Irati Idiakez. Snowboarderra

«Munduko Txapelketan biribil atera zait dena»

Lorpenak bata bestearen atzetik biltzen ari da Irati Idiakez getariarra. La Molinan jokatu diren snowboard egokituko munduko txapelketetan bi urre eta zilar bat kolkoratu ditu.

EFE.
Beñat Mujika Telleria.
2023ko martxoaren 22a
00:00
Entzun
Erori eta zutitzearen legea zer den ondo baino hobeto daki Irati Idiakezek (Getaria, Gipuzkoa, 1996). Eskuin besoa galdu zuen 2017an, istripu batean, eta snowboardean aurkitu zuen bizimodu berria. Denbora gutxian tokia egin du onenen artean, eta hori Munduko Txapelketetan ikusi da; bi urre eta zilar bat eskuratu ditu getariarrak. Igandean harrera egin zioten herrian, eta ahotsean nabari zaio oraindik emozioa.

Pasatu dira egun handiak. Nahikoa denbora izan duzu lortutakoa barneratzeko?

Ezta gutxiago ere. Uste dut inoiz ez dela nahikoa horrelako lorpenak digeritzeko. Igandean iritsi nintzen Getariara, eta herrira sartu eta berehala ikusi nuen jende mordoa udaletxeko plazan, eta neure buruari esan nion «Ai, ama, zer da hau!». Oso polita eta oso hunkigarria izan zen herrian horrelako harrera jasotzea, eta negar batean egon nintzen.

Bi urre eta zilar bat. Hori zen helburua Munduko Txapelketara joan aurretik?

Ez, ez neukan horrelako helbururik, nahiz eta esperantza baneukan. Azken urtean ez naiz elur gainean hainbeste aritu, gozatzera joan nintzen gehienbat, jaitsierak bukatu, ahal nuen dena eman, baina podiumean pentsatu ere egin gabe. Munduko Txapelketan biribil atera zait dena. Lehenengo domina berezia izan zen, baina ondorengo biak urrezkoak izan ziren, eta bat taldean. Horrek oso polita egin zuen dena, eta ez nuen amaitzerik nahi.

Banakakoak dira bi domina, baina bat binaka lortu duzu; Raquel Martinezekin. Poz hori lagun batekin partekatzeak bereziago egiten du lortutakoa?

Bai, noski. Berez, kirola bera bakarka egiten da, baina ordu asko egiten ditugu taldean. Gu hiru kirolari izan gara, baina jende asko dago atzean: entrenatzaile desberdinak daude, psikologoa, nutrizionista... jende asko gara taldean, eta taldearen garaipen gisa sentitu genuen proba hori.

Nolakoa izan da prestaketa prozesua? Bereziki landu duzu alorren bat?

Entrenamendu espezifikoagoak egiten ahalegindu gara. Saltoak eta irteerak entrenatu, bata bestearen atzetik irten eta atzekoak aurrekoa aurreratzea, batzuetan barrutik eta besteetan kanpotik... Denboraldia hasten dugunean teknikan zentratzen gara gehienbat, baina, txapelketak hurreratzen diren heinean, espezifikoagoak izaten dira entrenamenduak. Beti egin izan dugu horrela.

Bost urte eskasean oso ezagun egin zara lorpenengatik. Nola daramazu hori?

Buff... etxean askotan esaten dut ni ez naizela jaio protagonista izateko [barrez]. Baina egia da, askotan kexatu egiten gara emakumea izanda eta, gainera, desgaitasuna edukita ikusgaitasun hori falta zaigulako. Txapelketak, adibidez, ezin izan dituzte zuzenean ikusi, eta ez zaigu justua iruditzen. Orduan, batzuetan nekatuta egon naiteke, eta orduan ez dut elkarrizketarik egin nahi, baina, beste alde batetik, beharrezkoa iruditzen zait. Zenbat eta gehiago ikusten gaituzten, orduan eta gehiago salduko baitugu. Beti eskertzen da.

Federazioak aholkatuta hasi zinen snowboardean. Nola bihurtzen da aholku bat eguneroko eginkizun bat?

Egonaldi batera joan nintzen probatzera, eta gustatu egin zitzaidan. Baina denboraldia bukatu egin zen une horretan. Hurrengo sasoian berriro deitu zidaten, eta joatea erabaki nuen. Egia da zizko eginda itzultzen nintzela handik, baina oso pozik. Eta hurrengo urtean bertara joan nintzen zuzenean, negua bertan igarotzera.

Ez da probatzeko kirolik errazena izango… Nolakoak izan ziren lehenengo egun horiek?

Hasieran oso gaizki aritzen nintzen. Baina behingoz hasierako aholkuak barneratu nituenean, gogoan dut teleaulkia hartu genuela, eta ez zen gelditzen. Gora eta gora eta gora. Neure buruari galdetzen nion: «Baina noraino goaz?». Eta iritsi ginenean, noski, behera jaitsi behar ginen. Tentsioarekin, izerditan blai nengoen, elurrez beteta amaitu nuen. Baina horrela ikasten da, ez? Beti toki berean gelditzen bagara, ez dugu ikasiko.

Entrenamendu horietan beste elbarritasun batzuk dituzten kirolariak ezagutu zenituen. Laguntza hori berezia izan zen?

Bai, munduan jende asko dago desgaitasunen batekin, baina ni herri txiki batekoa izanda, ez nintzen inoiz gerturatu desgaitasuna daukan norbaitengana. Ez zelako egokitu, edo ez dakit ondo zergatik. Istripuaren ostean, errehabilitazioa egitera joan nintzenean, oraindik gertatutakoa asimilatzen ari nintzen, eta asko lagundu zidan gainerakoek zer bizitza zeukaten ikusteak. Gauza txiki asko dira, eta terapia moduan oso ondo etorri zitzaidan.

Askotan aipatu duzu laguntza psikologikoaren onura izan duzula. Garrantzia izan du horrek Munduko Txapelketako emaitzetan?

Elurretan gutxiago ibili naiz aurten, besteak beste mentalki zaintzen ari nintzelako. Baina esango nuke tarte horretan ondo ikasi dudala emozioak kudeatzen. Munduko Txapelketan tentsio asko dago, eta presio handia. Eta hain fuerte joan naiz mentalki, emaitzan hori ikusi dela. Fisikoki bezain fuerte egon behar zara psikologikoki horrelako zerbait lortzeko. Oso garrantzitsua izan da azken emaitzan.

2026an Paralinpiar Jokoak jokatuko dira Italian. Bertan ikusten duzu zeure burua?

Helburu nagusia Paralinpiar Jokoetan egotea da, bai, baina tartean badaude beste txapelketa batzuk. Espainiako Kopak datorren urtean eta Espainiako Txapelketa 2025ean. 2026a oso urruti dago oraindik. Pixkanaka, pixkanaka, baina paralinpiar jokoetara joan nahi dut, eta irabazterik balego, hobeto!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.