Aitor Aranguren. Baikoko pilotaria

«Kostata, baina ari gara azkenean lan onaren fruitua jasotzen»

Azken bost lehietatik hiru irabazita, Artola-Aranguren bete-betean sartu dira kanporaketa jokatzeko lehian. Atzelariak argi du zein izango den gakoa: «Gogorrak izan behar dugu, huts gutxi egin eta aukerak baliatu».

MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Julen Etxeberria.
2021eko martxoaren 10a
00:00
Entzun
Aitor Aranguren (Aginaga, Gipuzkoa, 2000) lehen aldiz ari da jokatzen binakakoa titular gisa. Azkenekoan, hiru partida jokatu zituen ordezko moduan, eta ondo aritu zen: bi irabazi zituen, eta bat galdu. Aitortu duenez, «aldea» dago orduko eta oraingo egoeraren artean. «Orain, presio handiagoa dut, baina ari naiz ohitzen. Gero eta hobeto ari naiz».

Ikusi al zenuen Urrutikoetxea-Imazek Olaizola II.a-Rezustari 22-21 irabazitako partida?

Bai, eta urduri egon nintzen telebistari begira. Olaizola-Rezustak irabaztea nahi nuen. Pena izan zen. Baina lasai gaude. Guk gure lana egin genuen asteburuan.

Uste duzu azken jokaldian Urrutikoetxeak Olaizolari traba egin ziola eta epaileak buelta adierazi behar zuela?

Bai, Urruti mugitzen ari baitzen. Baina epaileak batzuetan ez du lan erraza.

Urrutikoetxea-Imazek galdu izan balute, biribila izango zen asteburua, ezta?

Bai. Guk irabazi egin genuen; gutxik espero zuten. Baina ondo jokatu genuen, eta merezita irabazi. Urrutikoetxea-Imazek galdu izan balute, biribila izango zen asteburua, baina bakoitzak egin behar du bere lana. Arriskutsua izan ohi da besteen mende egotea.

Lau jardunaldiren faltan, garaipen bakarrera dituzue bosgarren eta seigarren sailkatuak. Bete-betean sartu zarete kanporaketarako sailkatzeko lehian.

Duela bi aste, Urrutikoetxea-Imazen aurka jokatu aurretik, askok zioten ez genuela aukerarik, baina gu sinetsita ginen bagenuela. Partida garrantzitsu asko genituen jokatzeko: Urrutikoetxea-Imaz, Ezkurdia-Galarza eta Jaka-Martijaren aurkakoak. Lehena irabazi genuen, eta oraindik baditugu batzuk jokatzeko. Irabazten baditugu, agian barruan egongo gara.

Zein balorazio egiten duzu orain arte egindako lanaz?

Lehen partidan izan ezik [22-12 galdu zuten Olaizola II.a-Rezustaren aurka], orduan ni ez nintzen ondo aritu, besteetan ondo aritu gara; ez dugu lehia txarrik jokatu. Lan handia egin dugu, egoki, baina askotan ez dugu lortu saririk.

Txapelketako partidarik onena eginda irabazi zenioten joan den larunbatean Peña II.a-Albisuri: 22-13. Garaipen horrek konfiantza eta indarra eman dizue?

Bai. Batetik, lehen aldiz bi partida irabazi baititugu jarraian; bestetik, Peña-Albisu indartsu ari zirelako, eta jendeak zioelako ez genuela irabaziko. Baina Iñakik [Artola] eta biok argi dugu guretzat partida guztiak direla finalak, eta lana gogotik egin behar dugula. Horretan ari gara. Horri esker irabazi ditugu azken bi lehiak. Guretzat oso garrantzitsuak izan dira. Bide horretan segitzea da asmoa.

Huts bakarra egin zenuten. Hori da bidea?

Dudarik gabe. Partida gehienetan dominatuta egongo naiz, eta, beraz, ahal den huts gutxien egin behar ditugu. Iñakik, berriz, dituen aukerak aprobetxatu behar ditu. Gogorrak eta sendoak izan behar dugu defentsan; piloteoan eutsi egin behar dugu; eta aukera dugunean, aurrean, tantoa amaitu. Horrek izan behar du gure jokoak.

