegindu gara. Jokoaren arlo batzuk gehiago lantzeko beharra dugu oraindik ere, baina guretzat funtsezkoak diren hainbat gauza jada lagunarteko partidetan ikusi ditugu; azaleratu egin ditugu. Toulonen aurka jokatzeko prest gaude.

Joan den urteko azaroan jakinarazi zuen klubak zu izango zinela denboraldi berrirako entrenatzailea. Aurrerapen handiarekin sinatu izanak lagundu zizun taldea osatzeko orduan?

Abantaila izan zen, bai. Lehen fasean, maila edozein zela ere Baionara etorri nahi zuten jokalariak fitxatu genituen. Taldeak bezala, gorengo mailan tokia egin eta egonkortu nahi duten jokalariak dira. Ondoren, taldea Top14ra igo zenean, soilik maila horretan jokatzeko interesa zuten jokalariek sinatu zuten. Bigarren fase hori ez zen erraza izan, kanporaketak amaitu zirenerako ekaina baitzen, eta ordurako jokalarien merkatua oso urria izaten baita.

Yannick Bru entrenatzaile ohiak azken lau denboraldietan egin duen lana baliagarria izango zaizu?

Bai, jokoaren arlo batzuetan Baiona oso ondo moldatu baita azken sasoietan. Indargune horiek mantendu eta hobetzea da gure asmoa. Dena den, Yannickek bere jokatzeko modua eta sistema dauka, eta nik nirea. Klubaren izaerari eta euskal errugbiaren DNAri eutsi nahi diogu, hemengo jokalariek hori ongi egiten dakite eta. Jokatzeko modua zertxobait aldatuko bada ere, garrantzitsua da klubaren izaera eta historia mantentzea, harrobiko jokalariek jokatzeko duten moduari eutsiz.

Helburua Top14an egonkortzea dela jakinda, zeintzuk izango dira mailari eusteko borrokan izango dituzuen aurkari zuzenak?

Zaila da hori aurreikustea. Txapelketa aurrera joan ahala jakingo dugu hori. Guretzat garrantzitsuena da Top14an jokatzeko beharrezkoa den maila horretara lehenbailehen egokitzea, eta horri denboraldi osoan segida ematea. Miarritzek iaz ondo hasi zuen denboraldia, puntu garrantzitsuak eskuratuz, baina ez zen gai izan bolada on horri luzaroan segida emateko.

Toulonen aurka jokatuko duzue larunbatean. Aurkari zaila da liga hasteko?

Denboraldia ondo bukatu zuten, eta bolada on horri segida eman nahiko diote. Gure aldetik, lehen helburua da Top14ko taldea garela frogatzea. Hori da galdera nagusia, eta erantzuna baiezkoa dela frogatzen ahaleginduko gara.

Espero da urte amaierarako amaituta egotea Jean Dauger ondoan eraikitzen ari diren trebakuntza zentroa. Lehen taldearentzat eta klubarentzat pauso garrantzitsua da. Lana erraztuko dizue azpiegitura berriak?

Eguneroko lanean asko lagunduko digu. Izan ere, gaur egun, gauza bat hemen egin behar dugu, eta bestea han. Dena toki berean egiteak denbora gutxiago galtzea ekarriko du. Era berean, erakusten du kluba hazten ari dela, eta garapen horri garrantzia eman nahi zaiola formakuntza zentroarekin.Top14an egonkortzeko lagungarria izango da.

Zure lehen aldia izango da Top14ko talde baten entrenatzaile nagusi gisa. Erronka eta aukera handia da?

ProD2 mailan Auch taldeko entrenatzaile nagusia izatearen esperientzia badaukat. Badakit Baionako entrenatzaile nagusia izatea erantzukizun handia dela, baina ni oso lehiakorra nahiz, eta berdin dio zer kargutan nagoen: nire helburu bakarra irabaztea da. Hori ez da karguaren arabera aldatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.