Dani Diez. Baskoniako jokalaria

«Leku aproposa aurkitu dut ni naizen bezalakoa izateko»

Partida garrantzitsua jokatuko du Baskoniak gaur, Euroligan, Maccabiren aurka. Partidaren zailtasunaz jakitun da Dani Diez, baina taldearen aukeretan sinetsita, balentria egiteko prest dago madrildarra.

L. RICO / EFE.
Beñat Mujika Telleria.
2023ko martxoaren 16a
00:00
Entzun
Entrenamendua amaitu berritan, Tel Avivera eramango dituen hegazkinera igo aurretik hartu du telefonoa Dani Diezek (Madril, 1993). Euroligako partida garrantzitsua jokatuko du han Baskoniak gaur (20:00, Dazn). Kanporaketetan egoteko pauso handia emango dute arabarrek irabaziz gero. Ez da erraza izango, ordea. Maccabi da etxean partida gehien irabazi duen taldea Euroligan, eta 2018az geroztik han irabazi gabe dago Baskonia.

Bolada txarra igaro duzue, bainaosatzen ari zarete. Nola eragin dio bolada honek taldeari?

Daukagun egutegiarekin ez daukagu pentsatzeko denbora askorik. Kopakoa kolpe gogorra izan zen, ilusio handia genuelako. Taldean esperientzia falta nabaritu zen horrelako lehiaketa batean lehiatzeko. Joventut hobea izan zen, besterik gabe. Bideoa aztertu genuen etorkizunean akats berberak ez egiteko, eta uste dut ondo altxatu garela. Euroligan ere bolada txar bat pasatu dugu. Oso lehiaketa estua da, eta oso zaila daetxetik kanpo irabaztea. Baina azken garaipena etxetik kanpo lortu genuen, Real Madrilen aurka, eta balentria hori Tel Aviven errepikatzen saiatuko gara, nahiz eta oso zaila izan.

Maccabi aurkari zuzena da. Garaipenak balio bikoitza izango luke. Non egongo da partidaren gakoa?

Gakoa 40 minutuan gogor jokatzea izango da. Defentsan oldarkorrak bagara, eta errebotea kontrolatzen badugu, ez diegu korrika egiten utziko, eta partida lehiatzeko eta irabazteko aukera asko izango ditugu. Uste dut horretarako prest gaudela. Badakigu etxean partida gehien irabazi duen taldea dela Maccabi. Haien kantxan irabaztea oso erronka zaila da, baina, gauzak ondo egiten baditugu, gure aukerak izango ditugu.

Euroligan lau partida bakarrik irabazi dituzue etxetik kanpo. Orain, Tel Avivera eta Belgradera joan behar duzue. Hainbeste aldatzen da partida bat etxean edo kanpoan jokatuta?

Egia da kontraste handia dagoela taldearen jokoan etxean edo kanpoan jokatzen dugunean, baina uste dut pixkanaka hobetzen ari garela. Ulertzen ari gara etxetik kanpo ezin dugula jokatu soilik erasoan jaurtiketak sartzera. Joko oso alaia duen taldea gara, eta puntu asko sartzen ditugu, baina hobeto defendatu behar dugu, eta batez ere aurkariari bigarren aukerak mugatu. Etxetik kanpo irabazi nahi badugu, defentsan sendo egon behar dugu.

ACBn eta Euroligan puntu gehien sartzen duen taldea zarete, baina defentsan puntu asko jasotzen dituzue.

Hori hobetu egin behar dugu, noski. Erasoan hainbeste puntu sartzeko gaitasuna izatea nik bertute gisa hartzen dut, baina argi dago defentsan dagoela hobetu beharreko alderdia. Urtero talde bakoitzak bere ezaugarriak ditu, eta gurea saskiratzeko ahalmena da aurten. Baina goian egon nahi badugu, eta gauza handiak lortzeko borrokatu, horrek bakarrik ez digu balio. Hori lantzen ari gara, eta esango nuke azkenaldian hobetzen ari garela.

Pertsonalki nolakoa izan da Euroligara itzultzea?

