Iker Vicente. Aizkolaria

«Maila ona dago, eta irabaztea oso zaila izaten da aizkoran»

Urrezko Aizkorako Txapeldunen Liga irabazi berritan, Iker Vicentek apustuak egin nahi ditu orain. Federazioaren lehiara itzuli da aurten nafarra: «Denok batzea gustatuko litzaidake».

JON URBE / FOKU.
Jon Ander De la Hoz.
2022ko urriaren 13a
00:00
Entzun
Iker Vicentek (Otsagabia, Nafarroa, 1997) irabazi berri du Urrezko Aizkolarien Txapeldunen Liga. Herri kirolari nafarrak bere sasoi ona berretsi zuen igandean jokatutako proban, eta gauza bera egin zuen atzo Lekunberrin, Nafarroako Txapelketako kanporaketa gaindituta. Lorpenez, egin nahiko lituzkeen apustuez eta aizkoraren egoeraz mintzatu da.

Txapela jantzi zenuen igandean. Zer balio ematen diozu?

Balio dezentekoa. Udazken honetan ezingo dut onenen kontra aritu, hau zen azkena, eta irabazi nahi nuen bai edo bai. Gustura nago.

Nolako lehia izan zen?

Estua. Batez ere Txikiak [Julen Alberdi, Txikia IV.a] eman zizkidan lanak. Nahiko ongi hasi nintzen, baina, agian, probaren batean behar baino gehiago eman nuen, eta gero ordaindu egin nuen. Txikiak pare bat proba aurretik egin zituen, baina azkenengora ondo iritsi nintzen, eta gustura aritu nintzen. Maila handia egon zen. Ikusi besterik ez dago Txikia zer ondo moldatzen den zutik eta beste proba guztietan. Irabaztea oso zaila izaten da.

Igandeko proba amaitu berritan, bi apustutarako deialdiak egin zenituen. Nolatan?

Egun batzuk neramatzan pentsatzen. Apustu munduan orain dela lau urte hasi nintzen, eta errespetu gehiago ematen zidan. Onerako sorpresa hartu nuen. Asko gustatu zitzaidan, berezia da. Aurten [Mikel] Larrañagaren kontra egin nuen bigarrena, eta oso gustura aritu nintzen prestakuntza osoan, aurreko egunean, eta proban bertan. Xarma berezia du, eta motibazioa ematen du entrenatzeko. Beraz, zalea naiz eta argi dut egin nahi ditudala. Aurten, gainera, udazkena nahiko tristea dut, [Euskadiko Federazioko] Bigarren Mailan bakarrik aritu naitekeelako. Ez didate uzten [Ezpal Aizkolari] elkartekoetan parte hartzen, eta horregatik pentsatu nuen apustua bultzatzea. Txikiari eta Eneko Otañori botatakoa [haiek binaka, Vicente bakarrik] Miel Mindegiaren batetik otu zitzaidan; hark Arrospideren eta Mendizabalen aurka egin zuen. Hortik etorri da. Aizkolaritzari buruzko liburuak irakurri ditut, marka handiak daude, eta haiek inspiratu naute.

Aitzol Atutxa deitu duzu buruz bururako. Zer dela eta hari?

Lehen ere bota nion, bigarren nengoenenean orain urte batzuk, eta orduan ez zen azaldu, baina orain gauza berrietan sartu da: pentatloian aritu da, El Conquistador saioan ere bai, eta zergatik ez du probatuko apustu bat? Harekin neurtzeko gogoa nuen, eta horrexegatik.

Zer lan gustatuko litzaizuke?

Esan nuen: txapelketa batzuetan atzeraxeago geratu da Aitzol, eta abantaila emateko prest nengoela. Egur klasearen arabera adostu beharko genuke hori, zer abantaila eman, edo egur handiak diren edo ez.

Txikiak eta Otañok jada esan dute ez dutela onartzeko asmorik. Zer iruditzen zaizu?

Bakoitza diferentea da, baina nik argi dut niri botako balidate seguru onartu egingo nukeela, edo, behintzat, azalduko nintzela. Apustuak egin beharra dago, gure kirola hortik sortu da, eta zerbait berezia ematen dio. Pena ematen dit nahi ez izateak, puntako aizkolariak direlako. Alderantziz izango balitz, argi dut ni azalduko nintzela. Seguru.

Apustuetako bat lortzeko esperantzarik ba al duzu?

Bai, esperantza bai. Txikiak ezetz esan zuen, baina oraindik hamabost egun gelditzen dira, eta oraindik badu gaiari buelta bat emateko denbora. Nik uste dut aukera ona dela haientzat ere, eta azalduko diren esperantza eduki behar dut.

Zer da apustuak prestatzeko prozesuan gehien gustatu zaizuna?

Duen xarma. Askoz gehiago hitz egiten da gauzei buruz. Apustua galdu edo irabazi da; prestakuntzaren prozesuarekin geratzen naiz. Jendeak kontuak esaten etortzen da, zurrumurruekin-eta, saltsa horrekin.

Aurten federazioaren bidera itzultzea erabaki duzu. Zer dela-eta egin duzu urrats hori?

Behar pixka bat sentitu dut. Konpromiso batzuk hartuak nituen, eta horiek galtzeko arriskua eduki dut. Bestalde, pentsatzen dut gatazka hau bukatu egin behar dela. Ez dut esan nahi [Euskadiko] federazioak egindako guztiarekin ados nagoenik, ezta gutxiago ere. Baina ikusten dudana da oraingo egoera oso txarra dela aizkorarentzat, eta nik uste saiatu behar genukeela hori denon artean konpontzen. Nik bi txapelketetan parte hartu nahi nuen, eta denek hori egitea nahi nuen: nik eta nire lagun guztiek. Bazirudien batzuek nahi zutela, besteek ez... Azkenean, nik bakarrik eman nuen izena [federazioaren] txapelketan. Orain ez didate uzten elkartekoan aritzen, baina badut esperantza hurrengo urteetarako. Denok denen aurka egin behar dugu: federazioan ere ari dira gazte onak azaltzen, eta elkarren artean neurtu beharra dugu, eta onena izan dadila txapelduna.

Denak batera arituta, beraz.

Bai, hori da. Onenak-edo alde batean geunden, gure elkartean, eta besteak federazioan. Ikusten da hara ere gazteak ailegatu direla, eta ez dute elkartera batzeko interes handirik, federazioan ezin dutelako parte hartu, eta nik hori nahi nuen: gazte horiei aukera eman guregana etortzeko, baina federazioan ere parte hartu. Nik oso ongi ikusten dut [Sherpa Ai] elkartea. Gainera, txapelketa gehiago sortu ditu urtean, mota ezberdinetakoak. Nahi nuke denok txapelketa berean aritzea.

Australiako eran ere aritu zalea zara. Gogoan duzu hara itzultzea?

Bai, gogoan dut. Lagun asko ditut han, eta lau aldiz joandakoa naiz. Asko gustatzen zait hango era. Pentsatua dut datorren udaberrian hara joatea. Orain ikusi beharra dut apustuekin-eta zer gertatzen den, hemengoari ematen baitiot garrantzirik gehien. Gero, denborarik baldin badut, hara joango naiz. Aurten apustuak egin nahi nituzke, eta gero Australiara joan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.