Pilota. Eskuz binakako finala. Ander Imaz. Baikoko pilotaria

«Ez dut ikusi iazko finala, eta ez dut ikusteko asmorik»

Bigarrenez jarraian ariko dira Laso eta Imaz finalean. Atzelariak azaldu du «estu eta larri» egon direla «askotan», baina gai izan direla presio handiko partidetan euren «onena» emateko.

IÑIGO URIZ / FOKU.
Julen Etxeberria.
2023ko martxoaren 29a
00:00
Entzun
Ander Imazek (Oiartzun, Gipuzkoa, 1994) iaz jokatu zuen lehen aldiz finala, baina horrek ez du esan nahi gutxiago ari denik gozatzen. Aurkarien berri izan aurretik egindakoa da elkarrizketa.

«Gozatu egin behar dut. Agian, ez dut berriz biziko halako zerbait», esan zenuen iaz, lehen aldiz finala jokatu bezperan. Urtebeteren ostean, berriz bizituko duzu halako zerbait.

Bai, eta izugarri pozik nago. Oso zaila da finalera iristea, eta bigarrenez jarraian lortu dugu. Iaz, esperientzia itzela izan zen, eta sekulakoa da berriz hori bizitzea.

Non zinen finala jokatuko zenutela jakin zenuenean?

Etxean nengoen, bakar-bakarrik; halaxe zegoen Unai ere. Guk ondo egin genuen gure lana, lehen bi partidak irabazita, baina Jokin nagusitzea behar genuen.

Urduri zinen?

Bai, noski. Gainera, etengabe mezuak jasotzen nituen sakelakora; horrenbeste, azkenean alde batean utzi nuen.

Arraroa da enpresakideek galtzea nahi izatea?

Bai. Haiekin daukagu harreman handien, eta beti nahi izaten dugu haiek irabaztea. Baina, oraingoan, Jokinek irabaztea komeni zitzaigun; haren alde ginen.

Nori deitu zenion partida amaitu bezain laster?

Unairi. Sekulako poza hartu genuen biok: handia da bigarren urtez jarraian finala jokatzea. Bagenekien oso zaila izango zela; horregatik poztu ginen horrenbeste.

Bigarren aldia izanda ere, berezia da?

Beti da oso berezia final bat jokatzea. Iaz, txapelketa oso ona egin genuen, eta sekulakoa izan zen finalera iristea. Aurten, berriro iritsi gara, eta horrek esan nahi du iazkoa ez zela kasualitatea izan.

Gaizki ohitzen ari zarete.

Kirolean, une onak eta txarrak daude, eta azkenaldian, Unai eta biok oso une onak bizitzen ari gara, final asko jokatzen ari baikara. Sekulakoa da; izugarri ari gara gozatzen.

Iazkoaren aldean, gorabeheratsuago aritu zarete. Ados?

Bai. Oso txapelketa gogorra izan da, eta une onak eta txarrak izan ditugu. Kosta egin zaigu batzuetan gure onena ematea, baina, azkenean, lortu dugu berriz finalera iristea. Horrek esan nahi du momentu txarrak eta onak pasatu arren, lehiakorrak izan garela.

Presioa sumatu duzue?

Iaz, lehen aldiz aritu ginen elkarrekin, eta jendeak ez zuen espero horrenbeste gugandik. Hala ere, finala jokatu genuen. Aurten, ordea, jendeak espero zuen gu oso ondo aritzea, eta presio handixeagoa izan dugu. Baina lortu dugu gure onena ematea.

Mesede egin dizue elkar ondo ezagutzeak?

Bai. Txapelketa oso luzea da binakakoa, eta iaz denbora asko pasatu nuen Unairekin. Baita aurten ere. Elkar ezagutzen dugu, eta, horri esker, bikotea egin dugu berriz.

Unerik erabakigarrienean suspertu zarete?

Presio handiko partidak jokatu ditugu azkenaldian, eta batzuk larri-larri irabazi ditugu. Baina garrantzitsuena da horietan gure onena emateko gai izan garela.

Arriskuan ikusi duzue zuen burua?

Bai. Askotan egon gara estu eta larri: adibidez, 22-21 irabazi genuen kanporaketa; oin eta erdi izan genuen finalerdietatik kanpo. Bigarren ligaxkan ere kosta egin zaigu irabaztea, baina erakutsi dugu ondo aritu gaitezkeela presio handiko partidetan.

Gustura zaude egin duzun lanarekin?

Bai. Oso zaila da final batera iristea, eta hara iristeko derrigor egin behar da lan ona. Partida txarrak jokatu ditugu, baina finalean bagaude, zerbaitegatik izango da.

Iaz, sendotu egin zinen Lehen Mailan. Aurten, beste aurrerapauso bat eman duzu?

Gustura nabil. Iaz finala jokatzeak konfiantza handia eman zidan. Eta beste final bat jokatzeak esan nahi du ondo ari naizela lanean, eta neure buruan sinesten dudala.

Argi dago: zure ibilbideko garairik onenean zaude.

Hala da; inoizko garairik onenean nago: egonkortuta nago Lehen Mailan, eta bigarren finala jokatuko dut. Balio handia eman behar zaio horri. Niri sekulako konfiantza ematen dit.

Garai eder honetan, zeinekin gogoratzen zara?

Txikitatik nirekin egon den jendearekin: familiarekin eta betiko lagunekin. Debutatu nuenetik ari naiz jende berarekin, eta jende horrek beti sinetsi du niregan. Eta orain, une gozoa bizitzen ari naizela, haiekin gogoratzen naiz; oso eskertuta nago.

Ez zenituen jokatu ligaxkako azken hiru partidak, eskuko minez. Larri ikusi zenuen zeure burua?

Askotan pentsatu nuen txapelketa uztea; hilabete egin nuen etxean, geldirik. Kanporaketa jokatu aurretik proba egin nuen, eta, zorionez, balekoa izan zen; bestela, txapelketa utzi beharrean izango nintzen.

Nola ikusi duzu bikotekidea?

Unai oso ondo aritu da; pilotari handia da, eta erraza da harekin jokatzea: oso ondo aritzen da beti, eta asko laguntzen dit. Frontoitik kanpo ere harreman handia dugu, eta horrek mesede handia egiten digu bikotea egiteko.

Hura ere suspertu egin da; sekulako partida egin zuen Aitor Elordiren eta Jose Javier Zabaletaren aurka.

Egun ona edo txarra izan, Unaik beti ematen du dena. Txapelketako partida berdindu guztietan egin du aurrera; sekulako izaera du: irabazle hutsa da.

Iaz galdutako finalaren arantza ateratzeko gogoa duzue?

Oso zaila izango da irabaztea, baina gurea ematen badugu, aukera izango dugu.

Ikusi duzu iazko finala?

Ez dut ikusi, eta ez dut ikusteko asmorik; agian, erretiroa hartzen dudanean ikusiko dut.

Nafarroa Arenan jokatuko duzue, Lasoren etxean. Pozik?

Bai, oso. Oso frontoi polita da, eta jende asko etorriko da ingurutik. Unai gertukoa da, eta badakigu ez dugula animorik faltako.

Asko aldatzen da finalean aurkari bat edo bestea izan?

Bai. Jose jotzailea da, eta partida apur dezake. Baina gure lana ondo egiteak axola digu: gurea egiten badugu, aukera izango dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.