Kanporaketarik zailenak

Realak Bernabeun jokatuko du Kopako final-laurdenetan, eta Athleticek, berriz, Bartzelona hartuko du San Mamesen

Alexander Isak, iragan azaroaren 23an, Bernabeun. RODRIGO JIMENEZ / EFE.
mikel rodriguez
2020ko otsailaren 1a
00:00
Entzun
Espainiako Kopako zortzi onenen artean sailkatu diren euskal talde bakarrak dira Athletic eta Reala. Atzo egin zuten final-laurdenetako kanporaketak erabakitzeko zozketa, eta bi talde handienak egokitu zaizkie euskal herritarrei: Bartzelona Athletici, eta Real Madril Realari. Bizkaitarrek San Mamesen jokatuko dute, eta gipuzkoarrek, berriz, Bernabeun. Partida bakarrera jokatuko duten azken kanporaketa izanen da. Mirandes Vila-real eta Granada-Valentzia dira bertze lehiak.

Itxura batean Athleticek Realak baino zorte gehixeago izan du, etxean jokatzea egokitu zaiolako. «Athletic gara, eta San Mamesen edonori irabazi diezaiokegu», adierazi zuen atzo Asier Villalibre aurrelariak, zozketari buruz galdetu ziotenean, Lezaman egin zuen prentsaurrekoan.

Athleticek denboraldi honetako Kopan izanen duen Lehen Mailako lehenbiziko arerioa da Bartzelona. Quique Setien entrenatzaileak lau partida zuzendu ditu kataluniarren aulkian, eta argi-ilunak izan ditu Bartzelonaren jokoak. Estreinakoan 1-0 irabazi zion Granadari, eta ondoren gogotik sufritu zuen Kopatik Bigarren B Mailako Eivissa kanporatzeko (1-2). Valentziaren aurka, berriz, galdu egin zuen ligako azken jardunaldian (2-0), baina herenegun Kopako final-zortzirenetan Leganes zanpatu egin zuen (5-0). «Ez dugu haiei buruz hainbeste pentsatu behar, gure buruarengan pentsatu behar dugu», uste du Villalibrek.

Denboraldi honetan aurrekari on bat du Athleticek, ligako lehen jardunaldian 1-0 irabazi baitzion Bartzelonari San Mamesen. Kopari dagokionez, torneo horren historiako lehiarik klasikoena da bizkaitarren eta kataluniarren artekoa. Guztira 41 partida jokatu dituzte elkarren aurka, horien artean zortzi final; Bartzelonak bortz irabazi ditu —azken hirurak horien artean (2009, 2012 eta 2015)—, eta Athleticek hiru. Kopan azkenekoz 2015-2016 sasoian egokitu ziren elkarren aurka, final-laurdenetan, eta Bartzelonak Athletic kanporatu zuen.

Realak ligako gotorlekuetako batera bidaiatuko du. Hala ere, Imanol Alguacilek konfiantza du taldearengan. «Segur aski, haientzat ere Reala da egokitu ziezaiekeen kontrariorik okerrena». Reala denboraldi honetan ligako lehen itzulian aritu zen Bernabeun. Ezin hobeki hasi zuen partida, Willian Josek lehenbiziko minutuan gola sartuta, baina Real Madrilek partida irauli zuen (3-1). Dena den, Imanolek Bernabeun dituen aurrekariak ez dira txarrak, Realarekin entrenatzaile eta jokalari gisa han irabazi duen bakarra baita: 1993-1994ko ligan 0-2 —bigarren gola sartu zuen, gainera—, eta 2018-2019 denboraldian emaitza berberarekin.

Kopan, urte dezente pasatu dira azkenekoz elkarren aurka jokatu zutenetik. 1992-1993ko final-laurdenetan izan zen, eta kanporaketa gogoangarria jokatu zuten: Real Madrilek 4-0 irabazi zuen Bernabeun, baina Reala kanporaketa berdintzekotan egon zen Atotxan (4-1).

Willian Joseren barkamena

Imanolek hala nahi badu, Willian Jose bere erranetara edukiko du Bernabeun, Realak atzo ofizialki jakinarazi baitzuen brasildarrak taldean jarraituko duela. Harekin egindako elkarrizketa bat argitaratu zuen webgunean. «Pasatu da», erran du Willian Josek Tottenhamera joan nahi zuela-eta Espanyolen aurka Kopan jokatzeari uko egin ondoren piztu zuen haserreaz, «guztiei barkamena eskatzen diet, eta orain egunero lanean jarraitzera, jendearen konfiantza berreskuratzeko». Imanolek erran du Willian Jose bihar Leganesen aurkako ligako deialdian «sartzeko moduan» dagoela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.