Unai Mata. Aspeko pilotaria

«Lagunek sanferminetan debutatzea nahi zuten»

Iruñeko aurrelariak etzi egingo du debuta, Eibarren. Aspaldi ari da profesionalekin entrenatzen, baina pandemiak atzeratu egin zuen haren estreinakoa. «Luze» egin zaio.

ARITZ LOIOLA / FOKU.
Julen Etxeberria.
2023ko ekainaren 22a
00:00
Entzun
Unai Mata (Iruñea, 2000) hasia da igartzen debuta egiteak zer dakarren: ingurukoen animoak eta ilusioa, eta kazetarien deiak. Baina, oraingoz, «lasai» dago.

Etzi jokatuko duzu lehen aldiz profesionaletan. Zer moduz?

Oso gustura. Oraindik ez nago urduri. Eguna iristeko irrikaz nago.

Enpresaren egunik eta tokirik berezienean jokatuko duzu: Astelenan, eta San Joan egunean. Ezin zara kexatu.

Ez. Enpresarentzat, hori da egunik politena, eta oso pozik nago orduan debutatzeagatik.

Hori gutxi ez, eta atzelari onena jarri dizute: Jose Javier Zabaleta.

Hala da; ziurrenik, hura da inoizko atzelaririk onena. Gainera, aspalditik ezagutzen dut. Plazera da debuta harekin egitea.

Noiz eta nola jakin zenuen debuta egingo zenuela?

Duela hiru hilabete izan zen. Irribarriak erretiroa hartu zuen, eta Jokinek [Etxaniz, Aspeko zuzendari teknikoa] esan zidan agian Inaxiok [Errandonea, Aspeko zuzendari komertziala] deituko zidala debuta egiteko; lau urte eta erdi neramatzan Asperekin entrenatzen. Biharamunean deitu zidan, eskolan praktikak egiten ari nintzela [irakasle izateko ikasketak amaitzen ari da].

Zer pentsatu zenuen?

Ametsa lortu nuela. Txikitan, pilotan hasten zarenean, ez duzu pentsatzen hona iritsiko zarenik, baina urteak pasatu, pilotan jarraitu, eta telebistan profesionalak ikusten dituzunean, debutarekin amets egiten duzu; Asperekin aurrekontratu bat sinatu, eta profesionalekin entrenatzen hasten zarenean, are gehiago.

Segituan kontatu zenien gertukoei?

Gurasoei, Jokinek esan zidan egunean bertan; lagunei, ordea, geroago, ofiziala egin zutenean. Denak izugarri poztu ziren, txikitatik pilotan ikusi bainaute beti.

Duela lau urte eta erdi sinatu zuen aurrekontratua Asperekin. Itxaropena galdu duzu inoiz?

Ez. Pandemiak zapuztu zuen nire debuta. Beste bi urtez itxaron behar izan dut, eta luze egin zait. Baina iritsi da.

Bi urterako kontratua sinatu duzu. Zer esan dizu enpresak?

Lasai egoteko, nire lana ahalik eta ondoen egiteko, eta mailara egokitzen saiatzeko.

Nolako pilotaria zara?

Ausarta eta bizia. Asko gustatzen zait aurrean jokatzea, kontrara; ikusteko polita naiz.

Zertan moldatzen zara ondoen?

Diotenez, sotamano ona dut, eta gantxoz ondo bukatzen dut.

Zertan hobetu dezakezu gehien?

Gauza askotan, arlo fisikoan eta teknikoan.

Zure jokamoldea kontuan hartuta, Oinatz Bengoetxea da eredurik aproposena?

Bai, baina Oinatz sekulako pilotaria izan da. Lorpen ikaragarriak ditu. Oso-oso zaila izango da hura berdintzea, baina saiatuko naiz.

Hark defentsa bikaina zuen.

Bai. Hori ere hobetu behar dut.

Denbora daramazu Etxanizekin entrenatzen. Zer esaten dizu?

Hark asko daki teknikaz, eta beti ari da zuzentzen, hobetzeko.

Sumatu duzu aldea profesionalekin arituta?

Bai. Hasieran, asko kostatzen zitzaidan erritmoari eustea. Baina gero eta hobeto ari naiz.

Ikusle gehiago harmailan, artekariak... Kezkatzen zaitu?

Errespetua ematen du, baina, nire jokoa egiteko, lasai eta gustura aritu behar dut. Badakit zaila dela, presio handia baitago, baina saiatu behar dut.

Nola hasi zinen pilotan?

6 urterekin hasi nintzen, Mendillorriko trinketean [Iruñea]. Baina niri ezkerpareta gustatzen zitzaidan, eta, 8 urterekin, Oberenan hasi nintzen. Han aritu naiz orain arte. Asko dut haiei eskertzeko.

Pilotari kutunik izan al duzu?

Barriola, txikitan atzelaria nintzelako.

Eta aurrelari bat?

Altuna. Baina asko gustatzen zait Laso ere.

Sarrera asko eskatu dizkizute?

Bai. Hasieran, esan zutenean debuta Eibarren [Gipuzkoa] izango zela, beldur pixka bat izan nuen; ez nekien zenbat jende animatuko zen hara joateko. Baina 200 lagun inguru joango dira Iruñetik.

Zer kontatu dizute profesionalek debuteko partidari buruz?

Normala dela urduri egotea, baina saiatu behar dudala gozatzen, egun oso berezia baita pilotari batentzat, bakarra.

Julen Egigurenen eta Beñat Rezustaren aurka jokatuko duzue. Zer itxura hartzen diozu lehiari?

Gogorra izango da. Julen aspalditik ezagutzen dut, adin berekoak baikara; askotan aritu gara elkarren aurka. Rezusta, berriz, atzelari onenetako bat da.

Eskertzarik baduzu?

Egunero ondoan dudan jendeari eman nahi dizkiot eskerrak: nire prestatzaileari, Davidi [Dominguez]; txikitatik izan ditudan entrenatzaileei, guztiengandik ikasi baitut; eta familiari, haiek aguantatzen bainaute bolada zailetan.

Etzi lan ona egitea da helburua. Eta hortik aurrera?

Helburu nagusia maila honetara egokitzea da: erritmora, pilotetara, jokora... Orain arte bezala jarraituko dut lanean, gero eta hobeto moldatzeko itxaropenez.

Eskatzen hasita, sanferminetan partidaren bat jokatzea?

Ufa! Ikaragarria litzateke! Lagunek sanferminetan debutatzea nahi zuten.

Oberenak asteburu betea du: etzi, zure debuta, eta igandean, Berria Txapelketako finala.

Klubekoek esan didate zaila izango dela nire partidaren ostean parranda egitea, hurrengo goizean Berria Txapelketako finala jokatuko baitute. Ea irabazten duten. Herriartekoan ere finalean ariko dira. Oso ondo ari dira klubean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.