Diego Beaskoetxea. Puntista

«Zesta-puntak dena eman dit, eta nik hari; bakean gaude»

Erabakia du: Winter Series izango da jokatuko duen azken txapelketa garrantzitsua. 25 urteko ibilbide oparoa amaituko du. «Itzela litzateke etxean txapeldun izanda agur esatea». Bidean dago: finalerdietan dago.

JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Julen Etxeberria.
2023ko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun
Diego Beaskoetxea (Miami, AEBak, 1981) topatu nahi duenak erraza du: bila dezala Gernika-Lumoko (Bizkaia) Jai Alai frontoian. Egun ia osoa ematen du han. Zesta-puntako eskolako arduraduna da. Aitari, Gonzalo Beaskoetxea puntista ohiari, hartu zion erreleboa 2020an. Hark ikasitakoa erakutsi nahi die ikasleei. Asko da hori, bizitza osoa baitarama zestan; tartean, 25 urte profesionaletan. Urteurren biribil hori baliatu nahi du erretiroa hartzeko. «Bada garaia beste batzuei tokia uzteko».

Astelehenean jokatuko da Winter Seriesetako lehen finalerdia: zu eta Imanol Lopez, Jean Olharanen eta Thibault Basqueren aurka. Zer itxura hartzen diozu partidari?

Oso gogorra izango da. Haiek oso indartsu dabiltza: hiru partidak irabazi dituzte; bete-betean ari dira, pilota asko sartzen, eta partidak luzatzen.

Non egon daiteke gakoa?

Gure jokoa egin behar dugu: Imanolek nagusitu behar du atzean, eta erritmo bizia jarri; nik, berriz, ausart aritu behar dut aurrean, eta tanto asko egin.

Jokatzeko gogoz zaudete?

Bai. Duela hilabete pasatxo jokatu genuen azken partida, eta ez da erraza erritmoa hartzea. Entrenatzen aritu gara burua lehian izateko. Denok gaude egoera berean.

Girorik ez da faltako. Bete egingo da berriz frontoia. Horrek aspaldi utzi zion ezustea izateari.

Halaxe da. Frontoia goraino betetzen da astelehenero, eta oso giro ona egon ohi da. Guretzat pozgarria da hori; askoz gogo handiagoz etortzen gara.

Etxekoa zara. Zer sentitzen duzu astelehenero frontoia lepo ikusten duzunean?

Etxekoa izanik, zaleek asko animatu naute beti. Beteranoa ere banaiz, eta, puntista gazteagoen aldean, nik jokatu izan dut frontoia beteta zegoela. Halere, ez da normala astelehenero 2.000 pertsona egotea frontoian.

Lehen ekitaldiak arrakasta handia izan zuen, baina bazegoen kezka olatuak behera egingo ote zuen. Ez da horrela izan, eta gora egin du. Espero zenuten?

Ez. Gure beldurra zen iaz zortzi jaialdi jokatu zirela, eta, aurten, halako bi jokatuko zirenez, agian jendea nekatu egingo zela. Baina iaz baino jende gehiago dabil. Berdin du nork jokatu; frontoia bete egiten da beti; sekulakoa da.

Zein da arrakastaren sekretua?

Hau ez zen iaz hasi. Gernikan badira bost urte udan txapelketa bat egiten dela; eta frontoia bete egiten da. Neguan hori lortzea zen egitekoa. Egin da, eta arrakastatsua izan da. Sekretua? Lehenbizi, frontoia; berezia da Gernikakoa, jokatzeko eta ikuskizunaz gozatzeko. Antolatzaileak ere oso lan ona egiten ari dira. Eta horri guztiari bultzada handia eman dio telebistak, ETBk.

Puntistok behin eta berriz zenioten zesta-punta «produktu ikusgarria eta erakargarria» dela, eta «bultzada» batekin «arrakastatsua» izango zela. Hala izan da.

Guk oso argi dugu zesta-punta oso produktu ona dela. Horren erakusle da munduan gehien hedatu den euskal kirola dela. Ni, adibidez, 5.000 lagunen aurrean jokatutakoa naiz Miamin eta Floridan. Ulergaitza zen etxean arrakasta ez izatea. Bultzada bat eman behar zitzaion, eta, zorionez, eman zaio: antolatzaileak txapelketa garrantzitsuak egiten hasi dira, eta telebistak asko lagundu du zesta-puntak gora egin dezan.

Aspaldiko garairik onena du zesta-puntak?

