Unai Laso. Baikoko pilotaria

«Ez dugu ezer galtzeko. Orain, gozatzera goaz»

Bihar hasiko da binakakoaren finalerdietako ligaxka, Iruñean. Laso-Imaz eta Irribarria-Rezusta ariko dira. Baikoko aurrelariak dio «oso harro» daudela, «beti» lehiakorrak izan baitira.

JON URBE / @FOKU.
Julen Etxeberria.
2022ko martxoaren 4a
00:00
Entzun
Alai eta hiztun nabari zaio Unai Lasori telefonoaren bestaldean (Bizkarreta-Gerendiain, Nafarroa, 1997). Ez da gutxiagorako. Bikain dabil duela zortzi hilabete profesionaletara bueltatu zenetik. «Gozatzen» ari dela dio.

Hastear da finalerdietako ligaxka. Nola zaude?

Oso pozik nago hona iristeagatik, eta oso motibatuta nago lehen partidarako. Oso polita dator: finalerdietako partida da, eta Labriten jokatuko dut, nire jendearen aurrean. Horrek xarma berezia ematen dio neurketari. Baina nik beste partida bat gehiago balitz bezala hartuko dut.

Azken egunetan sarritan esan duzu «justua» dela zu eta Ander Imaz finalerdietako ligaxkan aritzea. Zergatik diozu hori?

Oso txapelketa ona egin baitugu, eta partida ia guztietan ondo jokatu baitugu. Uste dut merezi genuela sari hau: finalerdiak jokatzea. Azkenean, hala izan da, eta oso pozik gaude.

Zein zen hasierako helburua?

Kanporaketa jokatzea, baina txapelketak aurrera egin ahala, eta, irabaziz joan ahala, helburua aldatu zitzaigun, eta ikusi genuen bagenuela aukera lehen bi postuetako bat lortu, eta zuzenean finalerdietarako sailkatzeko. Zenbait jardunaldiz egon ginen lehen bi postu horietan [sei astez], baina, azkenean, kanporaketa jokatu behar izan genuen. Zorionez, aurrera egin genuen, eta, orain, hemen gaude. Binakakoa aurkeztu zutenean zalantzarik gabe sinatuko genuen hemen egotea.

Eta orain, zein da helburua?

Helburua bete dugu. Ez dugu ezer galtzeko. Orain, gozatzera goaz. Txapelketa hasi zenean sinatuko genuke finalerdietan egotea.

Zein izan da gakoa horren txapelketa ona egiteko?

Anderrek eta biok oso bikote ona osatu dugula, eta lehiakorrak garela. Agian, Anderrek ez du kolpe handirik, baina oso ondo ari da eusten atzean; ez du hutsik egiten, gehienez bi pilota ari da galtzen partidako. Horrek mesede handia egiten dit niri, nik arriskatu beharra baitut, eta, horren ondorioz, hutsak egiten baititut. Aurrelari batek asko eskertzen du atzelari horren seguru bat izatea.

Hamabost partida jokatu dituzue, eta bakar batean ez zarete gaizki aritu. Erregulartasuna deitzen zaio horri?

Zerbaitengatik harro baldin bagaude, beti lehiakorrak izan garelako gaude. Ni ez naiz ondo aritu pare bat partidatan, baina Ander oso ondo aritu da guztietan. Bikote moduan, ondo aritu gara beti.

Hori guztia, kontuan hartuta lehen aldiz jokatzen ari zaretela elkarrekin. Nola lortzen da hori?

Harreman ona dugu Anderrek eta biok: elkarrekin entrenatzen gara aukeraketetan, telefonoz deitzen diogu elkarri, elkar animatzen dugu, elkarrekin bazkaltzen dugu... Halako txapelketa luze batean oso garrantzitsua da harreman ona izatea, eta guk harreman ona dugu. Eta hori kantxan islatzen da. Oso ondo moldatzen ari gara. Oso gustura ari naiz Anderrekin.

Uste duzu aurrerapausoa eman duela?

Ez dakit aurrerapausoa eman duen edo ez, baina oso ondo ari da, oso seguru. Oso motibatuta ikusten dut ere nirekin jokatzen ari baita.

Eta zu nola ari zara?

Gustura ari naiz. Hasieran, banuen zalantza ea nola ariko nintzen binaka, lau eta erdikoa jokatu eta gero. Baina oso garrantzitsua izan zen txapelketa ondo hastea [lehen bi partidak irabazi zituzten], berriro motibazioa eta konfiantza hartzeko. Oso harro nago egiten ari naizenaz: lehenbizi, lau eta erdikoaren finalera iritsi nintzen; eta, orain, binakakoaren finalerdietan nago.

