Tamara Abalde. Kutxabank Araskiko jokalaria

«Bete-betean asmatu dut Araskira etortzen»

Hamabigarren taldea du Araskiko jokalari galiziarrak. 2003an egin zuen debuta elitean, 15 urterekin. Eskarmentu eta palmares handia dauka, eta pozik dago Gasteizko taldean. Egitasmo sendotzat dauka.

RAUL BOGAJO / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
2020ko urriaren 10a
00:00
Entzun
Kutxabank Araskiren bi fitxaketak atentzioa eman zuten denboraldi honi begira: Anna Cruz eta Tamara Abalde (Ferrol, Galizia, 1989). Jokalari ezagunak biak, palmares handikoak. Hegal-pibota da galiziarra. Gaur, partida zaila du taldekideekin batera, Perfumerias Avenidaren etxean (18:00).

Gaizki hasi zineten Al Qazeresen pistan, baina, ondoren bi garaipen lortuz, bidea zuzendu duzue. Gustura hasierarekin?

Aurreneko partida txarra izan zen, baina ondorengo bi garaipenekin pozik gaude. Etxean ziren biak, eta irabazi egin genituen. Mendizorrotzan indartsuak izatea garrantzitsua da. Talde bezala izatera heldu nahi dugun horretara goaz, bide onean.

Zein da Araskiren helburua denboraldi honetan?

Ahalik eta talde onenak izan nahi dugu. Partida guztietan ondo lehiatzea da gure asmoa. Lehiaketak jarriko gaitu gure lekuan, eta zaila da egoera honetan apustu bat egitea. Guk gurea egin behar dugu, nahi dugun taldea izan, eta ez partidarik eman galdutzat.

Erronka polita duzue gaur, Perfumerias Avenida indartsuaren aurka, haren etxean.

Dena irabazteko faboritoetako bat da, eta gainera oso ondo hasi da. Guk ez daukagu askorik galtzeko. Kasu horietan, errazagoa da jokatzea, ia presiorik gabe, ausart. Gertatu izan dira ezusteak halakoetan, eta gaur ere zergatik ez?

Nola egiten dio aurre kirolariak COVID-19ak eragindako ziurgabetasunari ?

Ohituta gaude egoera berrietara egokitzen. Adibidez, lesioengatik eten egin behar izaten dugu jarduna. Baina egoera hau ezohikoa da denontzat, eta ez da ona geratu behar izatea. Buruan dena antolatua edukitzen dugu: noiz entrenatu, noiz jokatu, eta abar. Egokitu egin behar dugu honetara ere. Dena den, pozik nago lehiaketak aurrera doazelako, eta jokatzeko aukera dugulako. Aurrera egin behar dela uste dut, eta ez dena geratu. Badakigu egoera ez dela onena, baina denok jarri behar dugu geuretik.

Kirol profesionala zein den eta zein ez, gizonezkoen eta emakumezkoen lehiaketen arteko ezberdintasuna eta abar. Hor ere bada zer aldatu?

Zalaparta dago araudiekin, ligen izendapenekin. Berdinduta egon behar lukete gizonezkoen eta emakumezkoen lehiaketek, eta izendapena eta lege kontuak zehaztu egin beharko dira berdintasuna benetakoa izan dadin. Baliteke egoera honen eraginez gauzak aldatzea; aurrera goaz.

Zergatik aukeratu zenuen Araskira etortzea?

Erakarri egiten ninduen arlo askotan. Kluba oso lan ona ari da egiten urte askoan, eta egonkortuta dago. Zalantzazko egoera honetan, garrantzitsua da gauzak ondo egiten diren leku batean egotea, lasaitasuna emango dizun toki batean. Klubak ondo zaintzen gaitu guztiak; goraka doa ligan, eta jokalari multzoa eta haien jokatzeko modua asko gustatzen zaizkit. Haietako batzuk ezagunak ditut beste talde batzuetatik, Made [Urieta, entrenatzailea] ere ezagutzen dut Espainiako selekziotik. Hiria ere gustatzen zait. Banekien eroso eta pozik egongo nintzela, eta hala da. Bete-betean asmatu dut etortzen.

Oso gazte joan zinen AEBetara, 18 urterekin. Nolatan?

Etxean ari nintzen, Celtan. Ikastetxean amaitu, eta hor nenbilen zer eta non ikasi. Aitaren ezagun baten bitartez jokalari ohi estatubatuar bat, hara joan nintzen. Hizkuntzak ikastea gustatzen zait, gogoa nuen horrelako esperientzia bat bizitzeko, eta han joan nintzen. Oso ezberdina izan zen, bizi beharrekoa.

Talde eta leku askotan jokatua zara. Zergatik?

Aukerak horrela tokatu zaizkidalako. Frantzian jokatzeko modua ere izan dut, eta polita izan zen; beste hizkuntza bat ikasi nuen. Saskibaloia uztean, horrekin geratuko naiz:leku eta jende asko ezagutzeko aukera izan dut. Oso aberasgarria da.

Zenbat hizkuntza hitz egiten dituzu?

Ingelesa, frantsesa, galiziera eta gaztelera; eta serbiera ikasten ari naiz, baina zaila egiten ari zait. Bikotea Serbiakoa da, eta etxean aritzen naiz, baita klaseetan ere. Waterpoloko jokalari ohia da.

Euskararekin ez al zara animatzen?

Serbiera bezain zaila iruditzen zait [barrezka]. Baina ari naiz hitz solteak ikasten, ez pentsa.

Palmaresean, garaipen handiak dituzu: besteak beste, Europako txapeldun izan zinen Espainiarekin 2019an. Irabazi ez duzuna liga da.

Horrela da, ba [barrezka]. Ea lortzen dudan. Baina zaila da, titulurik gaitzena delako lortzeko. Azkenean, lehiaketa luzea da. Errazagoa da Kopa edota Superkopa irabaztea, partida bakarreko kanporaketak izaten direlako.

Anaia Alberto Real Madrilen ari da; zu ere, jokalari. Aitak sartu zizuen harra?

Jokalari profesionala izan zen, eta geneetan izango dugu, bai. Garaiera handia nuen, eta animatu egin nintzen. Lagunak ere hasi ginen, gure ikastetxean saskibaloia egiten zelako. Zortzi urterekin izan zen. Denak izango zuen eragina hartu dugun bidea hartzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.