Jose Javier Zabaleta. Aspeko pilotaria

«Txapela irabazten badugu, Xabirentzat izango da zati bat»

Pixkanaka ari zaio pasatzen Zabaletari «disgustua», Tolosak min hartu eta gero finalerako sailkatu izanagatik. Hura ere ez zen gustura aritu. Baina, masajea hartuta, «askoz hobeto» dago.

GORKA RUBIO / FOKU.
Julen Etxeberria.
2023ko martxoaren 30a
00:00
Entzun
Jose Javier Zabaletak (Etxarren, Nafarroa, 1991) aitortu du «erreparo pixka bat» ematen diola jendeak finala jokatzeagatik zoriontzeak: «Pena handia izan zen Xabi lesionatzea». Baina «aurrera begira» daude jadanik. Beste motibazio bat dute orain. «Xabiri eskaini nahi diogu txapela».

Pasatu zaizue pena?

Pixkanaka ari da pasatzen. Inoiz ez duzu nahi halako zerbait gertatzea. Gainera, Xabi enpresakidea da, eta ordu asko egin ditut harekin. Ez da batere polita lagun bat horrenbeste sufritzen ikustea.

Nola zegoen?

Gaizki, eta oso-oso triste; edonor egongo litzateke horrelakoa antzeko zerbait gertatuz gero: aukera ederra zuten finalerako sailkatzeko, eta Xabik lehen aldia izango zuen. Oso-oso gogorra da lesio bategatik horrek guztiak ihes egitea.

Nekez kontsola daiteke halako zerbait pasatu zaion norbait.

Ezinezkoa da; hitzak sobran daude. Besarkada handi bat ematea da egin dezakezun bakarra. Eta horixe egin genuen.

Zerbait agindu zenioten?

Berak badaki Aitorrek eta biok barruan daukagun guztia emango dugula txapela irabazteko, eta, irabazten badugu, zati bat berarentzat izango dela.

Lau final jokatu dituzu zuk. Badakizu zenbat kostatzen den finalera iristea, eta zenbat gozatzen den hara iritsita.

Bai, eta sekulako mina eman behar du lesio batengatik gabe geratzeak. Gainera, Xabi oso ondo ari da aspaldian; izugarri saiatu da, eta oso kolpe handia izan behar du halako zerbait gertatzeak lehen aldiz final batera iristeko horrenbeste lan egin ondoren.

Sentsazioa duzue haiek jokatu behar zuten finala jokatuko duzuela?

Ez. Pena handia da gertatu zena, baina Aitorrek eta biok sekulako txapelketa egin dugu. Hau kirola da, eta aurrera egin behar da.

Partida amaieran esan zenuen ez zinela batere gustura aritu; horrenbeste, zalantzan jarri zenuen finala jokatu ahal izango zenuenik. Zer moduz zaude?

Askoz hobeto nago. Partidan, ez nintzen batere gustura aritu; tripako mina izan nuen. Asko sufritu nuen, asko nekatu nintzen, eta kolpe txar batzuk hartu nituen. Baina astelehenean masajistan egon nintzen, eta sekulako lana egin zuen. Pentsatzen dut gero eta hobeto egongo naizela.

Elordi eta zu ikusgarri aritu zineten finalerdietako ligaxkako bigarren partida jokatu arte: hamabost partidetatik hamahiru irabazi zenituzten. Baina Elordi eskas aritu zen Unai Lasoren eta Ander Imazen aurka, eta zu, Altunaren eta Tolosaren kontra. Zergatik bat-bateko txakalaldi hau? Luze egin zaizue txapelketa?

Kasualitatea da. Txapelketa oso luzea da, eta bikote guztiek izaten dituzte gorabeherak. Ezinezkoa da oso ondo jokatzea partida guztiak. Espero dut finalean biak gustura aritzea, eta gozatzea.

Zer esan zenioten elkarri igandeko partida bukatzean?

Pena zela gertatu zena, baina aurrera begira jarri behar genuela, finalari begira, eta, hura ondoen prestatzeko, lasai egon behar genuela, eta lana ondo egin. Eta finalean, beste horrenbeste: lasai atera behar dugu, eta barruan dugun guztia eman. Guk ezin dugu kontrolatu inguruan dagoen beste guztia. Beste bikoteak asko jokatzen du, eta haiek ere irabazi egin nahiko dute.

Azkeneko bi partidek zalantza eragin dizuete?

Ez. Berriro diot: gauzak lasai hartu behar dira, eta zalantzarik ez izan; ez ditugu. Elordik sekulako partida egin zuen igandean. Nik, ordea, egun txarra izan zuen, baina espero dut gorputzari buelta ematea eta ondo aritzea.

Erakutsi duzue biak ondo zaudetenean oso bikote indartsua zaretela.

Hala da, eta horri heldu behar diogu. Bikotea osatu behar dugu berriro; hori da garrantzitsuena binakakoan. Ez dugu ahaztu behar aurretik egindako guztia. Azken bi partidetan okerrago aritu arren, oso gustura ari gara elkarrekin.

Nola ikusi duzu bikotekidea? Bikain ari da lehen aldian.

Aitor oso ondo aritu da; hamazazpi partida jokatu ditu, eta, bat edo bi kenduta, onenen pare aritu da beti. Oso alai eta gogotsu dabil.

Nola ikusi duzu zeure burua?

Egin izan ditut txapelketa hobeagoak, baina ez naiz gaizki aritu; denetarik egin dut: batzuetan oso gustura aritu naiz, eta beste batzuetan, sufritu egin dut. Gustura nago egin dudan txapelketarekin.

Lasoren eta Imazen aurka jokatuko duzue finala. Zer itxura hartzen diozue lehiari?

Oso partida gogorra da; haiek beti heltzen diote partidari, eta barruan duten guztia ematen dute.

Zuek baino astebete gehiago izan dute atseden hartzeko. Abantaila da hori?

Ez dakit zehazki nola bukatuko zuten gure aurkakoa, baina abantaila da astebete gehiago izatea atseden hartzeko. Halere, ez diogu horri erreparatu behar. Ahalik eta ondoen iristeak axola behar digu guri.

Nola aritu dira Laso eta Imaz?

Imazek ez ditu jokatu zenbait partida, baina jokatu dituen ia guztietan aritu da oso sendo. Lasok, berriz, erakutsi du egun ona baldin badu lehia hauts dezakeela.

Hori eragoztea izango da lehentasuna?

Guk gure jokoa egin behar dugu, eta saiatu behar dugu bai Lasori, bai Imazi min egiten.

Aurreko lau finalak Bilbon jokatu dituzu. Hau, berriz, Iruñean jokatuko duzu, etxean. Pozik?

Oso. Etxetik gertu da, eta etxekoek aukera gehiago dute frontoira joateko. Etxean bezala ariko naiz.

Bizkaia frontoiaren aldean, beste berezitasun batzuk ditu?

Uste dut pixka bat biziagoa dela, eta lurra, gogorragoa. Laurontzat da frontoi ona pilotan aritzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.