Julen del Rio. Eraman Jai Alaiko puntista

«Orain hobeto jokatzen dut»

Atzelari gasteiztarrak Gernikako Grand Slama irabazi berri du, Aritz Erkiagarekin. Argi dauka: «Aurrerapauso bat» eman du. Baina gehiago nahi du: «Ikasten eta hobetzen» jarraitu asmo du.

JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Julen Etxeberria.
2023ko abuztuaren 17a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Julen del Riok (Gasteiz, 1996) ia ez du izan denborarik Gernika-Lumon (Bizkaia) irabazitako txapela ospatzeko. «Batetik bestera nabil jokatzen: Miarritzen, Hondarribian, eta laster, Lekeition». Horregatik, «osasuna» eskatu du.

Egun batzuk pasatu dira Gernikako Grand Slama irabazi zenuenetik. Pozik zaude oraindik?

Bai, baina egunerokoak ez du etenik. Irabaztean, asko poztu nintzen, baina aurrera begira nago jada.

Aritz Erkiagak eta zuk nagusitasunez irabazi zenieten Johan Sorozabali eta Unai Lekerikabeaskoari: 15-9 eta 15-10. Espero zenuten halakorik?

Hasieran, Zabala zen jokatzekoa, baina min hartu zuen bezperan. Taktika aldatu behar izan genuen. Oso argi genuen zer egin: nik, Johani pilota kendu, errebesarekin asmatu, eta eskuinarekin seguru aritu, horren erasokor jokatu gabe; Aritzek, berriz, tantoa amaitu behar zuen. Primeran atera zen.

Nola aritu zinen?

Jokamoldea aldatu nuen, defentsan seguruago jarduteko. Behin baino gehiagotan egin behar izan dut udan. Partida asko jokatzen ditut, eta ezin naiz beti eskuinarekin bete-betean aritu. Halere, oso gustura aritu nintzen; aurrelaririk onena nuen bikotekide.

Zer-nolakoa da Erkiagarekin jokatzea?

Plazera. Konfiantza handia eman dit, eta hori oso garrantzitsua izan da niretzat. Grand Slameko lehen partidan jokatu genuen aurrenekoz elkarrekin, eta galdu egin genuen, baina, gero, sarri aritu gara elkarrekin, gero eta hobeto. Bikote ona egin dugu. Zorionez, berriz arituko gara elkarrekin Lekeition.

Diozunez, «plazera» da harekin jokatzea. Baina aldi berean presioa eragiten du?

Bai. Nik nahiago dut faboritoa ez izan, baina Aritzekin... Pozgarria da harekin arituko zarela jakitea, baina, partidan, gauzak ondo irten ezean, zeure burua estu hartzen hasten zara. Baina Aritzek etengabe animatu nau, eta horrek presioa ondo eramaten lagundu dit.

Zure ibilbideko egunik politena izan zen?

Politenetakoa bai, eta garaipenik handienetakoa ere bai. Nik badakit zein den nire tokia, eta zer egin behar dudan: lanean gogor segitu, lorpen handiagoak eskuratzeko.

Zeinekin gogoratu zinen?

Familiarekin eta lagunekin. Adibidez, aitak kilometro pila bat egiten du autoan nirekin azken hilabeteetan.

Indarra eman dizu halako txapelketa bat irabazteak?

Bai, eta konfiantza handia neure buruarengan. Aurrerapauso bat eman dut. Orain, gai naiz beste jokamolde bat izateko. Lehen, erasokor jokatzen nuen beti: berehala egin nahi nuen tantoa, pilota eskuinez indartsu joz eta arriskatuz. Baina ezin nuen jarraitu horrela jokatzen: batetik, min hartuko nuelako; eta, bestetik, kantxan salduta geratzen nintzelako. Orain, hobeto ari naiz defentsan. Errebesa ere aldatu dut, eta tanto landuagoak joka ditzaket. Pazientzia handiagoa dut. Finean, hobeto jokatzen dut. Errebesa hobetu dezaket, baita ezker paretako jokoa ere. Baina ari naiz. Argi dut asko dudala hobetzeko, eta lanean segitu behar dudala.

