Musika, sortzaileak eta umorea izango dira udan Hamaika Telebistan

Geuretik Sortuak proiektuko artistekin egindako elkarrizketak eta erreportajeak eskainiko ditu

Hamaika Telebistako Kolpez kolpe saioaren emanaldi bat, artxiboko irudi batean. HAMAIKA TELEBISTA.
jakes goikoetxea
2022ko uztailaren 7a
00:00
Entzun
Informazioa, musika, sortzaileak eta umorea izango dira Hamaika Telebistaren udako eskaintzaren oinarri nagusiak. Informazioa, udan eutsi egingo dietelako eguneroko albistegiei. Era berean, Gurean gaur magazina egingo dute uztailaren erdialdera arte. Sanferminak izango dira egunotan magazinaren osagai bereizgarriak. Udako informazioaren eskaintzaren barruan sartzen da Orain bertan saioko informazio praktikoa, eguraldiari eta kultur agendari buruzkoa.

Kolpez kolpe da Hamaika Telebistaren programazioaren ikurretako bat. Udan ez dute saio berririk egingo, baina urtean zehar eskainitako saio onenen bilduma egingo dute, eta udan ere ikusi ahal izango dira. Gainera, saio horiek berrikuntza bat izango dute, elementu berri bat: esketxak. Enbata dator izango da haien izena.

«Uda giroan kokatutako esketxak dira», azaldu du Ekhiñe Atorrasagasti Hamaika Telebistako Eduki arduradunak. Kolpez kolpe-ko lantaldeko kideak izango dira protagonistak: «Abentura propioetan murgilduko dira, tartean enbata bat ere etorriko da, kaleko giroa, programaren ekoizpeneko bizipenak... umore ukituarekin, baina gai serioei eutsiz». Saioaren denboraldi berriaren atariko modukoa izango dira umore pilula horiek. Jada eskainitako saioekin josiko dituzte udan.

Hamaika Telebistaren musika eskaintza ikus-entzuleen bidelagun izatea nahi dute udako atseden garaian. Indartu egingo dute Bizi musika tartea, eta errepikatu egingo dituzte orain arte eskainitako Musika zuzenean saioko kontzertuak.

Musika eskaintzaren barruan, Hatortxu Rockeko kontzertuak zuzenean eskaintzea da Hamaika Telebistaren asmoa, baina oraindik guztiz lotu gabe dute. Aurten, uztailaren 29tik 30era egingo da jaialdia, Atarrabian (Nafarroa). Parte hartuko duten musikarien artean daude, besteak beste, Des-kontrol, ETS, Anari, Skabidean, Delirium Tremens, Zetak, Lukiek...

Sortzaileek bi leiho izango dituzte Hamaika Telebistan: alde batetik, Geuretik sortuak; bestetik, Klik batean. Udalbiltzaren proiektua da Geuretik Sortuak. Zinemagintzako, literaturako eta antzerkigintzako 26 sortzailek egonaldiak egin zituzten beste hainbat herritan, eta, egonaldi eta testuinguru horietatik abiatuta, lanak sortu zituzten. Gero, lan horiek herriz herri zabaltzen eta erakusten hasi dira. Hamaika Telebistak sorkuntza prozesu hori jaso zuen, sortzaile guztiekin elkarrizketak eta erreportajeak egin zituen, eta udan ikusi ahal izango dira.

Iruñerriko gazteak

Sortzaileen bigarren leihoa Klik Batean izango da, «Iruñerriko kultur adierazpenen bildumak». Orain arte pilulen moduan ikusi ahal izan dira, baina udan saio itxura emango diete. «Eduki berritzaileak dira», nabarmendu du Atorrasagastik. «Izugarria da Iruñerriko kultur sorkuntza, gazteena batez ere. Hori guztia bildu egin dugu, eta oso dokumentu interesgarriak dira».

Nafar away saioak arrakasta izan du Hamaika Telebistan. «Saio arrakastatsua eta freskoa da», Atorrasagastiren arabera. Orain arte grabatutako saioen bilduma ikusi ahal izango da uda honetan.

Euskal Herriko zenbait paraje musikak lagunduta ezagutzeko, 11 leiho saioa dute Hamaika Telebistan. Saio hori «indartu» egingo dute, edizio eta ekoizpen aldetik. «Tarte lasaiagoak dira», azaldu du Atorrasagastik, «baina lagundu egiten dute udaren moduko atseden garaietan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.