Ivania Cruz. FMLNko kidea eta giza eskubideen aldeko aktibista

«Bake akordioek diotenarekin alderatuz, atzera egin da guztiz»

El Salvadorko gerra zibila bukatu zuten itunek 30 urte beteko dituzte 2022ko urtarrilean. Cruzen ustez, «atzeraldi demokratiko bat» gertatzen ari da herrialdean. Nayib Bukele presidentea jo du horren erantzule nagusitzat.

RAUL BOGAJO / @FOKU.
Igor Susaeta.
2021eko abenduaren 3a
00:00
Entzun

FMLN Nazio Askapenerako Farabundo Marti Frontea milizia zena alderdi politiko bat da El Salvadorko gerra zibila (1980-1992) bukatu zenetik. Ivania Cruz abokatu eta aholkularia hartako kide da (Zacatecoluca, El Salvador, 1993). Cofappes El Salvadorko Preso Politikoen Batzordearekin ere lan egiten du; Euskal Herrian egon berri da Mundubat GKE gobernuz kanpoko erakundeak gonbidatuta.

 

2022ko urtarrilean, 30 urte beteko dira El Salvadorko gerra zibila amaitzeko bake akordioak sinatu zituztenetik. Adiskidetze prozesuari dagokionez, azken hiru hamarkadetan zer aurrerapauso eman dira herrialdean?

Egun, erabateko atzerakada bat gertatzen ari da bake akordioek zehaztutakoari dagokionez. Zuzenbide estatua ez da betetzen. Nayib Bukelek, gobernuan dagoenetik [2019tik], gehiengoa eskuratu du parlamentuan eta diputazioetan. Modu horretan, ez du betetzen errepublikako konstituzioa. Gainera, beste instituzio batzuetan ere esku hartu du, fiskaltzan eta Auzitegi Gorenean, esaterako; hala, estatuko botere guztiak zentralizatzeko ahalegina egiten ari da.

Horrek dakar botereek independentziarik ez edukitzea, eta instituzioekiko mesfidantza sortzea. Beraz, bake akordioek diotenarekin alderatuta, atzera egin da guztiz. Egin kontu: ekitaldi militar bat egin zuen, eta eskatu zien militarrei hitzeman zezatela herrialdea «kanpoko eta barneko etsai politikoengandik babestea». Akordioetan aipatu zuten, hain zuzen, etsai hitza ezabatzea; kontrario politikoak izango ziren. Etsai hitza gatazka armatuaren garaian bakarrik entzuten zen.

Zeintzuk dira beste atzerapauso handiak?

Beste atzerapauso handi bat eman da, adibidez, oraindik zigortu gabe dauden kasuen inguruan; horietako bat da Mozoteko sarraskia. Ehunka pertsona hil zituzten militarren jarrerarengatik. Bukeleren gobernuak Ibilbide Judizialaren Legea sortu du, eta, haren bidez, 60 urte baino gehiago dituzten epaileak erretiratu dituzte. Esaten du epaileen ustelkeriari aurre egiteko egin duela... lege hori konstituzioaren kontrakoa da guztiz, eta epaileen prozedura administratiboak urratu ditu. Esaterako, Mozoteko sarraskiaren kasuaren epailea erretiratu dute [690 epailetik heren bat erretiratu dute, gutxi gorabehera]. Atzeraldi demokratiko bat gertatzen ari da.

Akordioen ondoren heldu zen amnistia legea, 1993koa. Auzitegi Konstituzionalak, baina, indargabetu egin zuen 2016an.

Lege horretan barkamenaren gaiaz hitz egiten zen... Gatazka armatuaren sasoian, diktadura militarraren garai hartan, hainbat ekintza egin zituen gobernuak, sarraskiak-eta; nire herrialdeko gerrillak ere [FMLN] ekintzak egin behar izan zituen; esaterako, gobernuko funtzionarioak bahitu. Bi aldeek egindakoa aintzat hartuta, adiskidetzeko bideetako bat zen gerran izandako gertaera horiek barkatzea. [Akordioek] Indar guztia galdu dute ia.

Nola hartu zenuten 2016ko sententzia?

Guk sentitu genuen atzerapauso bat izan zela, horren bidez iraganeko gertaerak berpizten baitira. El Salvadorko herritarrentzat sufrikario bat da gerra garaiko kasuez hitz egitea.

