Igor Genua. Ordiziako jokalaria

«Halako erronka baten beharra nuen errugbira itzultzeko»

Otsaila amaitu aurretik egin nahi du debuta Igor Genuak Ordiziarekin. Artean, gorputza berriz ere goi mailako errugbira ohitzeko lan fisikoa eta entrena menduak uztartuko ditu.

GORKA RUBIO / FOKU.
Iñaki Berastegi.
Hernani
2021eko urtarrilaren 21a
00:00
Entzun
Hernaniko Saretxo jatetxeko arduraduna da egun Igor Genua (Hernani, Gipuzkoa, 1988). Betidanik dabil familiako negozioan, nahiz eta duela ia bi urte errugbia utzi zuenetik ardura handiagoa hartu duen. Hain justu, hilaren 11n jatetxean bertan eman zien baiezkoa Ordiziako ordezkariei, atzera ere errugbian jokatzen hasteko: «Ez nuen errugbiaren falta batere sumatzen, baina, aukera proposatu zidatenean, ondo pentsatu ostean, bueltatzeko gogoa piztu zitzaidan». Pandemia bete-betean, jatetxearen arduradun eta berriki aita izanda, erabakia ez da «erraza» izan Genuarentzat. Sasoi amaiera arte sinatu du, eta ez du harago begiratu nahi.

Lesioak zirela-eta utzi zenuen errugbia, duela ia bi urte. Haren hutsunea sumatzen zenuelako erabaki duzu berriro ere jokatzen hastea?

Hiru ebakuntza egin dizkidate sorbaldetan; azkena, berezi samarra gainera, 2018an, Madrilen. Espainiako selekzioa utzi ostean, Hernanin jokatzen jarraitu nuen, 2019ko maiatzera arte. Ondoren, urtebete eman nuen errugbitik erabat aldenduta, apur bat nekatuta amaitu nuelako. Dena den, 2020an Hernaniko 16 urtez azpiko taldea zuzentzeari ekin nion. Gauzak horrela, lagun batek deitu zidan Ordiziako taldekoek nire telefono zenbakia eskatu ziotela esateko. Ez nuen errugbiaren hutsunea batere sumatzen, baina, aukera proposatu zidatenean, ondo pentsatu ostean, bueltatzeko gogoa piztu zitzaidan. Familiari aukera azaldu, eta haien babesa jaso nuen.

Hilaren 14an Twitter bidez iragarri zenuen Ordizian jokatuko zenuela denboraldia amaitu arte. Noiz egin zizuten proposamena?

Buruan buelta asko eman badizkiot ere, akordioa berehala itxi genuen. Lehendabiziko deia hilaren 8an jaso nuen, eta hilaren 11n jatetxean bertan bildu ginen, aurrez aurre hitz egiteko. Iñigo Marotias eta Jon Txurruka entrenatzaileekin bildu nintzen, eta baiezkoa eman nien.

Zein izan da itzultzeko arrazoi nagusia?

Erronka berri bat da. Orain Hernanin jokatzea ez litzateke niretzat motibagarria izango; zerbait erosoa izango zen. Aldiz, Ordizian aritzea erronka oso handia da: fisikoki ondo prestatu behar dut, eta sistema berri batera egokitu. Gainera, tituluren bat irabazteko aukera ere badauka taldeak. Talentu handiko taldea da, eta Liga eta Kopa irabaztea dira helburuak. Ni jokalari oso lehiakorra naizen heinean, aukera hori oso erakargarria da. Neure buruari 32 urterekin maila gorenean aritzeko gai naizen edo ez frogatzeko modua da. Halako erronka baten beharra nuen errugbira itzultzeko.

Pandemia garaian, jatetxe baten ardura duzula eta berriki aita izanda, erabakia ez da erraza izan, ezta?

Ostalaritza gogorra da. Pandemiarekin, egoera are larriagoa da, ez digutelako nahi bezala lan egiten uzten. Baina, nik esan ohi dudan moduan, era batera edo bestera moldatzen gara aurrera egiteko. Bikotekideak badaki zer den niretzat errugbia, eta haurrarekin nola moldatuko ginen hitz egin genuen. Datorren hilabetean amaitzen zaio amatasun baimena, eta lanean gaudela haurra norekin eta nola utzi behar genuen zehaztu genuen. Gurasoak harrituta geratu ziren eskaintzaren berri eman nienean, baina pozik daude. Ez da erabaki erraza izan, ez.

Hernanin nola hartu dute erabakia?

Historikoki lehia handia izan dute Hernanik eta Ordiziak. Horregatik, banekien guzti guztiek ez zutela nire erabakia ulertuko. Baina beste askoren babesa ere jaso dut. Baten batzuek ez dute ulertu nire etapa Hernanin amaitua dela, bi urte daramatzadala jokatu gabe, eta orain Ordizian jokatu nahi dudala. Ordizian jokatzea orain izan nezakeen aukerarik onena da. Etxetik gertu, maila goreneko talde indartsu batean jokatzeko aukera

Debuta noiz egiteko asmoa duzu?

Otsail amaieran egin nahiko nuke. Argi eta garbi esan nien orain ezin nuela kolpetik jokatzen hasi, gorputza errugbira ohitzeko lana egin behar dudalako. Orain ezin diet nire onena eman. Asier Pazos Ordiziako prestatzaile fisikoak plangintza zehatz bat prestatu dit, eta hori egitea dagokit orain. Astean sei aldiz egingo dut gimnasioko lana Hernanin, eta arratsaldean taldeko entrenamenduak izango ditut. Lehen entrenamenduan apur bat urduri nengoen, baina oso gustura amaitu nuen. Giro oso ona dago taldean.

Nola ikusi duzu taldea lehendabiziko neurketetan?

Egun batzuk badaramatzat taldearen partidak berrikusten. Oso talde eta sistema ona dute, jende handia, baina agian azken metroetan entsegu eta puntu gehiago lortzea falta zaie. Valentinek [Cruz] makiletara ondo jaurtitzen du, eta ikusten da taldekideek elkar ondo ulertzen dutela, baina esandakoa: agian, azken metroetan zerbait gehiago falta da.

Eta zuk zer eman nahiko zenioke taldeari, edo zer eskatu dizu Iñigo Marotias entrenatzaileak?

Esperientzia eta taktikoki postu ezberdin askotan jokatzeko aukera, gehienbat. Nire jokoa egiten zuen norbait behar zutela esan zidaten.

Denboraldia amaitu arte jokatzeko sinatu duzu. Hori da zure asmoa, edo hori amaitutakoan jokatzen jarraitzea gustatuko litzaizuke?

Denboraldia amaitu arte jokatzea da nire asmoa. Gainera, hura amaitu eta berehala hasiko da uda, eta, gauzak ondo, jatetxean lan handia izango dugu.

Baina aukera hori ez duzu baztertzen, ezta?

Ez dut aurrerago begiratzen [kar, kar, kar].
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.