«Baietz, baleike!»

'Baleike' Zumaiako herri komunikabideak 25 urte bete ditu aurten. Internet Euskal Herrian zabalduta egon aurretik hasi zen, baina orain batez ere sareari begira bizi da.

Edu Lartzanguren.
2019ko uztailaren 4a
00:00
Entzun
Geuk ere ez genuen uste horrenbeste iraungo genuenik», esan du Juan Luis Romatet kazetariak. «Imajinatu: lehen urtebetetzea ere ospatu genuen, ez genekielako ziur bigarrena egongo ote zen». Zumaiako (Gipuzkoa) Baleike hedabidearen zuzendaria da Romatet; aurten, 25. urteurrena ospatzen ari dira.

Bigarren zenbakitik egon da Romatet aldizkarian, 1994ko uztailetik, alegia, nahiz eta tarteka beste gauza batzuetan aritzeko utzi duen. Aldizkaria «ikaragarri» aldatu da urteotan, Romateten arabera. Horren erakusgarri da Baleike-ko kazetari Gorka Zabaletak hemerotekatik berriki atera duen harribitxi bat: 1997an Internet zer ote zen galdezka ibili ziren kale inkesta batean. «Erantzunak mundialak dira», idatzi du Zabaletak. Elkarrizketaturiko lagun gehienentzat gauza arrotz samarra zen orduan Internet. «Ez dakit ondo zer den, baina bizitza konplikatzeko katxarroren bat izango da, ordenadoreak bezalakoa», erantzun zuen horietako batek. «Badakit linea bat dela, gauzak jakiteko ibiltzen dena», beste batek. Aldizkaria bera ere Interneten aroa gailendu aurrekoa da. 1,4 megabyteko disketetaneramaten zuten inprimategira, autoz, Romatetk kontatu duenez. «Lan egiteko modua erabat aldatu da. Onerako».

Gazte Batzordeak sortu zuen aldizkaria, eta gazteei loturiko gaiak lantzen zituen orduan: intsumisioa, sexualitatea, drogak. «Komiki atal bat ere bazuen», adierazi du Romatetek. «Esan daiteke freskoagoa zela orduan».

Plataforma digitala

Webgunea 2004an sortu zuten. «Albisteak sartzen genituen, bai, baina lehentasuna paperak zeukan». Badira urteak, ordea, batez ere Interneti begira ari direla. Edonola ere, ez dute papera ahaztu, eta bihar bertan bidaliko dute inprimategira uztaileko Baleike. «Gaur, ez da egunik pasatzen webgunean albisterik sartu gabe; ez dugu jai egunik hartzen, egunerokotasun horri eutsi behar zaiolako».

Aldizkariak hainbat sari jaso ditu. Zumaiako informazio lokala paperean eta Interneten uztartzeko egindako lanagatik Rikardo Arregi Kazetaritza saria eman zioten 2010. urtean: «Herritarrei gehien axola zaiena gertuko informazioa da», esan zuen saria jasotzean orduko zuzendari Zabaletak. Tokikom euskarazko tokiko komunikabideen koordinadorak ikus-entzunezkorik onenaren saria eman zien 2017an, Tapa-Pala bideo sortarengatik. Bi urtez jarraian egin zituzten bideoak, Felix Aizpuruak bultzatuta, «haren pasio handia arrauna delako», Romatetek azaldu duenez. Arraunaren inguruko lanak egiten zituzten, baina barrutik: patroi batek zer lan egiten duen azaltzeko, estropuak nola egiten diren... «Bideo txikiak ziren, ikusten ez diren gauzen inguruan, eta jendeak gustura hartu zituen».

Baleiketarrek joan zen astean egin zituzten ospakizunak: erakusketa bat jarri zuten Zumaiako Alondegian, eta kontzertu bat antolatu zuten. Baina bihar lantaldeak afari batekin amaituko ditu ekitaldiak: «25 urte egin ditugu. Ikusi da baietz, baleike!». Duela lau urte, handikiro ospatu zuten 20. urteurrena. 25.a apalago ospatzea erabaki dute. Izan ere, argiago ikusten da, lehen urte hartan ez bezala, Baleike-k beste urteurren asko izango dituela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.