Jon Ander Peña. Baikoko pilotaria

«Pena ikaragarria izan da gelditu behar izatea; ondo ari ginen»

Ez zuen jokatu azken partida, bakartuta egon baita, positibo emandako pertsona batekin kontaktua izateagatik. «Gogotsu» itzuli da. Berak eta Albisuk Elezkano II.a-Zabaleta liderrak izango dituzte aurkari etzi.

JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Julen Etxeberria.
2021eko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun
«Asper-asper eginda» pasatu du Jon Ander Peñak (Tolosa, Gipuzkoa, 1997) etxean bakartuta egon behar izan duen astea. Aitortu duenez, «faena handia» izan zen aurreko asteburuan ez jokatzea.

Ia astebete egin duzu bakartuta. Nola bizi izan duzu?

Oso luze egin zait. Denbora asko eman dut telebista ikusten. Kirol pixka bat ere egin dut, baina martxoko etxealdian ez bezala, ez naiz aritu garajean, badaezpada.

Telebista asko ikusi duzula kontuan hartuta, pentsatzekoa da Zubizarreta III.a-Albisuren eta Ezkurdia-Galarzaren arteko partida ikusi zenuela. Zer itxura hartu zenion?

Jon Ander txukun aritu zen; berea egin zuen. Iraitzek, ordea, presioagatik edo abiadura aldaketagatik, ez zuen lortu berea ematea.

Pena emango zizun neurketa hori ez jokatzeak, ezta?

Pena ikaragarria izan da gelditu behar izatea. Ondo ari ginen Jon Ander eta biok, eta partida garrantzitsua zen, Ezkurdia-Galarza aurkari zuzenak baitira.

Zuk esan duzu: ondo ari zineten.

Lehiakorrak izan ginen partida guztietan: bi irabazi genituen, eta bat galdu, eta horretan ere azken unera arte lehiatu ginen [22-19 galdu zuten Olaizola II.a-Rezustaren aurka].

Horixe zen lehen helburua: partida guztietan lehiakor aritzea?

Bai. Oso garrantzitsua da txapelketa luze batean lehiakorrak izatea, eta guk lortu genuen. Ea horrela jarrai dezakegun.

Ahal den azkarren bikote egitea da beste lehentasuna, eta hori ere azkar egin zenuten.

Ondo moldatzen gara. Dena errazagoa da Jon Ander bezalako atzelari puska batekin jokatuta.

Ez zaudete faboritoen artean. Ondo datorkizue hori?

Normala da gu oharkabean pasatzea. Lehen txapelketa dut, eta, horregatik, inork ez gaitu faboritotzat jotzen. Baina jada argi geratu da asko jokatu behar dela edozein bikoteri irabazteko.

Egun ona izanez gero, edozeinek irabaz diezaioke edozeini?

Bai. Guk argi dugu dena emanez gero, edozeini aurre egin diezaiokegula. Olaizolaren eta Rezustaren aurka ikusi zen: 19-18 joan ginen aurretik. Horrek esan nahi du lehiakorrak garela, eta edozeinekin nor baino nor gehiago aritzeko gaitasuna dugula. Baina, noski, batzuetan zaila da dena ematea. Zuk nahi duzu, baina aurkariek ez dizute uzten.

Non aritu zarete ondoen?

Defentsan. Niri gehien kostatzen zaidan lana da, baina Jon Anderrek ikaragarri lagundu dit. Nahiko sendo aritu gara.

Eta okerren?

Opariak egiten ditugu, ez asko, baina bai dugu hori hobetzeko. Jon Ander sekulako txapelketa ari da egiten, baina niri heldutasun pixka bat falta zait.

Normala ere bada, lehen aldia duzu maila nagusiko binakakoan.

Bai, noski. Oraindik ez dut meriturik egin hamar urte daraman bati irabazteko, baina sinetsita nago baditudala hobetzeko hainbat gauza, eta hori gogor entrenatuz, partidak jokatuz eta beste pilotariak ikusiz lortzen da. Horretan ari naiz. Ea pixkanaka-pixkanaka gora egiten dudan.

