Pilota. Buruz buruko finala. Egoitz Carrion. Unai Lasoren prestatzailea

«Sumendi bat bezalakoa da Unai, eta, batzuetan, ur pixka bat bota behar izaten diot»

Profesionaletatik kanpo geratu eta gutxira hasi zen lanean Unai Laso Egoitz Carrion prestatzailearekin. «Oso gustura» dabiltza elkarrekin, eta emaitzak bikainak dira. «Oso polita da kirolari batekin halako konplizitatea lortzea», aitortu du Carrionek.

IDOIA ZABALETA / FOKU.
Julen Etxeberria.
2022ko maiatzaren 25a
00:00
Entzun
2020ko abendua zen, eta Unai Lasok hiru hilabete zeramatzan profesionaletatik kanpo. Une kritikoa zen, eta Lasok tinko heldu zion. Hark dioen moduan, «bizitza aldatzea» erabaki zuen. Lehenbizi, gurasoen etxea utzi, eta lagun batekin joan zen bizitzera. Hain zuzen, hark gomendatu zion Egoitz Carrion prestatzailearekin lan egiteko (Irurtzun, Nafarroa, 1993). Ordutik dabiltza elkarrekin, eta emaitzak agerikoak dira.

Azken urtebetean izan duen gorakadaz galdetuta, Unai Lasok beti dio arlo fisikoa hobetu duela gehien. Zer sentitzen duzu hori entzundakoan?

Batetik, ardura handia, eta, bestetik, harrotasun handia. Oso polita da kirolari batekin halako konplizitatea lortzea; ikustea kirolari horrek zugan sinisten duela. Are eta gehiago, kirolari hori Unairen gisako kirolari handi bat baldin bada.

Noiz eta zergatik jo zuen zuregana?

Profesionaletatik kanpo geratu eta gutxira, Unai lagun batekin jarri zen bizitzen [Aitor Alduntzin pilotari afizionatuarekin]. Lagun hura nirekin entrenatzen da, eta hark gomendatu zion nirekin lan egiteko: esan zion oso gustura aritzen zela nirekin, eta prestaketa ezberdina egiten genuela. Hark konbentzitu zuen. Hala, Unaik deitu egin zidan, eta gurera etorri zen, probatzera. Oraingoarekin alderatuta, oso bestelako lana egiten genuen orduan, baina konfiantza izan zuen nigan. Gainera, ikusi zuen pixkanaka hobera egiten zuela egiten genuen lanari esker; hau da, lanak mesede egiten ziola. Eta ordutik gabiltza elkarrekin lanean. Oso gustura gabiltza.

Zer egoeratan iritsi zen?

Apur bat baxu zegoen, eta motibazioa pixka bat galduta. Normala zen, profesionaletara iritsi ondoren kanpoan geratu baitzen. Zalantzak zituen haren etorkizunaz. Zorionez, oraingoz, dena oso ondo atera da.

Nolakoa da lanean?

Kantxan den berdin-berdina da: oso alaia eta oso hiztuna; horrenbeste, batzuetan lana mantsotzen baitu [barrez]. Unaik sentitu behar du ez dela bakarrik prestaketa fisikoa egiten ari; giro onean ari dela sentitu behar du. Hala ere, oso langilea da, eta ulertu egiten du planteatzen zaion lana bete egin behar duela; hau da, ez dagoela aitzakiarik entrenamendua bazter batean uzteko. Profesionala da egun, eta, nire iritziz, profesionalizatu egin da prestakuntza fisikoan eta entrenamenduan.

«Orain, garrantzi handia ematen diot prestaketa fisikoari», dio behin eta berriro. Hala da?

Bai. Oso-oso langilea da, eta beti dago prest lan egiteko; oso argi du teknika entrenatzeaz gain fisikoa ere landu behar duela. Eta hemen, beti bilatzen du modua gehiago hobetzeko; lantalde bat gara, eta horrek horretara bultzatzen du.

Zenbat pilotarik osatzen dute entrenamendu taldea?

Zazpi dira. Asier Agirre eta Unai dira pilotari profesional bakarrak. Besteak, berriz, afizionatuak dira. Astean hiru egunetan entrenatzen gara, eta partidaren egunean aktibatze saio bat ere egiten dugu. Oso giro polita dute elkarren artean. Beti daude elkarri xaxatzen eta elkarri erronkak botatzen: zeinek korri egin azkarrago, zeinek altxatu kilo gehiago. Baina modu sanoan egiten dute beti.

Unaik behar du halako giro on batean lan egitea?

Erabat. Hasieran, hiru pilotari besterik ez ziren taldean: Unai, Aitor [ Alduntzin] eta Aitor Zugasti, pilotari afizionatua. Eta Unaik zioen berak giro pixka bat gehiago behar zuela, beste pilotari batzuekin aritu; finean, lantalde handiago bat behar zuen. Unaik hori guztia behar du, lanak dakarren zama psikologikoa arintzeko.

Zertan hobetu du gehien?

