Manu Etxezortu. Euskadi Irratiko esataria

«Balia dezagun historia etorkizun hobe bat eraikitzeko»

Datorren denboraldi osoan 'Beste 40 urtean' irratsaioa egingo du Etxezortuk Euskadi Irratian. Irratiaren 40. urteurrena baliatuz, gizartean izandako aldaketak aztertuko ditu.

JON URBE / FOKU.
urtzi urkizu
Andoain
2022ko uztailaren 26a
00:00
Entzun
1991tik ari da EITBn Manu Etxezortu (Andoain, Gipuzkoa, 1969). 24 urte egin ditu Faktoria-n. Saio horretan egindako bidea amaitu du, baina ez du erretiroa hartu zenbaitek hala pentsatu duten arren. Irratian jarraituko du.

Uztailaren 8an aurkeztu zenuen Faktoria azkeneko aldiz. Zer sentitu zenuen?

Sekulako emozioa, ikusita lankideek egin zidaten ezusteko omenaldia.Oso hunkigarria izan zen; lankideen eta kolaboratzaileen mezuak grabatu zituzten, kanta bereziak, bertsoak... Oso estimatua eta maitatua sentitu nintzen.

Zer izan da zuretzat Faktoria?

Faktoria izan da nire bizitzaren zati handi bat. Ia 24 urte egin ditut saioan: goizeko albistegia aurkezten eman nituen bederatzi denboraldi; eta gero pasatu nintzen magazinaren partera, gehiago entretenimendura begira, eta hor egin ditut hamabost urte. Oso aberasgarria eta pozgarria izan da bidea, asko ikasi dut. Etorri diren gazteei gauzak erakutsi dizkiet, eta haiengandik ere asko ikasi dut. Sare sozialei buruz haiengandik ikasi dut, adibidez.

Irratigintzan hasi zinenetik zer da ikasi duzun gauzarik garrantzitsuena?

Jendeak esateko daukana entzun egin behar dela. Mundu guztiak dauka istorio bat kontatzeko, eta mundu guztia entzun behar da arretaz. Ikasi dut entzuten, eta gero hori kontatzen nire hitzetan. Faktoria-n, bestalde, era guztietako jendea ezagutzeko aukera izan dut. Entzuleak ere bai: urteotan entzule ugari arrimatu zaizkitentzuten nautela esatera.

Ikasten jarraitzeko gogoz?

Bai, beti ikasten da zerbait. Lanean ari zaren bitartean, kontzeptu, ideia eta hitz berriak iristen dira. Euskara ez dago guztiz normalizatua, eta beti ari zara gauzak esateko modu berriak ikasten.

Irailetik aurrera Beste 40 urtean irratsaioa egingo duzu. Izenak zeri egiten dio erreferentzia?

Forma ematen ari gara, eta irailean helduko diot bete-betean horri. Txirritak esan omen zuen izango zirela bere aipamenak beste 80 urtean. Horrekin akordatu nintzen, eta pentsatu nuen irratiak iraungo duela beste 40 urte. Euskadi Irratiak 40 urte beteko ditu azaroan, eta beste 40 egingo ditugu, behintzat.

Zein izango dira edukiak?

Errepasatuko dugu zer egin den 40 urte hauetan, bai irratian, bai gizartean. Ikus dezagun zer gertatu den politikan, ekonomian, kulturan, gizartean... Eta ez gaitezen gelditu bakarrik nostalgian: baliatu dezagun iragana, etorkizuna nolakoa izango den irudikatzeko. Omenaldia egingo diegu irratian urte askoan egon diren pertsonei. Garai bateko kolaboratzaileekin hitz egingo dugu. Eta, bestetik, hurrengo urteei begira erreferentzia izango diren pertsonak bilatuko ditugu.

Formatuak zer estilo izango du?

Formatu oso irekia izango da. Nahiko nuke astero desberdina izatea. Aste batean mahai inguru bat izan daiteke, eta hurrengoan erreportaje luze bat edo elkarrizketa laburrez osatutako puzzle bat. Ideia da zertarako aprobetxatu dezakegun historia etorkizun hobe bat eraikitzeko.

Urteurrenaz harago iraungo du saioak?

Nahiz eta urteurrena azaroko egun bakar bat den, Beste 40 urtean saioak denboraldi osoa iraungo du. Denborarekin, urteurrenaren ideia pixka bat lausotuz joango da, baina programak aurrera jarraituko du 2023an. Ez dugu telebistaren presiorik, gainera.

Telebistan lan egiteko tentaziorik izan duzu?

Gauza txikiak egin izan ditut. Azkeneko urteetan kolaborazioren bat edo beste egiteko eskaintza jaso dut, baina irratiko lanak ez dit aukerarik eman horretarako.

Baina Faktoria-ra ez zara itzuliko.

Orain Beste 40 urtean saioan murgilduko naiz, eta, ondoren, datorrena datorrela. Lasai nago.

Euskadi Irratiaren 40 urteak ospatzea berezia izango da, ezta?

Bai, oroitzapen asko izango ditugu, eta bidea urratu zutenei omenaldia egiteko tarte polita izango da. Hutsetik sortu behar izan zuten, eta une egokia da haiei aitortza egiteko. Bestalde, garai batean zenbait gai landu gabe gelditzen ziren, ez zegoelako euskal interlokutorerik; gaur egun, zaila da gai bat baztertu behar izatea ez dagoelako euskal hiztunik. Sekulako aldaketa nabaritu dut horretan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.