Oso albiste ona. Ilusio eta gogo handiz etorri nintzen, eta esperientzia pozgarria izaten ari da. Lau urtez Txapeldunen Liga jokatu ondotik nentorren, baina taldeen maila eta jokalarien maila fisikoa oso desberdinak dira Euroligarekin alderatuta. Ahalik eta ondoena prestatu naiz gorenean lehiatzeko, eta entrenatzaileak pistara ateratzen nauenean, ahalik eta ondoena egiten saiatzen naiz. Horrelako talde batean jokatzeak egunez egun asko ikasteko aukera ematen dizu, eta oso pozik nago hemen.

Zer eskatzen dizu Peñarroyak?

Defentsan dena ematea eta errebotean laguntzea. Erasoan lasai egoteko behar dudan konfiantza ematen dit, eta aukera dudanean jaurtitzera animatzen nau. Ez dit inoiz egin ez dudan ezer eskatzen, soilik oso kontzentratuta egotea pistan nagoen minutu guztietan; taldeari sendotasuna emateko gehienbat. 30 urte egingo ditut, eta urteak daramatzat gorenean. Taldeko jokalari beteranoetako bat naiz, eta nire roletik gainerakoei laguntzen eta egunez egun hobetzen saiatzen naiz.

Tadas Sedekerskisek neurketa batzuk galduko ditu min hartuta baitago. Aukera bat da zuretzat?

Lesioak oso ohikoak dira talde guztietan, partida asko jokatzen ditugulako. Orain Tadasi egokitu zaio, eta pena da, baina aukerak guztioi iristen zaizkigu. Joanek ez du behar jokalari batek min hartzea beste bati jokatzeko denbora emateko. Jokalari guztiak erabiltzen ditu, eta hainbeste partida erritmo bizian jokatuta, oso garrantzitsua da denok prest egotea taldeari ekarpena egiteko.

Ez zaude taldean gehien jokatzen duten jokalarien artean. Baina jaurtitzailea zarenez,jaurtiketak sartzea eskatzen zaizu. Nola jokatzen da presio horrekin?

Maila honetan jokatu nahi badugu, exijentzia hori guztiok izan behar dugu. Urte asko daramatzat saskibaloian, eta badakit aukera asko izango ditudala jaurtitzeko. Ez dut presio gehigarri gisa hartzen. Barruan dudan saskibaloia ateratzen saiatzen naiz.

Beste elkarrizketa batean aipatu zenuen Baskonia desberdina dela beste taldeekin alderatuta. Zergatik uste duzu hori?

Egon naizen beste klubekiko errespetuarekin, baina beste exijentzia maila bat dago hemen egunerokoan. Beti goian egon nahi duen kluba da Baskonia, eta horretarako, lehen egunetik barneko exijentzia ikusten da. Hori ona da, eta, gainera, uste dut bat datorrela nire izaerarekin. Leku aproposa aurkitu dut ni naizen bezalakoa izateko eta dena lortzeko borrokatzeko. Zorionekoa naiz Europako jokalari onenen aurka lehiatu ahal izateagatik, eta harro nago hori Baskoniaren elastikoa jantzita egiteagatik.

Talde batzuetan erreferentziazko jokalarietako bat izan zara, eta beste batzuetan rol jakin bat bete duzu. Zein roletan sentitzen zara erosoen?

Nire ibilbideko garai batean nago, non nahiago dudan maila honetan jokatu, esperientzia emanez eta kantxan nagoenetan lan ona eginez. Horrela zaleak eta taldekideak pozik daude nirekin, eta ni ere bai nire lanarekin. Nahiago dut hori talde apalago batean erreferentzia izatea baino. Jokalari batek ahalik eta denbora gehien jokatu nahi du ahalik eta talderik onenean. Badakit non nagoen, eta aukera hau pribilegioa da niretzat. Horregatik, egunerokoan poza eta esperientzia transmititzen saiatzen naiz.

Askotan zutik egon ohi zara aulkian, txaloka eta animoka zure taldekideen ekintza bakoitzean. Txikitatik daukazun ohitura da?

Ziur asko beste norbaiti ikasia izango da. Gazteagoa zarenean isilagoa zara, eta beteranoak laguntzen saiatzen dira. Haiengandik ikasten duzu. Talde askotan egon naiz eta dinamika oso desberdinekin, eta argi daukat nahiago dudala talde irabazle batean nire ekarpena egitea, galtzen duen talde batean onena izatea baino. Talde irabazle batekingozatzen dut, eta saiatzen naiz nire taldekideek ere hala egin dezaten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.