Bikote gogorra eta deserosoa izatea da helburua?

Bai. Oinatzekin [Bengoetxea] asko ikasi nuen. Partida guztietan dominatuta ibili behar izan genuen, eta hark behin eta berriro esaten zidan borrokatu egin behar genuela, eta ez genuela etsi behar.

Aldea dago Bengoetxearekin edo Artolarekin jokatuta?

Bai. Iñakik kolpe handiagoa du, eta luzatu egiten du pilota. Asko jokatzen du, baina baita kendu ere. Oinatzek, ordea, kolpe gutxiago du, eta saiatzen da aurrean tantoa azkar bukatzen. Harekin lan gehiago egin behar nuen. Baina oso gustura aritu nintzen. Iñakirekin ere oso gustura ari naiz.

Lehen aldiz ari zara titular gisa binakakoan. Azkenekoan, hiru partida jokatu zenituen ordezko moduan. Aldea dago?

Bai. Iaz, ez nuen horrenbesteko presiorik; bikoteari laguntzeko eta neure burua hobetzeko jokatu nuen. Aurten, ordea, neure burua eta bikotea ahal den urrunena eraman behar dut. Eta horrek presio handiagoa eragiten dit.

Zer moduz eramaten duzu presioa?

Nahiko ondo. Lehen partidari buelta dezente eman nizkion, baina, bigarrenean, ikusi nuen gai nintzela onenekin jokatzeko, eta burua lasaitzen hasi nintzen. Ordutik, hobera egin dut. Gero eta hobeto daramat presiopean jokatzea.

Asko ikasten da halako txapelketa bat jokatuta?

Astero ikasten da zerbait. Gainera, ia beti dominatuta egoten naiz, eta halakoetatik ere ikasten da. Ni astero ari naiz ikasten. Ikasgai ona izaten ari da binakakoa.

Burugogorra izan behar da halako egoeretan?

Partida osoa egiten dut zortzian edo bederatzian. Ezinbestean izan behar da burugogorra, ez etsitzeko. Ni txikitatik izan naiz burugogorra. Balio dut horretarako. Ondo ari naiz lan horretan.

Enpresak konfiantza handia du zuregan.

Iazko Bigarren Mailako binakakoan hasi zen dena. Jon Anderrek [Peña] eta biok lan ona egin genuen, eta ordutik enpresak aukerak eman dizkit: lehenbizi, ordezko izatea; gero, Mastersa jokatzea, Ezkurdiarekin; eta orain, titular izatea binakakoan. Pixkanaka gora egin dut, eta zorionez, enpresak aukerak eman dizkit.

Zertan duzu hobetzeko?

Frontisetik pilota urrunago botatzen, baina ari naiz ere horretan. Altuera handixeago ematen diot pilotari. Hobetzen ari naiz.

Onenekin nor baino nor gehiago aritzeko moduan ikusten duzu zeure burua?

Hasiberria naiz ia. Dominatuta nagoenean ez etsitzen ikasi dut, baina nik ere dominatu behar dut noizbait. Oraindik koska handia falta zait atzelari batzuen mailara iristeko, baina gogor ari naiz lanean hobetzeko.

Aipatu dituzun atzelari horietako bat izango duzu aurkari etzi: Jose Javier Zabaleta. Ikusgarri ari da.

Asko jotzen du, eta, horri esker, asko dominatzen du. Gainera, hobera egin du, eta orain gutxi galtzen du ere, eta asko estali. Egungo atzelari onena da. Saiatu behar dut Iñakiri laguntzen jokoan, eta ez etsitzen. Ni beti noa irabazteko asmoz frontoira, nahiz eta aurkaria gehiago dela jakin. Partida oso zaila da, baina faboritoek ere izaten dituzte egun txarrak, eta guk halakoak aprobetxatu behar ditugu. Horixe egin genuen Peña-Albisuri irabazita. Gogotsu gaude, eta konfiantzaz. Kostata, baina azkenean, lan onaren fruitua jasotzen ari gara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.