Ilusio handiena piztu duen garaietako batean dago: ikusten da honi eutsiz gero etorkizuna izan dezakeela. Baina duela bost urte bi frontoi zeuden Floridan [Danian eta Miamin], eta ehun pilotari bizi ziren zestatik, horietatik gehienak hemengoak. Agian garai hobea zen hura. Halere, garai polita dugu orain, ilusioa pizteko modukoa.

Pena ematen dizu garai hau zure ibilbidearen amaieran iritsi izanak?

Ez. Jendeak askotan galdetzen dit hori, baina jende hori orain zaletu da. Nik hogei urtez jokatu dut AEBetan! Hemen ere txapelketa garrantzitsuak jokatu ditut, frontoia beteta zegoela. Nik AEBetan bizi izan dudana ziurrenik inork ez du biziko gehiago. Izugarri gozatu dut zestaz; orain, beste batzuen txanda da. Trankil noa. Gainera, egoera onean uzten dut zesta.

Opari gisa hartu duzu garai hau?

Bai. Azken bospasei urteetan, batzuk aritu gara zesta-puntari tiraka: Goikoetxea, Lopez, Irastorza, ni neu... Barruan genuen guztia eman dugu zestaz hitz egin zedin; Ameriketara ere joan gara. Horrek mesede egin dio zestari, haren ospeari eusteko.

Iaz esan zenuen «ziurrenik» azken urtea zenuela, baina oraindik jokatzen ari zara. Noiz arte?

Nik uste dut Winter Series izango dela jokatuko dudan azken txapelketa garrantzitsua. Aukera polita da erretiroa hartzeko: txapelketa ederra da, etxean ari naiz, 25 urte egingo ditut aurten profesionaletan... Bada ordua uzteko. Ea modu ederrean egin dezakedan hori.

Txapela irabazita?

Sekulakoa litzateke! Baina zaila dago. Aurkari gogorrak daude.

Zer eman dizu zesta-puntak?

Dena. Inoiz ez nuen imajinatuko honaino iritsiko nintzenik. Zestari esker, hogei urtez bizi izan naiz AEBetan, han izan dut familia... Dena eman dit, baina nik ere dena eman diot; bakean gaude.

Zein duzu oroitzapenik onena?

Kantxakoa, irabazi nuen lehen txapelketa handikoa: Urrezko Xistera. Kosta egin zitzaidan lehen txapelketa handia irabaztea: 26-27 urterekin irabazi nuen. Zorionez, gero iritsi ziren beste batzuk. Kantxatik kanpokoa, berriz, Floridan bizi izan nintzen garaikoa dut oroitzapenik onena; hogei urte egin nituen han, eta ezin hobeak izan ziren.

Ez duzu utziko zesta-punta. Gernikako eskolako arduraduna zara. Aitari hartu zenion lekukoa duela bi urte. Horrek lagunduko dizu hutsunea arintzen?

Bai, noski. Frontoian segituko dut. Goiz eta arratsalde egiten dut hemen gazteekin.

Badago harrobia?

Eskola gutxi gara, baina ondo ari gara. Gernikan, jende asko hasi da azken urteetan: ehun gazte ditugu; ezohikoa da hori. Ea zaletasuna beste herrietara zabaltzen den.

Zer esaten diezu lehen egunean? Nola saltzen diezu zesta?

Ez da erraza; egungo gazteek hiruzpalau kirol egiten dituzte, eta, urtebetera-edo aukeratu egiten dute. Zorionez, gurean, lehen aldiz etortzen direnei gustatu egiten zaie, eta segitu egiten dute.

Amu polita duzue; finalerdietan ariko diren zortzi pilotarietatik hiru dira Gernikakoak: Xabi Barandika, Unai Lekerika eta zu. Unairen anaia Urko ere aritu da.

Gure eskolarentzat oso garrantzitsua da hori; amu oso ona da. Oso pozik gaude.

Durangoko frontoi berria inauguratuko dute bihar. Zesta-puntako eskola ere sortu dute.

Oso albiste ona da: Durango oso plaza garrantzitsua izan da, eta zaletasun handia dago. Entrenatzaile berriak daude inguruan, gazteagoak, eta hori ere oso ona da.

Egongo da hirugarren belaunaldirik familian?

Seme bat eta alaba bat ditugu. Semeak 7 urte ditu, eta oraindik ez du zaletasun handirik. Baina badabil. Ea erreleboa hartzen digun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.