Igor Zubeldia. Realeko jokalaria

«Gozamena da jende honekin Zubietan izatea; segitu nahi dut»

Realak ondo kokatuta ekingo dio ligaren azken herenari, Igor Zubeldiaren ustez. Azkoitiarra «gustura» dago txuri-urdinek egin duten lanarekin, baita berak egin duenarekin ere.

REALA.
Jon Ander De la Hoz.
Zubieta
2023ko apirilaren 1a
00:00
Entzun
Igor Zubeldia (Azkoitia, Gipuzkoa, 1997) irribarretsu azaldu da Realaren entrenamendu zelaira. Txuri-urdina maila onean ari da aurtengo sasoian, eta, jokalari gaztea izanagatik —26 urte bete zituen herenegun—, nabaritu du taldean hartutako «pisua». Vila-realen aurkako partida prestatzeko lan saioaren ostean, klubarekin lotutako zereginak ditu: «Elkarrizketa bukatu orduko Eibarko ikastetxe batera joan behar diat, gaztetxoekin egotera», esan du. Harrobia lantzea da hori.

Bi aste egin dituzu jokatu gabe. Zer moduz zaudete?

Nik uste ondo etorri zaigula etenalditxoa. Orain artean partida asko jokatu ditugu, eta gorputzak eskertu egiten du. Lehen astean gogor entrenatu genuen, baina asteburuan jaiegunak izan genituen. Indarberrituta itzuli gara, geratzen denari aurre egiteko.

Zertan oinarritu dira Imanolen lan saioak?

Ez da ezer aldatu. Jokalari gutxiago ginen, batzuk selekzioekin zeudelako, baina intentsitatea betikoa izan da. Nahiz partidarik jokatu ez, fisikoki mantendu egin behar izaten da.

Ligako azken herena hasiko da bihar, Vila-realen. Zer aldarte duzue?

Zatirik zailena da, eta politena ere bai, aldi berean. Hamabi partida dira, eta postu polit batean gaude [Reala laugarrena da sailkapenean]. Hor eutsi behar diogu, eta estutzea tokatzen da. Hurrengo aurkari asko aurkari zuzenak dira. Alde batetik ona da hori, abantaila handitu dezakegulako, baina, era berean, zailtasun puntua ere badu. Gogotsu gaude.

Aurkari behinenak aipatu dituzu. Lehendabizikoa bihar izango duzue.

Zaila, beste guztiak bezala. Halere, aurkaria baino garrantzitsuagoa izango da geuk egiten dugun lana. Gure lana egitera joango gara; [Zeramikaren] estadio horrek oroitzapen onak ekartzen dizkit, eta ilusioz goaz.

Txapeldunen Ligarako sailkatzea al da zuen helburua?

Bai. Gaur-gaurkoz, hor gaude, laugarren postuan. Helburu erreala da, eta zergatik ez amestu. Azken hiru urteetan Europa ligarako sailkatu gara, baina aurten beste zerbait lortzeko aukera dugu, eta taldeak lortu egin nahi du.

Txapelketa horretako txaplata besoan eramateko gogoz, beraz?

Bai, eta zelaira irtetean Europa ligako musika aldatzeko ere bai [barrez]. Txapeldunen Ligako musika Anoetan entzutea oso ederra izango da. Gaur-gaurkoz, posible da, eta saiatuko gara.

Europa ligatik eta Espainiako Kopatik kanpo, liga duzue helduleku bakarra. Horren penarik ba al duzue?

Bai, beti gehiago nahi izaten baita. Kopan, Bartzelonaren aurka hor egon ginen lehian, baina ez zen posible izan. Europan, Erromaren kontra, beste horrenbeste. Joaneko partida detaileek erabaki zuten, eta itzuleran, Anoetan, gertu egon ginen. Uste dut taldeak lan ona egin zuela. Aurreko urteetan talde handiek ateratzen ziguten koska murriztu egin dugu, eta hori albiste ona da taldearentzat.

Ondo jokatzen ari zara aurten. Inoizko ondoen ari al zarela uste al duzu?

Baietz uste dut. Nahiko erregularra naizela esango nuke, eta lesioek errespetatu egin naute hasieratik. Joan zen urtean gorabehera batzuk izan nituen lesio baten ondorioz. Aurten oso ondo sentitzen naiz: fisikoki ondo, eta konfiantzaere badaukat; horrek hazten laguntzen dio jokalari bati.

Zertan hazi da Igor Zubeldia?

Gehienbat, esperientzian, urte batzuk badirelako Lehen Mailan hasi nintzela. Jokoan ere, egoerak aztertzen pausoa ematen dut, nahiz eta jakin hobetzeko gauza asko ditudala.

Zer, adibidez?

Dena. Zerrenda luzea esango nizuke. Lehian, baloi irteeretan, defentsako lanean, kornerretan... Gauza asko ditut hobetzeko.

Datorren urteko ekainean amaituko zaizu kontratua. Zertan da hura berritzeko prozesua?

Hizketan ari gara. Egia da azkenaldian ez dudala asko hitz egin nire ordezkariarekin, baina beti esan dut: hemen nahiko nuke segitu, eta hori da nire helburua.

Etxean bezala, inon ez?

Dudarik gabe. Hona etortzea gozamena da. Urte asko dira talde honekin, eta oso gustura nago entrenatzaileekin, teknikariekin... Gozamena da horrelako jendearekin Zubietara entrenatzera etortzea, eta horrela segitu nahi dut.

26 urte bete dituzu. Gutxika-gutxika, aurrera zoaz zu ere.

Uste baino azkarrago, gainera! Hemeretzi urterekin egin nuen debuta, 26 egin ditut, eta denbora oso azkar pasatu zait. Ibilbide honetan egoera onak eta txarrak bizi izan ditut, baina nik uste dut onak gehiago izan direla. Txarretatik asko ikasi dut, eta denak balio izan dit.

Orain artean zelaian bizi izandakotik, zer gogoratuko duzu ondoen?

Gauza asko. Askotan, partida bat irabazterakoan izaten duzun sentipena ezin izaten da deskribatu, baina, hori alde batera utzita, [Espainiako] Kopa irabazi genuenekoa izan da orain arteko esperientziarik onena. Zergatik ez dugu beste garaipen bat lortuko laster?

Kanpotik begiratuta, itxura du garrantzia hartu duzula taldearen egunerokoan. Norberak ere hala sentitzen al du?

Bai, hala sentitzen dut. Urteen ondorioz sentitzen den zerbait da. Oker ez banaiz, seigarren denboraldia dut taldean, eta urtez urte igotzen dira koskak. Normalean norberak sentitzen du bai aldagelan, bai zelaian duen pisu hori, eta nik neuk ere sentitzen dut. Egia esan, harro sentitzen naiz horretaz.

Nola amaitu nahiko zenuke aurtengo sasoia?

Ahal den goren bukatu nahi nuke. Oraintxe bertan, laugarrenak gara, eta uste dut hori dela helburua, nahiz eta oraindik asko geratzen den eta azken bost partidak izango diren erabakigarrienak. Guk nahiko genuke hor goialdean amaitu, sari handia izango bailitzateke, bai guretzat, bai realzale guztientzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.