Tania Tabanera. AFEko emakumeen futboleko burua

«Blokeo honek eten bat eragin dezake garapenean»

Futbolariek protesta egin dute Espainiako Ligaren profesionalizazioan izandako etenarengatik. Espainiako Kirol Kontseilu Nagusiaren ekimenik eza salatu du Tania Tabanerak.

AFE.
ainara arratibel gascon
2021eko azaroaren 25a
00:00
Entzun
AFE futbolarien sindikatua babesa ematen ari zaie jokalariei, liga profesionalizatzeko prozesuan izandako etenengatik egiten ari den protestetan. Tania Tabanera(Madril, 1992) sindikatuko emakumeen futboleko saileko buruak «amorragarritzat» jo du egoera.

Ligaren profesionalizazioan izandako blokeoa salatu dute jokalariek, eta horrek haien lan eskubideetan izan dezakeen eragina. Nola zaudete?

Blokeo bat dago, ez dagoelako akordio bat liga profesionalizatzeko estatutuen inguruan, eta horren inguruan [Espainiako] Kirol Kontseilu Nagusiak ez duelako esku hartzen. Espainiako Gobernuak aspalditik zuen konpromiso bat zen. Ekainean modu ponposo batean iragarri zuen beteko zuela. Denboraldi honetan liga profesionala izango zela esan zuen, eta horrek garrantzi handia zuela berdintasunaren bidean urratsak egiten segitzeko. Baina ez da ezer egiten ari horretarako.Emakumeen futbolak duen garapenak eskatzen duen zerbait da profesionalizazioa. Baina begira zer ari den gertatzen.

Horren atzean telebista eskubideen afera dago. Zergatik da horren zaila akordioa?

Ez da aurrerapausorik eman. Kluben Elkartetik kanpo dauden lau klubak [Athletic, Bartzelona, Real Madril eta Madril CF] desmarkatu egin dira, eta horregatik dago estatutuak adosteko blokeoa. Ulertezina iruditzen zaigu. Batetik, eragileak gizonezkoen futbolaren inguruan dauden berak dira, eta hor berehala jartzen dira ados telebista eskubideak banatzeko garaian. Eta, bestetik, klubek eta erakundeek behin eta berriz aipatzen dute berdintasuna lortzeko konpromisoa, eta horretan ikusgaitasunak duen garrantzia. Baina gero ez dute ezer egiten egoera hau bideratzeko. Kalte handia egiten diote emakumeen futbolari. Ikusgaitasunari dagokionez, lan hitzarmena sinatu aurretik baino okerrago gaudela esango nuke. Izan ere, desadostasun honen ondorioz, Mediaprok kontratua apurtu zuen, eta orain partida gutxiago ematen dituzte telebistaz. Bakarren bat Teledeporten, autonomikoetan eta kluben kanal ofizialetan. Hori kezkatzekoa da. Zaleek eskatzen dute ligako partidak ikustea.

Lau klub horiek zergatik ez dute akordio bat lortu nahi?

Interes ekonomikoak daude horren atzean. Berez, legediak dio telebista eskubideak modu bateratuan adostu behar direla. Horrek, ustez, indar handiagoa ematen die klubei, eta mesede egiten die apalenei. Baina, kasu honetan, audientzia handiagoa dutenez, lau klub horiek diru gehiago nahi dute, eta hor ez dago adostasunik. Baina gizonezkoetan berdin pasatzen da, eta alde guztiek amore ematen dute. Kasu honetan, ez dute hala egiten. Negoziatzen ari diren gehienak gizonezkoak dira. Beste behin, gizonezkoak emakumezkoen eskubideez negoziatzen. Horrek ez du laguntzen. Izan ere,ez dute emakume futbolarien egoera bizi izan, eta ziurrenik ere horrek badu eragina. Realari, Levanteri eta Vila-reali federazioaren ikurra ez eramateagatik jarritako zigorrak ere ez ditu gauzak errazten. Giroa nahasteko baino ez du balio horrek.

Espainiako Futbol Federazioko presidente Luis Rubiales eta Futbol Liga Profesionaleko Javier Tebas mokoka daude une oro. Zer eragin du horrek?

Etsigarria da haien arteko ezinikusia. Emakumeen futbolak eragin ez duen borroka edo egoera bat da, baina eragiten dio. Haien borroka emakumeen futbolera ere eraman dute. Ez dute ezer egiten laguntzeko. Alderantziz. Eta indar handia izango lukete hau konpontzeko.

Azken bi jardunaldietan jokalariek protestak egin dituzte, eta prentsaurrekoa ere egin zuten. Adierazi zuten ez dutela baztertzen grebara jotzea. Gertu dago iragarpen hori?

Aukera mahai gainean dago. Jokalariek ez dute egoera horretara iritsi nahi. Baina blokeoa gehiegi luzatzen ari da. Ia abenduan gaude, eta, hemendik aurrera, zenbat eta gehiago luzatu egoera, are larriagoa izango da. Jokalariak nekatuta daude. Borroka handia egin zuten lan hitzarmena lortzeko, eta beti horrela ibili behar izatea amorragarria da. Bilerak egiten ari gara haiekin, eta ikusten ari gara pazientzia amaitzen ari zaiela.

Protesta hauek egon direnetik, izan da mugimendurik kluben eta erakundeen artean?

Ez, duela hamar egun bezala gaude. Kluben artean ez dago adostasunik, eta, hori aitzakia hartuta, Kirol Kontseilu Nagusia ez da ezer egiten ari. Jose Manuel Franco Espainiako Kiroletarako estatu idazkariak duela aste batzuk adierazi zuen «akordioz edo erabakiz» liga profesionalizatu egingo dela. Bete dezala hitza. Akordiorako epea amaitu da: erabakiak hartzeko garaia da.

Zertan baldintza dezake horrek lan hitzarmenean jasotzen diren eskubideen garapena?

Zorionez, lan hitzarmena sinatuta dago, eta, horri esker, jokalariakbabestuta daude. Hitzarmenean jaso ziren gauzarik garrantzitsuenetako bat gutxieneko soldata da. Hori ordaintzeko diru sarrera nagusietako bat telebista eskubideengatik jasotzen dute klubek, besteak beste. Kontraturik ez dagoenez, ez dute diru hori jasotzen, eta bereziki klub apalenek zailtasunak izan ditzakete etorkizunean soldata horiek ordaintzeko garaian. Blokeo honek eten bat eragin dezake emakumeen futbolaren garapenean.

Klubak ari dira lan hitzarmena betetzen? Itun berria noizko?

Rayo izan ezik, betetzen ari dira. Gu, bestalde, blokeo egoera hau gainditzeko ez ezik, lan hitzarmena berritzeko ere ari gara lanean. Partzialtasuna erabat kendu nahi dugu, gutxieneko soldata berraztertu, eta amatasunaren inguruko eskubideak blindatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.