Ainize Barea, 'Peke'. Athleticeko jokalaria

«Lezamara sartzean dar-dar egiten zidaten hankek»

Ainize Barea aurrelariak Badajozera eta Coruñara joan behar izan zuen Lehen Mailan jokatzeko, baina denboraldi honetan bere ametsa bete du: Athleticekin jokatzea. Bi gol sartu ditu.

RAUL BOGAJO / FOKU.
ainara arratibel gascon
2021eko urriaren 9a
00:00
Entzun
Denboraldi hasiera oso ona egin du Athleticek. Ainize Barea jokalariak (Arrigorriaga, Bizkaia, 1992) argi du: «Gure jokatzeko era ezartzeko gai bagara, edozeini irabaz diezaiokegu». Bihar Sevillaren kontra jokatuko dute.

Lau garaipen eta porrot bat. Pozik zaudete?

Sasoi hasiera oso ona izan da. Emaitzek laguntzen dutenean dena eramangarriagoa da. Gogotsu gaude hurrengo partidei heltzeko.

Kontuan hartuta aurreko denboraldian Iraia Iturregi aulkira iritsi arte taldeak sufritu egin zuela, are garrantzitsuagoa izango zen ondo hastea, ezta?

Ondo hasi nahi genuen, lasai egoteko eta konfiantza pilatzen jarraitzeko. Bide horretan segitzeko ari gara lanean. Gainera, etorri garen hiru jokalariak eta bigarren taldetik igotakoak egokituz joan ahala, uste dut gauzak are hobeto joango direla, taldeak oso argi duelako jokatzeko era.

Emaitzak alde batera utzita, zer da taldeak ondoen egin duena?

Uste dut oso multzo sendoa izan garela. Horrek bide eman digu gol gutxi jasotzeko, eta, nahiz eta gutxi sartu, garaipenak lortu ditugu. Alde horretatik taldea indartsua da, eta jokalari bakoitzak konfiantza du beste guztiengan. Real Madrilen aurka erakutsi genuen edozeini irabazteko gai garela gure estiloa ezartzeko gai bagara.

Pare bat emaitza txar kateatuz gero, aurreko sasoiko mamuak ager daitezkeela uste duzu?

Ez dut uste. Alde horretatik taldea indartsu ikusten dut. Aurreko denboraldia ikasgai bat izan zen. Oso prestatuta ikusten dut taldea edozein aukerari aurre egiteko. Are gehiago kontuan hartuta zaleak harmailetara bueltatu direla.

Eta bihar Sevillaren zelaian jokatuko duzue. Nolako lehia espero duzu?

Cristian Torok zuzentzen dituen talde guztiak bezala, Sevilla oso borrokalaria da, amore ematen ez duena. Intentsitate handia jarri beharko diogu lehiari.

Gol gutxi sartu dituzuela diozu. Zuk bi sartu dituzu. Gustura zaude orain arte taldeari egindako ekarpenarekin?

Bai. Bolada kontua izaten da, eta ona denean aprobetxatu egin behar da. Baina txarra denean pazientzia izan ohi dut. Izan ere, garrantzitsuena modu batera edo bestera taldeari ekarpen bat egitea da: zuloak sortuz, beste taldekide bati gola sartzeko pase bat emanda, presioan lagunduz...

Eroso zaude taldearen jokatzeko erarekin?

Egokituz joan ahala, gero eta erosoago nago. Jokalari bizkorra naiz, eta, beraz, taldeak egiten duen joko zuzenak mesede egiten dit. Baloia jaso, eta beti begiratzen dut aurkariaren atera.

Batez ere aurrelariak oso maila onean aritu zarete lehen partidetan. Ezin lo hartu, ezta?

Dudarik gabe. Edozeinek joka dezake, eta denek asko estutu behar dugu. Paula Arana igo berri da, eta ikusi da nolako maila eta etorkizuna duen. Ikaragarria da. Entrenamendu batzuetan ingurura begiratu, eta neure buruari esaten diot: «A ze taldekide onak ditudan. Ni hemen banago, haiek bezain onak naizelako izango da».

Zer moduz Iraiarekin? Zer nabarmenduko zenuke?

Oso gustura. Jokalari zenean bezala, nortasun handia du. Estutu egiten gaitu, eta hori antzeman egiten da zelaian. Oso ondo prestatzen ditu partidak, eta egiten dituen planteamenduak ondo azaltzen dizkigu. Ez bakarrik berak, baita entrenatzaile multzo guztiak ere. Gainera, ondo lan egiten duenari aukera ematen dio, eta, hala, denak oso sartuta gaude taldearen dinamikan. Asko eskertzen dugu.

Nolakoa da egunerokoa Lezaman?

Primerakoa. Ni, adibidez, ez nengoen ohituta kirol hirian bazkaltzera. Uste dut oso ondo dagoela, aukera ematen dizulako taldekideekin zelaitik kanpo denbora gehiago pasatzeko, eta gainera elikadura ere zaintzen laguntzen duelako. Egia da Badajozen eta Coruñan ere ondo zaintzen gintuztela, baina hemen ditudan baliabideak ez ditut sekula izan. Ikaragarria da.

Arrigorriagan jaio zinen, baina Santa Teresera eta Coruñako Deportivora joan behar izan zenuen Lehen Mailan aritzeko. Zer sentitu zenuen udan Athleticek deitu zizunean?

Lehen ere izan nuen aukera etortzeko, baina belauneko lotailu gurutzatua haustetik nentorren. Sendagiria nuen, baina behar nuena jokatzea zen, konfiantza berreskuratzea. Eta ez nekien egoera horretan hemen jokatzeko aukera izango ote nuen. Burua hotz izan nuen. Ez nuen egoera horretan etorri nahi. Uda honetan deitu nindutenean, ez nuen bitan pentsatu. Garai egokian izan dela uste dut, eskarmentu handiagoa dudalako eta fisikoki ere ondo nagoelako. Gainera, Lehen Mailan jokatzen jarraitu nahi nuen.

Athleticera etortzeak zer esan nahi du zure kirol ibilbidean?

Jokalari bakoitzak jakitun egon behar du zer maila duen. Nik dudanerako, Athletic gorena da.

Zer sentitu zenuen Lezaman sartu zinen lehen egunean?

Hankek dar-dar egiten zidaten. Emozioa, ardura eta errespetua sentitu nituen. Denek dakigu Athletic zer handia den, baina barruan zaudenean are gehiago konturatzen zara horretaz. Klub honen filosofia bakarra da, eta zaindu egin behar dugu.

Etxekoentzat ere berezia izango zen, ezta?

Zazpi urte egin ditut etxetik urrun, eta, ondo moldatu arren, eskertzen dut senideekin eta lagunekin denbora gehiago egitea.

Zer moduz Enpresa ikasketak?

Ez da erraza biak uztartzea: oso diziplinatua izan behar duzu, eta horretan ahalegintzen naiz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.