Aurrera begiratzeko hautua egin duzue, orduan.

Bai, bai. Akordioen barruan sendotu ziren existitzen ez ziren instituzioak, demokrazia, botereen arteko banaketa... Guk pentsatzen dugu hobe dela aurrera begiratzea, egun beste arazo batzuk ditugulako, eta El Salvadorko herritarrak horiek nozitzen ari direlako.

Aurrera begiratu, nahiz eta Egiaren Batzordeak esan militarrek eta armadaburuek egindakoak direla gerrako krimenen %85?

Ez dut esaten FMLNko kide gisa, baizik eta abokatu gisa. Guk herriari kontsultatzen diogunean El Salvadorri zer interesatzen zaion, bai, interesatzen zaio, adibidez, kasu batzuk ez geratzea zigortu gabe, eta justizia egitea; esaterako, Mozoteko sarraskiarekin, eta jesuitekin gertatutakoarekin. Kontsultak egiten dituzu hainbat sektoretan, eta bai, justizia egin nahi da. Biktima batzuen aitortza aldarrikatu da, adibidez, nazioarteko zuzenbideak hala bultzatuta. Baina, aldi berean, aurrera begiratu nahi da.

Asanblea Legegileari dagokio amnistia legearen ordezko lege bat onartzea. Eskuineko alderdiek bultzatutako lege bat onartu zuen ganberak iazko otsailean, baina Bukelek betoa jarri zion. FMLN abstenitu egin zen bozketan.

Ados geunden biktimei aitortza egiteko beharrarekin; zor historiko bat da. Baina Bukelek esan izan du bake akordioak iruzur bat izan zirela, eta diskurtso hori erabili zuen. Hori kontuan hartuta, ez zuen bermatu lege hura. FMLN ez zen desados agertu: posizionatze bat egon zen. Nolanahi ere, legea ez zen inoiz kaleratu. Egitasmo gisa geratu zen azkenean.

Giza eskubideen aldeko hainbat taldek justizia trantsizionalerako lege proposamen bat egin zuten asanblean, orain aste batzuk. Cofappesek parte hartu al du?

Ez, ez dugu parte hartu. Duela lau hilabete sortu genuen elkartea.

Eta, Cofappesen arabera, zer lehenetsi beharko luke justizia trantsizionalerako lege batek?

Hasteko, giza eskubideak betetzea. Edozein legek eduki beharko luke hori oinarrian. Lege bakar batek ere ezin du urratu konstituzioko artikulurik.

FMLN hamar urtez egon zen gobernuan: 2009tik 2019ra. Zer pasatu zen, ordea, hamarkada horretan milioi bat boto inguru galtzeko?

Hamar urtez gobernatu zen, baina, batik bat, amarru bat egon zen oinarriak banatzeko. Bukele FMLNko kidea izan zen, eta tresna politiko bat behar zuen presidentetzara iristeko. Alderdia erabili zuen, helburu horretarako jendea engainatu. Hasieran, ezkerreko presidente baten moduan agertzen zen; gero eskuineko gisa; egun, Twitterreko bere kontuan, diktadore bat dela esaten du. Gorroto kanpaina bat ere eragin zuen, eta, alderdia barrutik banatuta, FMLNk boto gutxiago atera ditu.

Hurrengo bozei begira zer planteatu beharko luke alderdiak?

Hasteko, antolatu egin behar du. Eta, gero, oinarriei entzun behar zaie, haien iritzia kontuan hartu, gehiengoen erabakiak errespetatu... Eta, behin hori eginda, hauteskundeetan pentsa daiteke; alderdi politiko bat ez baita soilik bozetarako. Aurrena oinarriak behar dira, eta horren bidez sortuko da alde politikoa.

El Salvadorren garesti ateratzen da giza eskubideak defendatzea?

Noski, garesti ateratzen da giza eskubideak defendatzea. Egin kontu: bidaia honetan azaltzen ari naiz El Salvadorren giza eskubideak urratzen direla, eta garesti aterako zait. Nire anaia preso politiko bat da. Sistema oso bat dugu kontra, eta pertsona bakar batek du botere guztia. Han ezin duzu oposizioa egin; han jazarrita daude hedabideak, jazarrita daude gizarte zibileko elkarteak...

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.