Beñat Rezusta. Aspeko pilotaria

«Ez dugu dena aldatu beharrik; elkarrengana moldatu behar dugu»

Peio Etxeberriak eta Rezustak ez dute oraindik irabazi. Atzelariaren iritziz, «ondo» aritu dira boladaka, baina momentu batzuetan «presaka eta elkar ulertu ezinda» jardun dira. Lanean ari dira bikotea egin eta gora egiteko.

JON URBE / FOKU.
Julen Etxeberria.
2022ko abenduaren 16a
00:00
Entzun
Peio Etxeberria eta Beñat Rezusta (Bergara, Gipuzkoa, 1993) igandean ziren jokatzekoak Unai Lasoren eta Ander Imazen kontra, Bilbon. Baina, azkenean, astelehenean ariko dira, Tolosan (Gipuzkoa). «Aldea dago, baina guk oso gustura jokatzen dugu ere Beotibarren», azaldu du Rezustak.

Jakak eta Arangurenek irabazi dute jada lehen partida. Zuek bakarrik geratzen zarete irabazi gabe. Premia handiagoa duzue?

Bai, baina ez haiek irabazi dutelako, baizik eta gu zuloan gaudelako, eta puntuak lortzen hasi behar dugulako. Bi partida gutxigatik galdu ditugu [22-20 Ezkurdiaren eta Martijaren aurka, eta 22-21 Elezkano II.aren eta Tolosaren aurka], baina puntuak biltzeko, irabazi egin beharra dago; horrela sartuko gara lehian. Ea irabazten hasten garen.

Garaiz zaudete. Txapelketa oso luzea da.

Bai, baina hasierako eta bukaerako puntuek balio bera dute. Garrantzitsua izango zen gutxigatik galdu ditugun bi partida horiek irabaztea, gerta daitekeelako beste egun batean argi galtzea; Elordiren eta Zabaletaren aurkakoa da horren adibide [22-10 galdu zuten]. Aurreneko bi partidak galdu izanak ematen digu pena handiagoa, azken partidako emaitzak baino.

Nola ari zarete?

Ondo jokatu dugu boladaka; momentu batzuetan, ordea, presaka eta elkar ulertu ezinda aritu gara. Argi dugu txapelketan lehian aritzeko huts gutxiago egin behar ditugula; kontrarioek ez dute ezer oparituko. Ari gara, elkarrekin ahalik eta ondoen moldatzeko. Nik saiatu behar dut atzetik Peiori esaten zer egin behar duen; askotan, hobeto ikusten dira gauzak atzetik.

Zer falta zaizue bikotea egiteko?

Peio asko sartzen da pilota jotzera, eta ez dut uste hori aldatu behar duenik, horrela jokatuta, erritmo handia sartzen baitio lehiari. Ondo aritu ginen Elordiren eta Zabaletaren aurkako lehen zatian. Horri eutsi behar diogu. Horrela hasiko gara puntuak lortzen.

Bikotekidea lehen aldiz ari da jokatzen binakako nagusia. Kontuan hartu behar da hori?

Peiok badu esperientzia banakako txapelketetan; binakakoa, ordea, berria da harentzat: partida zail asko jokatu behar dira. Ilusioz ari da, gauzak ondo egiteko gogoz.

Halakoetan, presaka aritzeko arriskua dago?

Peio askotan sartzen da pilota jotzera. Halaxe ari da, gogotsu. Ona da hori: beste batzuk, tentsioagatik, gutxiago sartuko lirateke; baina Peiok aurrera egiten du. Asmatu behar dugu elkar hartzen, eta zehaztu pilota bakoitza norena den; bikotea egin behar dugu, jokamolde argia izan, eta horri eutsi.

Zuk eskarmentu handia duzu. Zer gomendio eman diozu?

Peiok batzuetan bueltak ematen dizkio buruari: zer egin duen gaizki, zer ondo... Ez du halakorik egin behar. Txapelketa jokatzen ari bada, ondo aritu delako da. Ez dut uste orain dena aldatu eta ezer berririk asmatu behar dugunik; bakoitzak gure jokatzeko era dugu, eta horri eutsi behar diogu.

