Jon Mariezkurrena. Baikoko pilotaria

«Baliteke nire ibilbideko sasoirik onenean egotea»

Elezkano II.a-Mariezkurrena II.ak Olaizola II.a-Zabaleta izango dituzte arerio Masterseko finalean, igandean, Gasteizen. Berriozarko atzelariak esan du harentzat «lorpen handia» dela.

JON URBE / FOKU.
Iñaki Berastegi.
2021eko irailaren 15a
00:00
Entzun
Baiko enpresarekin 2023ra arte duen kontratuak ematen dion «lasaitasunarekin» ari da lanean Jon Mariezkurrena (Berriozar, Nafarroa, 1999). Igandean Gasteizen jokatuko duen Caixabank Masterseko finalean «gozatzea» du helburu, eta finalerdietan egindako partida «borobila»egitea nahiko luke berriro: «Lorpen handia da finala jokatzea. Partida ona jokatuta, agian, ezustekoa emango dugu».

Finalerako lau egun falta direla, zer gorputzaldirekin zaude?

Txapelketa osoan zehar sentipen onak izan ditut. Azken partida, finalerdietakoa, borobila izan zen guretzat, eta aurreko partidetan ere lan ona egin genuela iruditzen zait. Finala jokatzeko saria lortu genuen, eta ea gozatzerik dugun.

Masterseko lehenengo bi partidak galdu ostean, azken jardunaldian lortu zenuten kanporaketetarako sailkatzea. Zein da lehen fase honi buruz egiten duzun balantzea?

Lehenengo partidan izan ezik, beste guztietan nahiko ongi aritu garela uste dut. Arazo fisikoak direla eta, Elezkanok ezin izan ditu partida guztiak jokatu. Zorionez, ondo osatu da, eta bikote gisa ondo elkar ulertzen dugu. Hasiera ez zen ona izan, baina egoera iraultzea lortu genuen.

Bikotearen eta, bereziki, zure partidarik onena finalerdietakoa izan da, ezta?

Peña eta Rezustari irabazteko bagenekien bikaintasunetik gertu aritu beharko genuela. Ligaxkan ez genuen partida txarra jokatu, eta, horrenbestez, pentsatzen genuen ahalik eta ongiena jokatuta, gutxienez, aukera izango genuela. Peñari aukerarik apenas ematea zen gure estrategia nagusia, eta hori atzetik lortu nuen. Gainera, partidaren erditik aurrera, Danelek oso ondo amaitu zituen tantoak.

Zu izan zinen lau pilotarien artean onena.

Kanporaketako partidarekin alderatuta, hanketatik fresko ikusten nintzen, azkar mugituz, eta eskutik pilota oso ongi ateratzen zitzaidan. Rezusta ez zegoen eroso, eta ikusi nuen partidaren gakoa hor zegoela. Partida borobila izan zen, eta asko gozatu nuen.

Zuen antzera, Olaizola II.a-Zabaletak gaizki hasi zuten txapelketa, baina oso sasoi onean iritsi dira finalera. Partida zaila izango da, ezta?

Partida askotan oso nagusi izan dira. Askotan esan dut Zabaleta egungo pilotari onena dela: beste guztiak baino bi koxka gorago dago. Biak ondo daudenean oso zaila da haiei irabaztea. Mastersa hasi aurretik faborito ziren;ondoren, lehen partidak galdu ostean, jendeak esaten zuen ez zutela ezer lortuko, baina Olaizola eta Zabaleta tartean direnean, komentario horiekin kontuz ibili behar da. Ez daukagu ezer galtzeko, eta ea finalerdietan bezain partida borobila jokatzen dugun. Final handi bat da niretzat.

Final berezia da zuretzat?

Bai, niretzat oso final handia da. Udako txapelketa bat izan arren, zortzi bikote onenak daude, eta, beraz, lorpen handia da finala jokatzea. Partida on bat bat jokatuta, agian, ezustea emango dugu.

Finalerdian erakutsi zenuen sasoiko zaudela. Zure ibilbideko garairik onenean zaude?

Momentuak eta momentuak izaten dira. Fisikoki eta eskuetatik ezin hobeto nago, baina ez gara urte osoan horrela egoten. Zorte hori dut orain. Jokoz ere oso ongi nago: bai, baliteke nire ibilbideko sasoirik onenean egotea.

Badirudi Unai Laso eta zu lehen baino maila hobearekin bueltatu zaretela profesionaletara. Zein izan daiteke arrazoia?

Oso momentu gogorrak bizitzea egokitu zaigu bioi, eta, horri esker, aurrerapauso bat eman dugu, arlo mentalean, gehienbat. Nik, gutxienez, binakakoa jokatu nuen, baina Laso zortzi hilabete egon zen pilota profesionaletik kanpo. Egoera horiek bizi izan dituzunean arlo mentala indartzea garrantzitsua da.

Binakakoa Asperekin jokatu ostean,bi urterako kontratua sinatu zenuen Baikorekin. Hitzarmen horri esker, beste lasaitasun batekin ari zara lanean? Lasaitasun horrek zure jokoan eragina duela esan daiteke?

Binakakoa amaitutakoan nire etorkizuna ez zegoen batere argi. Pentsatzen nuen aukeraren bat izango nuela, baina sinatuta ez neukan ezer. Bi hilabeteren ostean Baikoren aukera izan nuen, eta oso eskertuta nago; lasaitu ederra hartu nuen. Bi urte dira, eta horrek beste modu batera lan egiteko aukera ematen dizu. Etxean momentu txarrak pasatu genituen. Bi urterako kontratuak ematen duen lasaitasun horri esker norberaren onena ematea errazagoa da.

Aipatu duzu igandeko finala berezia dela zuretzat. Litekeena da are bereziagoa izatea Aimar Olaizolak gaur hartzen duen erabakiaren ostean?

Ez dakigu ziur zer esango duen, baina zerbait aurreratu daiteke. Pertsonaia publiko eta pilotari oso garrantzitsua da. Ea zer esaten duen.

Erretiroa hartuko du?

Urte hasi zenetik hori esan izan da. Aurten 42 urte beteko ditu, eta esan ohi da kirolarientzat, aproposena, goi mailan ari direnean erretiratzea dela. Nire ustez, Aimar oso maila bikainean ari da, eta ez dakigu; agian,bi urterako kontratua berrituko du. Edozer gerta daiteke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.