Joseba Ezkurdia. Aspeko pilotaria

«Beste gose batez ari gara; bikote gogorragoa gara orain»

Azkeneko partida irabazita, «itxaropena piztu» zaie Ezkurdiari eta Martijari. Arbizukoaren ustez, «oso-oso zaila» dute kanporaketa jokatzea, baina aukera dagoen bitartean «borrokatuko» dira.

ARITZ LOIOLA / FOKU.
Julen Etxeberria.
2023ko otsailaren 9a
00:00
Entzun
Irabazteak dena aldatzen du; batez ere, aldartea. Joseba Ezkurdiari (Arbizu, Nafarroa, 1991) aldatu egin zaio; burumakur zebilen, baina azken partida irabazi ondoren, «animoa altxatu» zaio.

Azken partida irabazi eta gero, argi pixka bat ikusten duzue?

Oso-oso zaila dago, baina aukera dagoen bitartean, borrokan segituko dugu; behartuta gaude hori egitera. Bi puntura dugu seigarren postua, eta igandean irabazten badugu, ziurrenik bakarrera izango dugu. Aukera txikia dugu, eta heldu egin behar diogu.

Kalkuluak egiten zabiltzate?

Ez. Hauxe bakarrik dakigu: igandean irabazi beharra dugu, eta irabazten badugu, seigarrenetik puntu batera jarriko gara. Gero, tanto aldeari erreparatu beharko diogu; ez ditugu onak: Urrutik eta Albisuk baino hobea dugu, baina puntu baten aldea atera beharko diegu beste biei [Peio Etxeberriari eta Rezustari, eta Peña II.ari eta Mariezkurrena II.ari]. Garrantzitsuena da bizirik gaudela, eta ilusioz eta gogoz.

Zer moduz aritu zarete?

Ez dugu gaizki jokatu boladaka, baina partidari ondo ekin, eta kontrarioek hiruzpalau tanto jarraian egiten zizkigutenean, ez ginen gai egoerari buelta emateko; ez dakit buruagatik edo jokoagatik zen, baina ez ginen gai aurkarien tanto sortak eteteko. Partida askok egin dizkigute ihes horrela, eta ezintasun horrek haserrearazi egin gaitu. Baina azken bi neurketatan hobeki aritu gara; hobeki eutsi diogu tantoari, eta hobeki heldu diogu partidari.

Galdu dituzuen zortzi partidetan, batez beste hamalau tanto eskas egin dituzue. Nahi baino gehiagotan lehiakor ez izanak eman dizue amorru handien?

Dudarik gabe. Partida gogorra jokatu, kontrarioei lana eman, eta galdu egiten baduzu, aurkariak zoriondu besterik ez duzu. Baina gure mailatik behera ibili gara, eta lehia asko galdu ditugu alde handiz. Gure errua da: ez diegu partidei ondo eutsi. Nik pilota dezente oparitu ditut aurrean, eta Julen ez da ibili sasoi betean. Bikote gogorra izan behar genuen, eta ez gara izan; horrek amorrarazi gaitu.

Elkarrekin jokatu zenuten aurretik, bikain jokatu ere; txapeldun izan zineten 2020an. Horrek ez luke abantaila izan behar?

Urte hartan oso ondo aritu ginen finalerdietan eta finalean. Nik oso gustura jokatzen dut Julenekin: oso segurua da, langilea, eta beti dago animatzen. Baina, aurten, ez dira gauzak nahi bezala atera; ez zaio buelta gehiago eman behar. Gure esku zegoena egin dugu: entrenatzen jarraitu dugu, eta gauzak aldatu ditugu, hobetzeko asmoz. Baina jokatzen hasi, aurkariek tanto sorta bat egin, eta lehiatik irteten ginen; ez genuen konfiantzarik geure buruan. Eta ez dugu egoera iraultzen jakin. Bestela, gustura ari naiz Julenekin. Pena da ez dugula askotan ondo lehiatu. Baina hiru partida falta zaizkigu, eta lehia betean gaude.