Aldatu baino gehiago, egokitu egin behar duzue?

Elkarrengana moldatu behar dugu. Askotan bikotekide izan dituzunekin badakizu noiz emango dion pilotari eta noiz ez. Peiok eta biok, ordea, gutxi jokatu dugu elkarrekin, eta hori nabaritu daiteke. Entrenatuz eta jokatuz hobetzen da hori; ari gara horretan.

Nola ari zara zu?

Ez nabil gaizki, baina egunen batean gertatu zait ondo ari nintzela, aukerako pilota bat izan, eta ez aprobetxatzea. Azken partidan, gustura aritu nintzen lehen zatian, eta okerrago bigarrengoan; kostatu zitzaidan pilota kentzea. Ez nabil gaizki, baina une batean arreta galdu, eta aurkariak zapaldu egiten zaitu. Lanean ari naiz hobetzeko. Ea hasi eta buka partida on bat joka dezakegun.

Eskuak ondo dituzu?

Nahiko ondo ditut; ez dut minik.

2016tik 2019ra, binakako lau final jokatu zenituen jarraian. Zure iritziz, «ezohikoa» zen hori, eta ziur zinen inoiz harrapatuko zenuela bolada eskasago bat. Hala izan da, eta ez duzu finala jokatu azken hiru ekitaldietan.

Inguruko jendeak batzuetan pentsa dezake lehen hala izan bada gero ere hala izango dela. Baina nik oso argi izan dut beti ezohikoa zela jarraian lau final jokatzea. Jakin dut une horretaz gozatzen, baina beti izan dut oso argi beste batean ez nintzela finalera iritsiko. Gauza asko gertatu behar dira: ondo aritzea, minik ez hartzea, azken txanpan partida txarrik ez jokatzea... Hori dela eta, ez da kolpea izan azken hiru urteetan finalik ez jokatzea. Edozein txikikeriak utz zaitzake kanpoan: azken binakakoan, tanto batengatik ez ginen sailkatu. Saiatuko gara berriro halako egunez gozatzen, baina oinak lurrean izanda.

Zer helburu duzue?

Lehenbizi, partida bat irabaztea; ikuspuntua eta aldartea aldatuko liguke. Gero, ondo entrenatu nahi gara, partidara lasai iritsi, eta kantxan gustura aritu. Hori eginda irabazten badugu, askoz hobeto.

Nola ikusten duzu txapelketa?

Elordi eta Zabaleta nabarmendu dira. Peñak eta Mariezkurrenak ere indartsu ziruditen, baina galdu egin dute azken partida. Gorabehera asko egongo dira. Ea guk gora egiten dugun eta lehian sartzen garen. Irabazten hasten bagara, lortuko dugu, baina atzean geratzen bagara, lana zailduko zaigu; ez dago astirik gora egiteko.

Astelehenean duzue beste aukera bat, Laso eta Imazen aurka. Nolako partida espero duzu?

Zaila; finala jokatu zuten azken ekitaldian. Haiek esan dutenez, beste batzuetan baino konfiantza gutxiagorekin ari dira. Hala ere, puntuak lortzen ari dira, eta hori garrantzitsua da lasaitasuna eta konfiantza hartzeko. Gora egingo dute, ziur. Bikote gogorra da; huts gutxi egiten dituzte. Zaila izango da haien kontra lortzea lehen garaipena, baina saiatuko gara.

Non egongo da gakoa?

Aurrena, atzean nagusitzen ahalegindu behar dugu; hala, erasora jokatzeko aukera izango dugu. Haiek ez dute oparirik egingo; guk egin beharko ditugu tantoak. Haiek nagusitzen badira, Lasok bukatu egingo du; oso trebea da horretan. Ea lekuz kanpo ateratzen ditugun. Hala izango du Peiok aurrean errematatzeko aukera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.