Albistea entzun

Imanol Lopez. Puntista

«Indartsu ikusten dut neure burua uda honetarako»

Gernikako Grand Slama irabazi berri du Imanol Lopezek. Hirugarren aldia du, eta bigarrena Jean Olharanekin aurrelariarekin batera. Udako sasoia ongi moldatzen da puntista zumaiarra. «Gustura» ari da.
ARITZ LOIOLA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Pettan Uralde -

2022ko abuztuak 18

Gernikako Grand Slama irabazi arren, Imanol Lopezek (Zumaia, Gipuzkoa, 1984) ez dauka astirik atsedenaldia hartzeko. Ongi ematen zaio udako sasoia Zumaiako atzelariari, eta aurtengoa txapelketaz betea dauka. Beteranoa da, eta «egunez egun» joateko helburua jarri du. Bestalde, «pozik» dago Euskal Herrian zesta-puntak duen egoerarekin.

Nolakoa izan da Gernikako Grand Slama irabaztea?

Pozgarria. Niri betidanik gustatu izan zait irabaztea, eta horrelako frontoi polit batean egiten duzunean, zegoen jendetzarekin, ilusio berezia egiten du. Gainera, Gernikan, zaletasun berri bat sortu dela ikusten dut, eta interes handiko ekitaldi bat bilakatu da zesta-punta han. Ez du inork galdu nahi, eta sarrerak lortzeko ere zailtasun handiak daude, ikusmin handia dagoen seinale da hori.

Hirugarren aldiz irabazi duzu txapelketa. Bereziki gustuko duzu?

Leku guztietan ondo jokatzeko prestatzen naiz. Hala ere, beti daude leku batzuk non gusturago sentitzen naizen edo maila handiagoa ematen dudan. Gernika da horietako bat. Halabeharrez, han hasi nuen nire ibilbidea, 2003. urtean. Beste era oso desberdin batean izan zen: agian, 100 pertsona besterik ez zeuden harmailetan. Orain, berriz, nire ibilbidearen azken txanpan nagoela, jendea kanpoan geratu da frontoira sartu ezinik. Nork esango liguke hau duela urte batzuk.

Hirutik bitan Olharanekin irabazi duzu. Ondo moldatzen zarete kantxan.

Oso bikotekide garrantzitsua da niretzat, beti ongi moldatu gara, eta emaitzak hor daude. Kantxan poztasuna adierazten du, eta asko nabaritzen da. Horrez gain, maila handiko puntista da, eta, elkar ondo ezagutzen dugunez, horrelako garaipenak lortzen ditugu.

Lanpetuta ibiliko zara udako sasoi honetan, ezta?

Gaur [atzo] gauean Miarritzeko Masterseko finala, bihar Donibane Lohizuneko Masterseko final-aurrea, ostiralean Hondarribiko Grand Slama, igandean Lekeitioko txapelketa eta astelehenean Urrezko Eskularruaren finala. Egunero gaude lehiatzen, baina asko eskertzen da, eta udako sasoi ona izatea espero dut.

Aurreko uda ere sekulakoa izan zen zuretzat. Hau duzu denboraldiko unerik gogokoena?

Momentu denak dira onak txapelketak irabazteko, baina nik neuk uda ona izaten dut. Sasoi honetara partida asko jokatuta iristen gara, eta nire gorputzak asko eskertzen du. Partidak kateatzen joaten gara, eta geroz eta hobeto ari naiz. Dedikazioa handiagoa da, eta erritmoan nabaritzen da. Estatu Batuetan, hamar hilabetez, sei aldiz jokatzen genuen astean, eta, hona iristean, erraza zen guretzat maila ona erakustea. Orain, ordea, dena desberdina da, eta neguan ez gara hainbeste lehiatzen. Udan, berriz bai, eta horregatik uste dut ondo datorkidala urteko momentu hau.

Frontoian geroz eta jende gehiago dago. Modan ahal dago zesta-punta?

Pentsatzen dut joerak aldatuz doazela, eta gure kirolak badauka erakargarritasun berezi bat. Ez dut esaten nik jokatzen dudalako, baizik eta orain entretenimendu sistema berri bat asmatu delako, eta funtzionatzen duelako. Lehen, dena gure menpe zegoen, baina, orain, entretenimendua desberdina da. Ikusgarritasun handiagoa du, eta eskaera ere handia da; beraz, interes handia berreskuratu du zesta-puntak. Giroa izugarria da, gazte asko daude, musika ere jartzen dute... ekitaldi garrantzitsu baten itxura eman zaio, eta arrakasta dauka.