Binakakoa hasi aurretik «zalantzak» zenituela esan duzu. Zergatik?

Aspaldi ez bainuen binaka jokatu, eta txapelketa oso luzea baita binakakoa. Oso garrantzitsua da gorputza eta eskuak ondo zaintzea. Zorionez, ez dut izan minik, ez gorputzean, ezta eskuetan ere, eta horrek asko lagundu dit ondo jokatu ahal izateko.

Binaka aspaldi ez zenuela jokatu diozu. Azkenekoan, finalerdietan aritu zinen, Jon Ander Albisurekin. Berriro finalerdietan egonda, orduko oroitzapenak etortzen zaizkizu burura?

Ez, baina gertatu zenak are eta gehiago motibatzeko balio dit. Orduan ez zidaten txapelketa amaitzen utzi. Ea orain horri buelta ematen diogun.

Bihar jokatuko duzue lehen partida, Labriten, Iker Irribarriaren eta Beñat Rezustaren aurka. Zer itxura hartzen diozu neurketari?

Oso partida gogorra da, Irribarria eta Rezusta oso bikote indartsua baitira; gainera, txisparekin daude. Baina Labriteko frontoia ez da Tafallakoa bezalakoa [22-12 galdu zuten pilotaleku horretan Irribarria-Rezustaren aurka, azken-aurreko jardunaldian]; ez da horren luzea. Ondo jokatzen badugu, min egin diezaiekegu.

Ez dute ezkutatu zein izango den haien estrategia: zu saihestea, eta Imaz kargatzea.

Argi dugu hori egiten saiatuko direla, baina gauza bat da hori egin nahi izatea, eta beste bat hori egiten asmatzea. Partida batean gauza asko pasatzen dira, eta are eta gehiago finalerdietan; tentsio handia egon ohi da halako partidetan, handia baita saria: garaipena eta finala jokatzeko pausoa ematea. Ea ondo ateratzen den.

Zuk aipatu duzu: Labrit ez da Tafalla. Oso ondo aritu zarete bertan txapelketan: hiru partida irabazi dituzue, eta bakarra galdu. Ondo egokitzen da zuen jokatzeko erara?

Niri, bereziki, bertan dagoen jendeak sortzen duen giro beroak motibatzen nau. Nire etxea da, nire jendea egongo da harmailan, eta ziur naiz asko animatuko gaituztela. Horrek ere Ander motibatuko du. Oso gustura jokatzen dugu bertan Anderrek eta biok. Bete egiten da ia beti [biharko sarrera ia guztiak saldu dira], eta giro izugarria egoten da. Gozamena da.

Zortzi hilabete pasatu dira berriz ere profesionaletan ari zarenetik, eta tarte horretan ikusgarri aritu zara: lehenbizi, Nafarroako lau eta erdiko txapeldunorde izan zinen; gero, lau eta erdikoan; eta, orain, binakakoaren finalerdietan zaude. Espero zenuen halako itzulera izatea?

Ez nuen espero horrelako maila emango nuenik, baina nik konfiantza nuen neure buruarengan eta nire lanean. Pila bat entrenatu nintzen kanpoan egon nintzenean, eta partida asko jokatu eta irabazi nituen profesionaletan. Merezi nuen. Lan handia egin nuen.

Orain gehiago gozatzen duzu eta gauzak gehiago baloratzen dituzu?

Bai, zalantzarik gabe. Gozatzera ateratzen naiz beti kantxara. Badakit zer den zuloan egotea, eta, orain, berriz profesionaletan nagoela, argi dut bete-betean gozatu behar dudala. Ahal dudan urte gehien jokatu nahi dut gorenean. Oso polita da pilotarion bizitza, eta nik ahal dudan gehien gozatu nahi dut bizimodu horretaz.

Izan gertatu zitzaizunagatik, izan itzuli zarenetik erakusten ari zaren mailarengatik, jabetzen zara pilotazaleek asko estimatzen zaituztela?

Bai. Oso maitatua sentitzen naiz. Jendeak esaten dit nire itzulerak freskotasuna ekarri duela pilotara, zerbait piztu duela, eta hori entzuteak ilusio handia egiten dit.

Aimar Olaizolak eta Oinatz Bengoetxeak erretiroa hartu ondoren, zu zara orain Baikoren ikur nagusia? Azkeneko emaitzek, behintzat, hori diote.

Ni oso gustura nago, azkeneko urteetan gorenean bainabil. Gozatzen ari naiz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.