Peio Etxeberria. Aspeko pilotaria

«Sakez asmatzen badut, min egin diezaioket Lasori»

Lehendabiziko finalerdiak jokatuko ditu Peio Etxeberriak lau eta erdiko maila nagusian, Unai Lasoren aurka, etzi, Labriten. Zenozkoak dioenez, «sasoiko» helduko da partidara.

IÑIGO URIZ / FOKU.
Mikel O. Iribar.
2021eko urriaren 28a
00:00
Entzun
Duela ia lau urte egin zuen debuta maila profesionaletan Peio Etxeberria Aspeko pilotariak (Zenotz, Nafarroa, 1998), eta, ibilian-ibilian, zarata askorik atera gabe, Lau eta Erdiko Txapelketako finalerdietara heldu da, final laurdenetako ligaxkan multzoburu amaitu eta gero. Zenozkoak aski ondo ezagutzen duen pilotari baten aurka jokatuko du etzi, Unai Lasoren aurka, non eta Nafarroako pilotazaleen bilgunean: Iruñeko Labrit pilotalekuan (17:15, ETB1).

Pilotekin gustura geratu zara?

Bai, gustura geratu naiz. Aitzakiarik gabeko materiala hautatu dugu. Unaik [Laso], agian, pilota ezberdinak hautatu ditu, behetik gehiago ateratzen direnak; nireak, berriz, frontisetik apur bat ateratzen dira. Edonola ere, laurak politak dira.

Zenozko karriketan herritarrek geratu al zaituzte?

Herri txikia izanik, guztiok ezagutzen dugu elkar, eta eskertzekoa da herritarrengandik animoak eta babesa jasotzea.

Finalerdietako eguna gerturatu ahala, urduritasuna ere handituz doa?

Aste osoan sabelean tximeletak sentitzen ditut. Urduritasuna kontrolatzeko prestatzen garen arren, horrelako partida batek xarma izaten du.

Baserriko lanek laguntzen dizute lasaitzeko?

Ahal dudanean, partidaz ez pentsatzen saiatzen naiz, eta abereekin egonda errazagoa egiten zait, nahiz eta garai honetan ukuilutik kanpo denbora gehiago egoten diren.

Final-laurdenetako ligaxkan multzoburu sailkatu zinen finalerdietara, besteak beste, Jokin Altuna mendean hartuta. Konfiantza handiagoa izaten lagunduko dizu horrek?

Hori iragana da jada, eta orain beste erronka polit baten aurrean nago. Egia da horrelako pilotari handi bati irabazteak konfiantza ematen dizula, baina lehen esan dudana: orain berriz dena zerotik hasten da.

Hirugarren aldiz ari zara maila nagusiko lau eta erdikoan. Iaz, final-laurdenetan geratu zinen, baina Erik Jakari lanak eman zenizkion —22-21 galdu zuen—. Ordutik, pilotari gisa urrats bat aurrera egin duzu?

Ez dakit. Egia da urtero partidak jokatu ahala, esperientzia handiagoa hartzen duzula, eta pilotari gisa ere hobetzen joaten zara. Baina eguneroko lanari garrantzi handia ematen diot. Egiten ditugun entrenamenduei ahalik eta zukurik gehien ateratzen saiatzen naiz, eta gero, emaitza onak lortzen badira, hobeto. Debuta egin nuenetik, nire betiko jokamoldea kantxan ahalik eta ondoen islatzen ahalegintzen naiz.

Etzi, Unai Lasoren aurka jokatuko duzu finalerdietan, Labriten. Nolako lehia espero duzu?

Partida guztiak ezberdinak izaten dira, bakoitzak bere joko estiloa duelako. Ni nirea ematen saiatuko naiz, eta, hori lortzen badut, seguru nago partida irabazteko aukera izango dudala.

Sasoiz zer moduz helduko zara?

Ez dakit sasoirik onenean nagoen, baina aitzakiarik ez dut. Ongi helduko naiz.

Gehienek Laso jotzen dute faborito. Zuk ere bai?

Nik ere Unai jotzen dut faborito. Azken batean, ni baino esperientzia handiagoa du lau eta erdikoan. Edonola ere, lanak zail jartzen badizkiot, saria lor dezaket.

Laso faborito izanagatik ere, presio handiagoa izan dezakeela uste duzu?

Unai pilotari ausarta da, eta nik uste dut presioak ez diola kalterik egingo. Horrelako partida erabakigarrienetan hazi egiten da kantxan, eta ez da urduri jartzen; beraz, presioaren aitzakiarik ez du izango.

Zein dira Lasoren indarguneak?

Pilotari oso gogorra da, oldarkorra. Partidari erritmo handia jartzea komeni zaio.

Eta zuk zer egin beharko duzu ondo Laso garaitzeko?

Xehetasun guztiak kontuan hartu beharko ditut, defentsan nahiz erasoan. Horrelako partidak irabazteko, nire onena eman beharko dut; bestela, zaila izango da.

Horrelako modalitate esplosibo batean sakeak baldintza dezake?

Sakeak garrantzi izugarria dauka. Ikusi besterik ez dago orain arte jokatu diren partidetan sakez zer-nolako mina eragin dion aurkariari. Sakearekin asmatzen badut, min handia egin diezaioket.

Biak pilotari gazteak zaretenez, tentsioa eta urduritasuna kudeatzea funtsezkoa izango da?

Ziur nago partida osoan aldagai garrantzitsua izango dela. Lehendabiziko tantotik zentratuta egon beharko naiz.

Bi pilotariak nafarrak izanda, Labrit pilotalekua jendez lepo beteko da. Nolako giroa egongo dela espero duzu?

Labriten jokatzen diren partidetan giro ederra egon ohi da, eta seguru nago larunbat honetan ere sekulakoa egongo dela.

Finalerako sailkatuko bazina, zer izango litzateke zuretzat?

Momentu horretaz ez dut pentsatu nahi, ezta buruari bueltak eman ere. Burua larunbateko partidan daukat jarrita, hori baita garrantzitsuena.

Lau eta Erdiko Txapelketan maila ona erakusten ari zarela eta, baduzu itxaropenik Binakako Txapelketan parte hartzeko?

Nik neureari heltzen diot: aurrena lau eta erdiko finalerdia dut, eta, ondoren, lanean serio jarraitu beharra daukat. Ea gero zer gertatzen den.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.