Orain, onenekin aritzeko gai ikusten duzu zeure burua?

Gertuago ikusten dut. Baina alde handia dago afizionatuetatik profesionaletara. Afizionatuetan, pilota ondo jotzen baduzu, tantoa egiten duzu, ia ziur; profesionaletan, ordea, pilota oso ona botatzen duzu, eta itzuli bakarrik ez, tantoa egiten dizute. Erritmoari eustea da zailena. Ni pixkanaka ari naiz eusten, baina Lopez, Aritz, Goiko... horiek beste maila batean daude. Baina denentzat dago tokia. Burugogorra izan behar da tokia lortzeko, eta ni banaiz. Horretarako, dena eman behar da beti, eta zentzuz jokatu. Hori egiten baduzu, enpresa pozik egongo da.

Zurekin pozik egongo da. Gernikan irabazi aurretik, finala jokatu zenuen Donostian, Lekerika ordezkatuta; eta gero, Mexikoko Nazioarteko Torneoa irabazi zenuen. Uda polita daramazu.

Oso pozik nago. Bi torneo nituen begiz joak: Mexikokoa eta Gernikakoa. Eta biak irabazi ditut. Mexikokoak ere ilusio handia piztu zidan, han egin bainuen debuta, eta lagunak baititut han. Iparraldean ere jokatzen ari naiz uda hasi zenetik. Oso gustura ari naiz. Partida asko dira, karga handia, baina asko ikasten ari naiz, eta dena oso ondo doa: fresko nago, sasoiz eta buruz. Ea eusten diodan.

Hiru puntistak lesio larriak izan berri dituzte: Xabi Barandikak, Jean Olharanek eta Jon Zabalak. Zorte txarra izan da, ala baliteke horrenbeste jokatzearen ondorioa izatea?

Zenbat eta gehiagotan jokatu, orduan eta aukera gehiago dago min hartzeko. Baina, nire ustez, zorte txarra izan da. Animo pila bat bidali nahi diet hirurei.

Zuk ez duzu min hartu oraingoz. Neurriak hartzen dituzu?

Bai, noski. Adibidez, Donibane Lohizunetik bueltan, goizeko ordu bietan, izotza jartzen nuen berehala, gorputz osoan. Ez da erraza eguneroko hori eramatea. Gainera, ondo kudeatu behar dira partidak: ezin zara aritu une oro bete-betean.

Pixkanaka, tokia egiten ari zara. Egun, Winter Series da txapelketarik ospetsuena, eta jokatu egin zenuen azkeneko ekitaldia. Nolakoa izan zen esperientzia?

Oso polita. Johanek eta biok jokatu genuen elkarrekin, eta, finalerdietan sartu ez baginen ere, oso ondo aritu ginen, oso gustura; hainbesteraino, ezen txapelketa bukatu zenean ziur baikinen egin genuen lanak saria izango zuela. Eta izan du: torneo gehiago jokatzen ari gara. Argi dago: ondo arituta, gauza politak lortzen dira.

Esperantza duzu Winter Seriesen hurrengo aldia jokatzeko?

Bai; toki aproposean nago horretarako: Eraman Jai Alai enpresan. Oso gustura nago.

Zesta-puntan aritzeaz gain, ikasi egiten duzu —Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Gradua—, eta irakasle zara Gasteizko Zesta-punta Eskolan. Moldatzen zara dena egiteko?

Kostata, baina jokatzeaz gain, beste gauza batzuk ere egin nahi ditut. Eskolan oso gustura ari naiz, eta lana fruituak ematen ari da: beste zortzi haur hasiko dira datorren ikasturtean. Harrobia badago, eta zesta-puntak hartu duen indarrak mesede egin dio. Zesta-punta moda hutsa ez izatea nahi dugu, eta sendo irautea. Horretarako, lana egin behar da oinarrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA