Miriam Rivas. Osasunako jokalaria

«Helburua igotzea da, baina Kopak ere ilusioa egiten digu»

Lehen Mailan jokatua da Rivas. Baina Osasunarekin egin nahi du hori. Dena den, etzi arte liga alde batera utzi, eta Athleticen aurkako Kopako final-laurdenari helduko diote gorritxoek: «Gaindi dezakegu kanporaketa».

BERRIA.
ainara arratibel gascon
2023ko martxoaren 8a
00:00
Entzun
Elkarrizketaz elkarrizketa dabil azken egunetan Osasunako Miriam Rivas (Iruñea, 1990). Zerbait berezia datorren seinale da: Athleticen aurkako Espainiako Kopako fina-laurdenetako kanporaketa. Bihar jokatuko dute Taxoaren (18:30 TDP). Rivas patinatzen ere aritu zen 17 urte bete arte. Gomendioa eman die kirolari izatea amets duten neskatoei:«Amestea zerbait lortzeko lehen pausoa da».

Urrats batera dituzue Kopako finalerdiak. Horra iristea mugarri bat litzateke zuentzat. Astea berezia dela antzematen duzue?

Dudarik gabe. Arreta ligan dugu, helburua igotzea baita. Baina Kopak ere ilusioa egiten digu. Gogo handiz gaude biharko partidarako. Alde horretatik, nabari dugu aste berezia dela. Urduritasun pixka bat sortzen du, baina zentzu positiboan. Ez dut uste kalterik egingo digunik. Disfrutatu egin behar dugu, presiorik gabe aritu. Izan ere, klubarentzat gauza handia da halako kanporaketa bat jokatzea. Azken denboraldietan, jokatu ditugu kale edo bale egiteko beste partida batzuk, eta ondo erantzun dugu. Psikologikoki talde indartsua garela erakutsi dugu, eta emozioak ondo kudeatzen asmatu dugu. Alde horretatik, sinetsita gaude kanporaketa gainditu dezakegula.

Erraza da ligaren egunerokoaz ahaztu eta halako partida garrantzitsu bati heltzea?

Bai. Denetarako tartea dugu. Berriki bi asteko etena izan dugu ligan, eta baliatu dugu Kopakoari ere heltzen hasteko. Ostegunera arte [bihar arte], arreta osoa hor izango dugu. Osasuna asko hazten ari da, eta beste aurrerapauso bat litzateke Kopako finalerdietara iristea. Bultzada bat emango lioke azken sasoietako lanari.

Asteburuan 3-0 irabazi zenioten Lleidari ligan. Nola ikusten duzu taldea joko aldetik?

Taldea garai onean ikusten dut. Asteburuan hiru gol sartzeak, gainera, erasoko jokoan konfiantza handia emango digu. Aurreko denboraldietan atzean izan dugun sendotasunari eutsi diogu: zaila da guri gola egitea. Gainera, erasoan, baloi jabetza dugunean baliabide gehiago ditugu denboraldi honetan. Aurrekoetan nahiko joko zuzena egin dugu, baina honetan ere gai gara, jokaldiak gehiago lantzeko. Aurrerapauso bat eman dugu. Azken denboraldietan, teknikoki eta taktikoki asko hazi gara, eta hori erakusteko garaia da. Izan ere, gero eta konfiantza handiagoa dugu gure jokoan.

Aurkaria ez da nolanahikoa: Athletic. Zer nabarmenduko zenuke Iraia Iturregiren taldeaz?

Eskarmentu handiko taldea da, eta beti ondo lehiatzen da. Atzean talde indartsua da; baloiarekin oso onak diren jokalariak ditu, eta zelai erditik aurrera bizkorrak. Haien jokalarietatik Marta Unzue eta Yulema Korres dira gehien gustatzen zaizkidanak, eta, orain, gazteak sekulako maila ematen ari dira: Sara Ortega, Jone Amezaga...Ziurrenik, ligan ez daude nahi duten lekuan, baina oso talde ona dira.

Lehen minutuetan eustera atera eta gero zuen jokoa ezartzen joan nahi duzue, edo hasieratik aterako zarete partidaren bila?

Argi duguna da asko eskatuko digula partidak. Baina hasieratik partidaren bila aterako gara. Presio estua egin behar dugu, haien baloi irteera oztopatzeko. Ez zaigu komeni haiek baloi jabetza izatea, horrek ahalegin handiagoa eskatuko baitigu fisikoki, eta minutuak aurrera joan ahala ordaindu egin dezakegu. Horrekin batera, gure aurrelarien abiadura baliatu behar dugu haiei min egiteko.

Taxoaren jokatuko duzue partida. Nahiago zenuten Sadarren izatea?

Argi dago guretzat beti dela polita eta berezia Sadarren jokatzea. Baina, aldi berean, Taxoare gure etxea da, ondo ezagutzen dugu, belarra ongi dago, eta zaleek asko lagunduko digute. Alde horretatik ez dago aitzakiarik.

Aukeratu beharko bazenu, zer nahiago duzu: Lehen Mailara igotzea edo Kopako azken fasea jokatzea?

Lehen Mailara igotzea. Azken denboraldietan gertu izango dugu, eta urteak daramatzagu horretarako lanean. Oso harro gaude, talde indartsuak aurrean egon arren beti egon garelako lehia horretan. Nik, behintzat, erretiroa hartu arte helburu hori lortzeko lan egingo dut. Sadarren gol bat sartzearen ametsa bete dut, eta geratzen zaidana Osasunarekin Lehen Mailan jokatzea da.

Denboraldi honetan lortu dezakezuela uste duzu?

Sei bat alde gaude igotzeko borroka horretan. Jardunaldi batetik bestera, sailkapena asko aldatzen da. Nahiago dut ez begiratu. Oso liga gogorra eta luzea da, eta uste dut azken unean erabakiko dela dena. Azken partidetara borroka horretan sartuta iristea da helburua. Argi izan behar dugu bi bide daudela: liga lehen postuan amaitzea, edo igoera kanporaketak irabaztea.

Nola daramazu multzoko jokalari beteranoena izatea?

Oso ondo. Osasuna nire bihotzeko taldea da, eta oso harro nago bertan bizitzen ari naizen momentu bakoitzarengatik. Taldea desagertu zenean, ez nuen uste aukera hau izango nuenik, eta ederra da bizitzen ari naizena. Polita da, gainera, taldeak etorkizun oparoa duela ikustea, gazteak indartsu iristen ari baitira. Gainera, harrobian oso lan ona egiten ari dira. Egun, Nafarroako edozein neskatok egin dezake amets Osasunan jokatzearekin, eta hori handia da. Guk ez genuen horretarako aukera. Harrobi izugarria dago. Lehen Mailan ari diren edo aritu diren jokalari nafarren zerrenda ikusi besterik ez dago: Marta Unzue, Maite Oroz, Ane Azkona, Erika Vazquez...

Txikitan, abiadura patinajea ere egiten zenuen. Patinatzen jarraitzen al duzu?

17 urte arte ibili nintzen. Baina entrenamendu asko eskatzen zuen, eta, azkenerako, utziegin nuen, denbora faltagatik. Orain ere denbora gutxi daukat. Baina eguraldi ona egiten duenean, gustatzen zait ateratzea. Asko eman eta erakutsi didan kirol bat da, eta futbolean ere asko lagundu dit. Adibidez, duela hiru urte belauna hautsi nuen, eta osatze prozesuan asko lagun zidaten patinajean ikasitako balioek: lana, autoexijentzia, sakrifizioa... Gainera, patinajea bakarkako kirola da, eta osatze prozesuan izaten den bakardade hori ez zitzaidan horren gogorra egin.

Martxoaren 8a da gaur. Zer gomendio emango zenioke zuk txikitan bezala kirolari izatea amesten duen neskato bati?

Gustuko dutena egin dezatela beti, eta zerbait lortzeko aurrena amestu egin behar dela. Horrekin, egina dute lehen urratsa. Bidean oztopoak izanda ere, saiatuz gero lortuko dute. Asko egin da aurrera, baina bidea luzea da aukera berdintasuna errealitate izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.