Lau eta erdia irabazi berritan ekin zenion binakakoari. Halakoetan, ohikoa da hustuta geratzea. Hori gertatu zitzaizun?

Bai. Sasoiari eutsi nahi izan nion, baina pixka bat hustuta bukatu nuen, eta pilota gosearen falta sentitu nuen. Saiatu nintzen entrenatzen berriz gosea izaten, baina kosta egiten zitzaidan, pixka bat hustuta nengoelako. Gero, jokatzen, aurkariek tanto sorta bat egin, eta tantoa azkar egin nahi izateak antsietate pixka bat eragiten zidan. Nire onetik pixka bat aterata ibili naiz. Baina egoera guztietatik ikasten da. Aurretik, ondo aritu naiz denbora luzez, dena lehiatzen, eta banekien lehenago edo geroago behera egingo nuela edo tentsio pixka bat galduko nuela. Orain tokatu zait. Baina berriro hartu dut gosea entrenatzeko eta gauzak hobeki egiteko. Ea egoera iraultzen dugun.

Azken bi partidetan hobeto ari zaretela diozu. Zertan hobetu duzue?

Jokatzeko eran; beste gose batez ari gara, partidei beste era batekin ekin nahi bagenio bezala. Duela bi jardunaldi, galdu egin genuen Bilbon Jokinen eta Xabiren aurka [22-16], baina lehiaren erdira arte aurretik joan ginen; gero, tanto sorta bat egin ziguten, eta penaz geratu ginen. Baina, behintzat, hobeki defenditu genuen, hobeki heldu genion partidari, eta, gehienetan, guk ezarri genuen erritmoa; beste pilota gose batez aritu ginen, eta hori ezinbestekoa da. Orain, bikote gogorragoa gara.

Hirugarrenez jarraian zabiltza estu eta larri sailkatzeko: berdina pasatu zitzaizun Ladis Galarzarekin eta Xabi Tolosarekin. Noizko binakako lasaiago bat?

Behin bakarrik ibili naiz lasai-edo ligaxkan. Azken urteetan, berriz, larri ibili naiz amaieraraino. Baina halako partidak ere gustura jokatzen ditut; tentsio askokoak dira, hil ala bizikoak; halakoak jokatzeko entrenatzen gara. Baina lasai egotea ere gauza ederra da.

Azken bi urteetan atzetik aurrera eginda sailkatu zara. Helduleku ona da itxaropenari eusteko?

Bai. Iaz, Xabi eta biok zazpigarren ginen azken-aurreko jardunaldia jokatu aurretik, eta azken bi partidak irabazi, eta sailkatu egin ginen. Edozer gerta daiteke.

Igandean partida erabakigarria jokatuko duzue Erik Jakaren eta Aitor Arangurenen kontra. Zer itxura hartzen diozu lehiari?

Hil ala bizikoa da; bai ala bai irabazi behar dugu, azken bi partidetara aukerarekin iristeko. Lehia zaila izango da, tentsio askokoa; bikote arriskutsua dira: Aranguren oso ondo ari da, eta, Erik, orain dena galduta dutela ikusita, lasaiago ari da. Hala irabazten da askotan.

Non egongo da gakoa?

Saiatu behar dugu agintzen eta erritmoa jartzen, beldurrik gabe, erasokor. Egiten badugu, aukera asko izango dugu irabazteko.

Etxean ariko zarete. Burundaren burrunba izango duzue lagun.

Nik aspaldi ez dut jokatu Altsasun [Nafarroa], baina oso gustura ariko gara etxe ondoan, gertuko askoren babesarekin. Mesedegarria da; ea aprobetxatzen dugun.

Peio lagunari eskatu diozu bihar Iker Larrazabali eta Jon Ander Albisuri irabazteko?

Mesede egingo liguke, noski. Peiok eta Beñatek ere irabazi beharra dute, eta ziur naiz dena emango dutela. Ea irabazten duten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.