Pantaila atzean ere jende ugari dago.

ETBren laguntza oso garrantzitsua izan da. Mugimendu honengatik apustu handia egin du, eta, harengatik izango ez balitz, ez genuke hainbesteko arrakasta izango. Jende asko dago kirol honengatik lanean, eta denei diegu eskertzeko.

Deniako itxierak bultzatu du zesta-puntaren mugimendua Euskal Herrian?

Dena zerbaitegatik gertatzen da bizitza honetan, eta hau ere zerbaitegatik gertatu da. Estatu Batuetako atea itxi da, baina hemengo egoera geroz eta hobeagoa da, eta poztekoa da. Lehen, Estatu Batuetara joateko aukera genuen, eta, orain, gazteek ez daukate hori. Baina kirol hau gero eta garrantzitsuagoa bada hemen, aukera gehiago izango dituzte honetaz bizitzeko.

Nahiago hemen duzuna edo Estatu Batuetara bueltatuko zinateke?

Momentu bakoitzean tokatu izan zaiguna egin dugu. Lehen, Estatu Batuetan egoten ginen urtean zehar, eta udan hona etortzen ginen. Estatu Batuetan ez genuen bizi zesta-puntaren garairik oparoena, baina, bizi gintezkeen honetatik. Gainera, nire ikasketak ordaindu ahal izan nituen, eta kulturalki aberatsa izan zen niretzat. Zortea izan dut Estatu Batuetako garaiarekin, baina, orain, beste garai batzuk dira.

Beteranoa zara. Baduzu soka oraindik?

Nahiago dut egunez egun joan. Nire maila ematen ez dudanean gogorra egiten zait, baina badakit zein egoeratan nagoen. Gozatzen ari naiz, eta indartsu ikusten dut neure burua uda honetarako. Horretan ari naiz buru-belarri.

Zu beteranoa zara, baina Iñaki Goikoetxea oraindik eta gehiago: 42 urte, eta bikain ari da.

Goikoetxeak egiten duena meritu handikoa da. Beti nire aurretik joan den pilotaria da, eta miresmen handia diot. Nire ibilbidean asko lagundu dit. Daukan sasoi, trebezia eta jendea zoratzeko ahalmena... beste maila bat da. Ez dakit bere adinarekin horrela jokatuko dudan, baina argi daukat egunez egun joan nahi dudala.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Realaren eta Bayernen arteko neurketako irudia, joaneko partidan. ©Gorka Rubio, FOKU

Reala Txapeldunen Ligatik kanpo gelditu da

Ainara Arratibel Gascon

Realak ezin izan du kanporaketa irauli. Bayern aise gailendu zaio markagailuan talde txuri-urdinari: 3 - 1 amaitu da neurketa. Kanporaketan, Reala 4 -1 gelditu da atzetik.

Nerea Eizagirre Realeko kapitaina pase bat eman nahirik, joaneko partidan, inguruan Bayerneko jokalariak dituela. ©GORKA RUBIO / FOKU

Joaneko 0-1eko emaitza irauli nahi du Realak, Txapeldunen Ligako multzoen fasean egoteko

Ainara Arratibel Gascon

Joaneko 0-1eko emaitza irauli eta Txapeldunen Ligako multzoen fasean egotea du helburu Realak, Bayern Munich kanporatuta. Txuri-urdinek segida eman nahi diote joanekoan egindako lan onari

 ©LA LIGA

«Sinetsita gaude kanporaketa irauli dezakegula»

A. Arratibel Gascon

Bayern Munich hasieratik estutzen hasiko dela uste du Letek, baina beraiek, joanekoan bezala, beren jokoa egiten ahalegindu behar dutela. «Konfiantzaz» ikusten du bere burua denboraldi hasiera honetan.
Ampo Ordiziak eta Gernikak aurreko denboraldian Altamiran jokatutako derbia. ©GORKA RUBIO / FOKU

«Gorengo mailan jarraituko genuela jakin genuenetik, ero moduan gabiltza»

Iñaki Berastegi

Epaitegietan luze eta zabal borrokatu ostean, Espainiako Ohorezko Mailan segituko du Gernikak. Taldea osatzen jarraitzen dutela dio Eduardo Maidagan entrenatzaileak.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...