Sophie Istillart. Athleticeko jokalaria

«Ea Iparraldeko jokalari gehiago datozen Athleticera»

Lehen denboraldia du Istillartek Athleticen. Asko ikasi duela dio, eta jokalari osoagoa dela. Urte asko egin nahiko lituzke zuri-gorriz: «Baliabide guztiak ditugu gure onena emateko».

ATHLETIC.
ainara arratibel gascon
2021eko ekainaren 5a
00:00
Entzun
Athleticek Levanteren zelaian jokatuko du bihar, 11:00etan, eta, ezusterik ezean, Sophie Istillart (Baiona, 1996) hamaikakoan izango da. «Levante goian dagoen taldea da, baina gure jokoa eginez gero, irabaz dezakegu». Zortzi urterekin hasi zen futbolean jokatzen, Hendaian (Lapurdi); Irunen (Gipuzkoa) ere jokatu ostean, Bordelera joan behar izan zuen bere ibilbidearekin segitzera. Han izan zuen Athleticek haren berri.

Lehen sasoia amaitzear zaude Athleticen. Zein sentipen duzu?

COVID-19a dela eta, ez da denboraldi erraza izan inorentzat. Gainera, taldeak bolada txarra pasatu zuen azaro eta urtarrila artean. Baina gauzak asko aldatu dira ordutik. Oso gustura nago taldean. Ea falta zaizkigun partidetan puntu dezente biltzen ditugun, eta ahalik eta posturik onenean amaitzen dugun denboraldia. Anbizio handiko multzoa gara. Gainera, askotan, sasoi baten amaierak eragina izaten du hurrengoaren hasieran. Sentipen onenekin joan nahi dugu oporretara, hurrengoari konfiantzaz ekiteko.

Nola bizi izan zenituen azaro-abenduetako garai zail haiek?

Gogorra izan zen. Batetik, nik etengabe pentsatzen nuen: «Behin hona etorriko, eta hau tokatu behar». Bestetik, taldekideak kezkatuta ikusten nituen, ez baitzeuden ohituta egoera horretan egotera. Halakoetan behean egon ohi diren taldeek abantaila txiki bat dute, badakitelako zer den hori, eta nola kudeatu. Baina ziur ginen aurrera egingo genuela, eta hala izan da.

Iraia Iturregik taldearen ardura hartzeak nolako eragina zuen egoera iraultzeko orduan?

Handia. Angelen [Villlacampa] inguran ez dut ezer txarrik esateko. Lan ona egin zuen. Baina esango nuke Iraiarekin taldeak lasaiago jokatzen duela. Ez duela horrenbesteko presiorik. Lehen egunetik esan zigun ausartak izan behar genuela, eta ez geniola beldurrik izan behar hanka sartzeari. Horrek konfiantza handia eman zigun. Gainera, komunikatzeko ahalmen handia du. Gauzak oso argi azaldu, eta asko hitz egiten du jokalariokin. Oso gertukoa da. Hori asko eskertzen da; konfiantza ematen dizu. Kluba ondo ezagutzen du, jokalari izandakoa da, eta horrek asko laguntzen du. Bolada zail zein onetan badaki jokalariaren larruan jartzen.

Futbolari moduan, zer izan da denboraldi hau zuretzat?

Oso garrantzitsua izan da. Asko ikasi dut. Espainiako Ligako eta Frantziako Ligako jokoa desberdinak dira. Espainiako Ligan bizkorrago jokatzen da, eta teknikoki hobea da. Gainera, neurketa gehiago jokatzen dira. Frantziako Liga ere teknikoa da, baina askoz fisikoagoa. Ni eroso nago hemen, joko tekniko eta bizi hori gustuko dudalako. Partidak jokatu ahala, uste dut egokituz joan naizela taldearen jokora, eta hemengo erritmora. Jokaldiak oso bizkor pentsatu behar dituzu. Tekniko-taktikoki, iritsi nintzenean baino jokalari osoagoa naizela uste dut. Apustu handia egin nuen ikasketak utzi eta arreta osoa futbolean jartzeko, eta momentuz ondo ateratzen ari zait. Hala ere, ezin dut lo hartu, hemen lehiakortasuna handia baita. Lana izan da beti nire ezaugarri nagusia.

Zein taldekiderengatik ikasi duzu gehien?

Denengandik. Baina, baten bat aipatzekotan, Lucia [Garcia] eta Ainhoa [Vicente] Moraza aipatuko nituzke. Ainhoa oso jokalari bizkorra da, eta sakontasun handia ematen dio taldeari. Luciak ere abiadura handia du, eta oso ondo mugitzen da. Horrek aukera asko ematen dizkio arean. Aurrelarien sen berezi hori du.

Eta zeinek lagundu dizu gehien egokitzapenean?

Giro ona dugu guztiek; familia bat gara. Baina harreman gehien Eunaterekin [Arraiza], Anerekin [Azkona], Andrearekin [De la Nava] eta Amaiarekin [Peña] dut. Eunate eta Ane, ni bezala, Lezaman bizi dira, eta haiekin egiten ditut planak batez ere. Tarteka Bilbora joaten gara, baina ni lasaia naiz, eta etxean egotea ere gustatzen zait. Horregatik aukeratu nuen Lezama bizitzeko. Oso herri atsegina eta lasaia da. Gainera, aukera dut entrenatzera oinez joateko. Euria egiten duenean baino ez dut hartzen autoa. Oso gustura eta eroso nago.

Uste duzu hemendik aurrera Iparraldeko jokalari gehiago etor daitezkeela Athleticera jokatzera?

Bai, zergatik ez. Kontuan hartzeko merkatu bat dela esango nuke. Han, agian, ez dago hainbeste talderik. Hori dela eta, ez dira hainbeste neskato ateratzen. Baina, hona etorriz gero, eta hemen dauden baliabideekin, ziur nago bat baino gehiago iritsiko litzatekeela gora. Hemen dauden baliabideak izugarriak dira. Azpiegiturak ikaragarriak dira, formakuntza tekniko-taktikoa oso aberatsa... Jokalariok dena daukagu hemen gure onena emateko.

Iragan udan Athleticek deitu zintuenean, zer pentsatu zenuen?

Aurretik nire partidaren bat ikustera etorriak ziren, eta jakitun nintzen nire lanari erreparatzen ari zirela. Lasai hartu, eta berdin jarraitu nuen jokatzen eta entrenatzen. Deitu nindutenean, ilusio handia egin zidan. Banekien historia handiko kluba zela, eta aitzindaria emakumeen futbolean. Iritsi eta berehala berretsi nuen.

Zeure burua urte askotan ikusten duzu hemen?

Hala nahiko nuke. Aipatutako baldintzengatik, klubean dagoen familia giroarengatik eta, gustura banago, ez dudalako atsegin aldatzen ibiltzea. Zortzi urtez jokatu nuen Bordelen, adibidez.

Zer moduz euskararekin?

Gurasoak euskaldunak dira. Aita Heletakoa da, eta ama Hendaiakoa. Haiek euskaraz hitz egiten dute, eta nik ere eskolan ikasi nuen. Baina Bordelera joatean galdu egin nuen. Ia dena ulertzen dut, baina hitz egitea kostatzen zait. Pixkanaka ari naiz, hala ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.