Non duzu gehien hobetzeko?

Nahiko txukun aritzen naiz erasoan, baina kosta egiten zait partidak gogortzea eta huts gutxi egitea. Hori hobetuta, aurrerapausoa emango dut.

Lesioek buruhauste dezente eragin dizkizute, baina, geldialdi txiki hau kenduta, osasuntsu zabiltza azkenaldian. Horrek asko laguntzen du, ezta?

Izugarri eskertzen da minik ez izatea. Lesioek etxera bidaltzen zaituzte, eta hori da kirolari bati gerta dakiokeen gauzarik txarrena. Zorionez, azken urte eta erdian ez du izan lesio aipagarririk. Ea bolada horri eusten diodan.

Iritsi berriaren ilusioa duzu.

Hala da. Ilusio ikaragarria egiten dit txapelketa hau jokatzeak, eta are gehiago lehenbiziko partidetan lehiakor izan garela ikusteak. Ea horrela jarrai dezakegun.

Pozik hartuko zenuen enpresaren erabakia, ezta?

Oso pozik. Ezustea izan zen. Lehia handia zegoen laugarren aurrelaria izateko. Eta gero, Jon Anderrekin jokatuko nuela esan zidatenean, are eta gehiago poztu nintzen.

Ezustekoa izanagatik ere, aukerak ikusten zenituen?

Bai, baina banekien ere zaila zegoela, lehia handia baitzegoen: Asierrek [Agirre] sekulako maila emana zuen Bigarren Mailan, eta Oinatzek [Bengoetxea] urte pila daramatza puntan jokatzen. Pozgarria eta eskertzekoa da enpresak ni aukeratu izana. Horrek balio izan dit ikusteko ondo ari naizela.

Zu sartzeko beste batzuk geratu ziren kanpoan. Bengoetxea titular ez izateak eman zuen zeresan gehien, baina berak esan du gazteak «indartsu» zatoztela, eta «gero eta zailagoa» dela zuei aurre egitea.

Daukan adinarekin [36 urte], Oinatzek oraindik ikaragarri jokatzen du. Harreman ona dut berarekin, ia egunero entrenatzen gara elkarrekin, eta enpresak ni aukeratu ninduenean zoriondu egin ninduen. Halakoetan ikusten da zer-nolako txapelduna den.

Enpresak Albisurekin jarri zaitu. Hain zuzen, hura izan duzu ondoan zure ibilbideko une oso garrantzitsuetan: hura izan zenuen bikotekide 2016an, debuta egin zenuenean, baita iaz lehen aldiz maila nagusiko binakakoan ordezko gisa aritu zinenean ere.

Kasualitatea da, baina egia da ere harekin jokatu izan dudanean emaitza onak lortu izan ditudala. Ikaragarri jokatzen du; izugarri laguntzen dit, are gehiago ni iritsi berria izanik. Hura bezalako atzelari batekin bikote ona egin dezakegu, eta lehiakorrak izan. Harreman polita dugu. Oso gustura gabiltza, elkarri animatuz. Ea hala jarraitzen dugun, ahal den erregularrak izanda. Ez dugu helburu zehatzik. Partidaz partida joan behar dugu.

Etzi duzue hurrengoa, eta ez nolanahikoa: Elezkano II.a-Zabaletaren aurka jokatuko duzue. Ikusgarri ari dira: jokatu dituzten lau partidak irabazi dituzte. Zer itxura hartzen diozu partidari?

Oso-oso zaila izango da. Sasoi betean daude, eta ikaragarri jokatzen dute. Zabaleta dagoen bezala, askotan defentsan aritu behar zara; eta Danel bikain ari da ere, tanto asko eginez eta gutxi galduz. Baina guk ondo prestatuko dugu lehia, eta irabaztera irtengo gara.

Non egin diezaiokezue min?

Defentsan oso sendo aritu beharko dugu, eta oso opari gutxi egin. Albisuk Zabaletari euts diezaioke,eta ni saiatuko naiz huts gutxi egiten, eta aukerak aprobetxatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.