Anne-Marie Chiramberro. Komunikatzailea

«Euskal-amerikarren sareetan euskal eduki gehiago sartu nahi ditut»

Euskal Herriaren eta euskaldunen enbaxadore antzeko bat da komunikatzailea, eta, blogen eta sare sozialen bidez, ingelesdunak horietara eraman ditu. Orain, astero Youtuben bideoak jartzen hasi da.

HELLA BASQUE.
Edu Lartzanguren.
2019ko uztailaren 13a
00:00
Entzun
Anne-Marie Chiramberrok (Redwood City, Kalifornia, AEB, 1990) urte asko daramatza Euskal Herriaren eta euskaldunen inguruko komunikazio lana egiten, ingelesez, hellabasque.org blogean, eta, izen berarekin, Twitterren, Facebooken, Instagramen eta Youtuben. Aita Eiheralarrekoa du (Nafarroa Beherea), eta ama Biarnokoa (Okzitania). «Nire familia gehiena Euskal Herrian dago oraindik», esan du.

Euskal jatorriko jende asko dago AEBetan, baina Hella Basque bakarra. Nolatan sentitu zenuen euskal kontuen inguruan komunikatzeko beharra?

Hain zuzen ere, horregatik: euskal jatorriko jende asko dagoelako AEBetan. Zorionekoa izan nintzen, eta Euskal Etxe batetik gertu hazi nintzen. Horri esker, euskalduntasunari buruz ikasi nuen txikitatik. Euskal-amerikar gutxik dute aukera hori. Nahi nuen ingelesdunei eskaini modu erraz bat euren euskal jatorriaz eta gaurko Euskal Herriaz ikasteko. Blog eta webgune euskal-amerikar bikain batzuk badaude, urte luzez aritutakoak, baina nik, batez ere, sare sozialetan aritu nahi nuen.

San Frantziskon bizi zara, sare sozial handienak kudeatzen dituzten konpainien Mekan. Horrek eragin du zuk horretan arreta jartzea?

Hemen bizi naizenez, ikusten dut zelako industria handia den sare sozialena, eta zenbat negoziok erabiltzen dituzten horiek euren marketin estrategien barruan. Agian horrek eraman nau Hella Basque-ren sare sozialetako lana serio hartzera. Denbora asko pasatzen dugu egunero Facebooken, Twitterren eta Instagramen, eta euskal-amerikarren sareetan euskal eduki gehiago sartu nahi ditut. Diasporako askok jakin nahi dugu gehiago, baina gutxiagok hartzen du ikertzeko lana. Beraz, sare sozialak modu bat dira ikerketa hori eramateko egunean 5-10 bat minutu baino ez duen jendeari. Zoragarria dela deritzot. Gainera, modu dibertigarria da diasporako beste batzuekin harremanetan jartzeko, eta haien istorioak entzuteko. Euskal Herriaz elkarrizketa bat sortzeko modu bat da, jendea diasporarekin eta Euskal Herriarekin lotzeko.

Ostegunero Youtuben bideo bat argitaratzen hasi zara. Zergatik erabaki zenuen youtuber bihurtzea?

Egia esan, ez nuen youtuberra izan nahi. Lotsati samarra naiz, eta bideoak egiteko denbora asko behar da. Baina jende gehiagorengana heldu nahi nuen. Youtube Interneteko bigarren bilatzailerik handiena da, eta imajinatu nuen jende asko ibiliko zela euskal gauzak bilatzen. Esango nuke beste ingelesdun batzuek ere arazo bera izango dutela hizkuntzarekin, bilaketaren emaitza asko euskaraz eta gazteleraz baitaude. Horrek arrazoi gehiago eman dizkit informazio gehiago ingelesez sortzeko.

Zelako erreakzioak jasotzen ari zara?

Facebookeko kontuaren eta blogaren jarraitzaile gehienak euskal-amerikarrak dira. Baina Twitterren eta Instagramen, Euskal Herrikoak. Bi multzoekin aritzeak asko laguntzen du, diasporakoek zelako informazioa nahi duten ikasten baitut, eta, Euskal Herrikoengandik, han gaur zer gertatzen ari den. Ez naiz inoiz bizi izan Euskal Herrian, eta ezagutzen ditudan euskaldun gehienak aurreko belaunaldikoak dira; beraz asko laguntzen du gazteekin aritzeak. Haien istorioak eta nire aitarenak oso ezberdinak dira!

Euskaldunen San Frantziskoko ibilaldi gidatua egiten hasi zara. Interneteko komunikatzaile batek nolako oreka gorde behar du sareko eta mundu errealeko lanen artean?

Basque Walking Tour of San Francisco ekimena abiatu nuen ez nuelako inor ikusten hori egiten. Sarean egiten dudan bezala, liburu akademikoetan eta webgune txikietan askotan galduta geratzen diren istorioak jaso nahi ditut. Nahi dut euskaldunen ezagutza ahalik eta eskuragarrien egotea, eta niretzat horrek esan nahi du ahalik eta bide gehien erabiltzea. Batzuek nahiago dute Facebook; beste batzuek, Youtube; eta baliteke batzuek nahiago izatea aurrez aurre.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.