Gauza askotan hobetu du, baina, batez ere, askoz indar handiagoa du hanketan; lehen baino askoz indar handiagoa du. Azkarrago mugitzen da, gainera, eta lehen baino min gutxiago ditu. Oso indartsua da goiko eta beheko enborretik, baina ikaragarria da orain hanketan duen abiadura. Eta, noski, berak izugarri eskertzen du hori. Pilota abiadura bizian ibiltzen da, eta zuk ere bizi-bizi ibili behar duzu. Unaik asko gozatzen du pilota, baina, gozatu ahal izateko, bizi-bizi mugitu behar da batetik bestera, eta denbora eman behar dizu ondo jartzeko eta pilota jotzeko.

Beti eman behar du dena?

Bai, pilotakada guztietan. Agian, ez du beste batzuek duten beso luzea edo altuera, eta, horregatik, dena ematen du pilotakada guztietan; baita entrenamenduetan ere. Batzuetan, gogorarazi behar diot kirol ibilbidea eta bizitza luzea dela, eta erritmoa jaitsi behar duela. Sumendiari ur pixka bat bota behar izaten diot batzuetan.

Zenbatetan esan behar izan diozu lasaitzeko?

Askotan, frontoian eta gimnasioan. Unai sumendi bat da, odol garbiko zaldi bat, eta, partida batzuetan, adibidez Altunaren gisako aurkarien kontra, agian ez duzu horren beroa izan behar, baizik eta hotzagoa, kalkulatzaileagoa. Horretarako, asko lantzen dugu arlo psikologikoa. Nire ustez, hotzago jokatu behar zuela konturatu izana erabakigarria izan zen Altunaren aurkakoari buelta emateko. Partida hasi aurretik, berotzen ari ginenean esan nion gerta zitekeela Altuna aurretik jartzea, eta horren ondorioz bera deseroso egotea kantxan. Halakoak gertatu ohi dira, eta are gehiago Altunaren gisako kontrario baten aurka; hark usaindu egiten du odola, usaindu egiten du aurkaria deseroso dagoela. Halakoetan, sufritu beharra dago, eta beste modu batean irabazten saiatu beharra dago. Zorionez, Unai garaiz ohartu zen, eta egoerari buelta eman zion.

Nola lantzen duzue arlo psikologikoa?

Egunero lantzen dugu. Lantaldean, elkarrekin hitz egiten dugu entrenamendua hasi aurretik. Unairekin, berriz, saio bereziak egiten ditut. Zertaz hitz egiten dugun? Unaik esaten dit zertan uste duen hobetu behar duela, eta zer egin dezakegun hori lortzeko. Bisualizazio ariketak ere egiten ditugu; aurkariaren arabera psikologikoki nola lehiatu behar den lantzen dugu.

Gertatu zitzaionak aldatu egin du?

Bai. Orain umilagoa da. Konturatu da gauzak lortzeko lana egin behar dela, sufritu beharra dagoela, eta une txarrak pasatu. Barneratu du egunero lanean konstantea izanez gero emaitzak iritsiko direla.

Nolakoa da eguneroko tratuan?

Oso pertsona ona da; maitagarria da. Baina oso intentsoa ere bai. Etxetik kanpo oso gustura egoten zara harekin, baina jakin nahiko nuke zer dioen horretaz Aitorrek, hura bizi baita harekin [barrez].

Haren botilero ere izan zara partidaren batean. Nola moldatzen zara egiteko horretan?

Jonek partida duenean [Mariezkurrena], nik egin izan ditut botilero lanak Unairekin. Esperientzia oso polita izan da. Gehiago sufritzen dut harmailan ikusle edo aldagelan prestatzaile gisa. Botilero naizenean buru-belarri aritzen naiz, partida aztertuz eta nola hobetu dezakegun pentsatuz.

Zer itxura hartzen diozu igandeko finalari?

Oso partida polita izango dela uste dut. Unaik eta Ezkurdiak jokamolde ezberdina dute, baina biak oso oldarkorrak dira. Erasora jokatuko dute, aurkariari min egitera. Oso borroka handia egongo da laugarren koadroaren erdigunea lortzeko. Partida irekia izango da, eta, batez ere, gogorra.

Etxean jokatuko dute biek finala, eta emozioak pil-pilean egongo dira. Arlo psikologikoak zeresan handia izango du?

Bai. Finala Iruñean izanda, Unaik kosta ahala kosta egon nahi zuen bertan. Jende asko mugiarazten du Nafarroan, eta, finala Iruñean izanda, haiekin zorretan zegoela sentitzen zuen. Hori ere nabarituko da finalaren egunean; haren zaleen aurrean jokatuta, tentsio eta presio handiagoa izango du. Agian, sumendiari ura bota beharko zaio, edo alderantziz, baliteke pilatuta daukan tentsio horrek mesede egitea.

Ikusi gehiago:Unai Laso: «Etxean, frontoia beteta, giro ederra... Sekulakoa izango da»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.