Lehen bi atalak ehundu dituzte

'Balenciaga' telesaila Donostiako Garibai kalean ari dira grabatzen egunotan, Espainiako Bankuaren barnean. Hemezortzi aste iraungo du grabaketak, eta zazpigarrenean daude.

Argiztapenerako erabilitako garabiak, Donostian, herenegun. URTZI URKIZU.
urtzi urkizu
Donostia
2022ko uztailaren 21a
00:00
Entzun
Hiru garabi erraldoi, Donostiako Garibai kalearen erdian. Fokuak dituzte goialdean, Espainiako Bankuaren eraikinari zuzenduak —urte asko dira eraikina itxita dagoela—. Astelehenetik han ari dira Moriarti ekoiztetxekoak Balenciaga telesaila grabatzen. Gaur gauean amaituko dituzte bertako grabaketak, okerrik ezean. Ibilgailuentzat itxita dago kalea egunotan, baina oinezkoentzat irekita. Turistek eta donostiarrek harriduraz begiratzen diete garabiei. «Bankuen lapurretei buruzko film bat izango ote da?», galdetu du turista batek.

Disney Plusen kontratuen arabera, telesaileko zuzendariek, aktoreek eta lantaldekoek ezin dute prentsarekin hitz egin. Beste streaming plataformetan ere zorrotz zaintzen dute hori: oso zorrotz.

Garibai kaleko ertz batean, ordea, begira ari da Mari Carmen Palacin Etxeberria donostiarra, Cristobal Balentziaga Eizagirre jostun eta diseinatzailearekin gaztetan lan egindako andrea. 1954tik 1963ra egin zuen lan Balentziagarekin, Gipuzkoako hiriburuan. «Senarrak ez zuen nahi nik lanean jarraitzea, baina neronek nahi izan banu, jostunarekin jarraituko nuen lanean. Pena eman zidan uzteak». Pozik hartu du Balentziagari buruzko telesail bat egin behar duten albistea. «Telesaila egitea eta mundu osoan ikustea primeran iruditzen zait, gizon zoragarria izan baitzen. Haren ingurukoak ere ez ziren nolanahikoak».

Argiztapenerako erabilitako garabiak, 'Balenciaga' telesailarentzat. Urtzi Urkizu


Balentziagaren gertukoa izan zen, adibidez, Wladzio D'Attaiville: bikotekide eta bazkidea. Thomas Coumans Belgikako aktoreak jokatzen du rol hori. Atseden labur batean, Coumans Iñake Irastorza aktorearekin ari da solasean, Espainiako Bankuaren atean. Pertsonaia txiki bat jokatuko du Irastorzak, beltzez jantzita goitik behera.

Balentziagarena Alberto San Juan Madrilgo aktoreak egingo du. Taldean hainbat herrialdetako aktoreak daude. Euskal Herrikoak ere bai, tartean Josean Bengoetxea eta Cecilia Solaguren. Figuranteak ehunka dira, bestalde.

Talde teknikoa ere ez da batere txikia. Espainiako Bankuaren barnean 80 langile inguru ari dira sekuentziak grabatzen. Kanpoan, garabietako fokuak Eguneko argia emateko ari dira erabiltzen. Eta bankuaren sarreran, kartel bat, ele biz: Beste espaloitik / por la otra acera.

Espaloitik begira ari dira Amsterdamgo turista gazte batzuk; ezagutzen dute Balentziagaren izena, eta emoziozko hitzak atera zaizkie Disney Plusen telesail bat han grabatzen ari direla jakin dutenean. Beste bisitari bati entzun zaio esaten La casa de papel-en jarraipena ez ote diren grabatzen ari. Espainiako Bankutik ziztu bizian atera da Mikel Serrano arte zuzendaria, zerbait erostera. Eta turista batzuen galdera errepikakorra entzun da Garibai kalean: «Zer ari ote dira grabatzen?».

Taldeko langile bat Espainiako Bankura sartu da, jantzi batzuekin. Balentziagaren jantziez badaki zerbait Palacinek. «Oso gaztea nintzen harekin hasi nintzenean, Balentziagak oso ondo erakutsi zidan. Hasieran, plantxaren mahaian aritzen nintzen». Belgikako erregina Fabiolarentzat diseinatu zituen jantziak Getariako jostunak. Palacinek bere ezkontzan Fabiolarentzat diseinatutako soineko bat jantzi zuen. «Lankideek egin zidaten soineko hura: soila zen, gehiegizko apaingarririk gabekoa». Ezagutzen du, halaber, Fabiolarena nork egingo duen telesailean: Belen Cuestak. Goya saria jaso zuen Cuestak La trinchera infinita filmean egindako lanagatik, eta berriro jarri da Jose Mari Goenaga, Aitor Arregi eta Jon Garaño zinemagileen esanetara —lehen telesaila dute Balenciaga—. Fikzioan parte hartuko duten beste aktore batzuk ere: Elvira Cuadrupani, Gemma Whelan, Adam Quintero, Gabriele Lazure, Isabelle Bres, Anna-Victoire Olivier eta Eva Blay.

Grabaketak, Euskal Herrian

Ekainaren 6an ekin zieten Moriartikoek Balentziagari buruzko telesailaren grabaketei. Hemezortzi aste iraungo dute, urrira arte. Hortaz, zazpigarren astean dira orain; bi atal grabatu dituzte. Fikzioaren lehen herena egina dute, eta beste bi falta zaizkie.

Aurreneko asteetan, grabaketak egin zituzten Parisen eta Bordelen (Okzitania). Getarian (Gipuzkoa) ere grabatu zuten egun batez, Balentziagaren jaioterrian —eliza barnean filmatu zuten sekuentzia bat—. Urrira bitarte, Euskal Herriko hainbat herritan eta hiritan jarraituko dute grabaketekin.

Telesaileko irudi  bat. David Herranz


Sei atalen edizio lana iritsiko da gero. Estreinaldia 2023rako espero da. Palacinek argi du: «Estreinatzen dutenean, lehen ikuslea izatea espero dut. Hain oroitzapen ona dut Balentziagarekin lan egin nuen urteez...».

Disneyk ez du halakorik iragarri, baina telesaileko bi pertsonaiaren arteko elkarrizketa guztiak euskaraz izango dira. Gaztelaniaz gain, entzungo dira frantsesa eta ingelesa ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.