Iker Vicente. Aizkolaria

«Hemengo probak maratoien gisakoak dira; han, esprintak»

Iker Vicentek bigarren postua eskuratu zuen duela aste eta erdi Australian, Aizkolaritzako Abiadura Txapelketan. Hango eta hemengo aizkolaritzaren ezberdintasunak aletu ditu.

BERRIA.
Jon Ander De la Hoz.
2023ko apirilaren 26a
00:00
Entzun
Iker Vicentek (Otsagabia, Nafarroa, 1997) Australian eman ditu azken asteak. Aizkolari nafarrak Manny McCarthyren oroimenezko lehiaketa jokatu du, beste zenbait probaren ondoren, eta bigarren izan da. Hau da, munduko txapeldunordea da abiadura modalitatean, orain lau urte bezala. Euskal Herrira bueltan, bi estiloen arteko aldea aletu du.

Lehenik eta behin, zer moduz Australian?

Esperientzia polita eta ezberdina izan da. Hemen ohituta gauden horrekin konparatuz, oso ezberdina da, eta aberasgarria izan da. Gustura egon naiz.

Hilabeteko egonaldia egin duzu han. Lehiatzeaz gain, zer egin duzu?

Hasieran, entrenatzen aritu nintzen, eta horretan jardun dut buru-belarri. Atseden egunak turismo pixka bat egiteko aprobetxatu ditut, baina nire helburua txapelketa zen. Lan asko nuen teknika lantzen eta aizkorak prestatzen.

Australia ikaragarria da. Zer partetan egon zara?

Melbournen egon nintzen hasieran, eta Sydneyen jokatu dugu txapelketa.

Bigarren geratu zara abiadura modalitatean. Zer-nolako garrantzia du horrek zuretzat?

Dezentekoa. Txikitatik ikusi ditut hango onenak lehiatzen, eta haien artean egotea gauza handia izan da betidanik. Gainera, modalitate ezberdina da, eta guretzat oso zaila. Ez nuen uste horretara moldatuko nintzenik, eta bigarren geratzeak asko poztu nau.

Eta garaile nor, eta LaurenceO'Toole, zure laguna. Haren etxean egon zara, gainera.

Bai, hala da. Hark urte askotan irabazi du, eta aurten ere bai. Nahiago nuen haren postua lortu izan banu, baina biok lehen biak izanda, gustura.

O'Tooleri esan al diozu hurrengo aldian jai duela?

Egia esan, kanporaketetako egun gehienetan aurrea hartu nion, baina azeri zaharra da. Egun garrantzitsuenean, asmatu egin zuen eta aurrea hartu zigun.

Izan ere, txapelketa hamabi egunean jokatzen da. Nola da hori?

Bai, hamabi egunean izaten da. Kanporaketa bidezko txapelketak dira, lehiaketa txikiak, eta aizkolari bakoitza handikap moduko bat batuz joaten da. Txapelketa horietan postua irabazi duten berrogei onenak sailkatzen dira txapelketa nagusirako. Hortaz, aurreko egunetan ere ondo aritu behar da.

Finalerako bide horretan, zenbat proba egiten ditu aizkolari bakoitzak?

Esan bezala, aurreko horietan pare bat aldiz-edo, egun bakoitzean. Gero, txapelketa egunean bertan berrogei aizkolariak biltzen gara, eta lau kanporaketa jokatzen dira. Bakoitzeko bi onenek egiten dute aurrera, eta zortzi aizkolari aritzen dira final nagusi horretan.

Australian eukalipto egurra erabiltzen duzue lehiarako; Euskal Herrian, berriz, pago egurra. Alde handia al dago?

Bai, oso ezberdinak dira. Gogortasuna antzekoa da, baina gainontzean ez. Hemen, ezpalak bazterrera erortzen dira, eta han, egurretik zintzilik bezala geratzen dira. Aizkoran aritu artean, garbitu egin behar izaten da. Egurra oso ezberdina da, baita aizkorak ere. Egur bakar bat mozten dugu, gainera, eta aizkora handiagoak erabiltzen ditugu, kirten luzeagokoak. Teknika ezberdina erabiltzen da, eta kosta egiten da egokitzea.

Hemen, esperientzia duzuenok begiratu batean hartzen diozue traza pareko egur sortari. Han ere bai?

Ez pentsa: asko kostatzen zait. Hemen, kanpotik ikusita jada badakigu gutxi gorabehera nolako gogortasuna izango duen, zer aizkora komeni den... Han, kosta egiten zait; gutxinaka, ari naiz egurra ezagutzen, eta aholkua eskatzen nuen.

Teknikoki ere moldatu egin beharko da aizkora mota batetik bestera.

Bai, eta oso zaila egiten zait. Egokitzeko denbora behar da. Hemengo aizkorak bi kilo, bi kilo eta erdi izaten dituzte. Australiakoek hiru kilokoak edo hortik gorakoak ere erabiltzen dituzte. Beste teknika bat behar da aizkora hori azkar mugitzeko.

Euskal Herrian, aizkora iraupen proba da. Han, abiadurakoa, enbor bakarra mozten denez. Prestaketak ezberdina behar du ezinbestean.

Bai, ez du zerikusirik. Pentsa, hemen 40 minutuko probak jokatzen ditugu txapelketan, eta, apustuetan, ordubetetik gorakoak ere badira. Hemengo probak maratoi baten modukoak dira; han, esprintak dira: 40 segundo edo minutu bat. Entrenamenduak oso ezberdinak izaten dira.

Hilabetez hango eran aritu ostean, beraz, ohiko erako aizkolaritzara moldatu behar al duzu berriz ere?

Hori da. Australiatik bueltatu nintzenerako, aita hemen nuen esperoan [Daniel Vicente, aizkolari ohia eta entrenatzailea], egur batzuk prestatuta. Hasi eta segituan itotzen naiz, eta arraroa egiten zait berriz hemengo aizkorak erabiltzea. Baina tira, nire estiloa izaki, uste dut berehala ohituko naizela.

Ez duzu denbora askorik, ezta? Maiatzaren erdialdean sartuko zara Egur Sporten Urrezko Aizkorako txapelketan...

Hala da. Maiatzaren 14an sartuko naiz txapelketan, eta denbora gutxi dut prestatzeko. Azkar dator dena; lehenbailehen egokitzen saiatu behar dut, eta aurrera egin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.