Joritz Etxeberria. Orioko arraunlaria

«Oso talde indartsua gara, baina ez gara asmatzen ari»

Denboraldiko ezustekoetako bat izaten ari da Orio. Seigarren postuan da, ohorezko txandatik urrun. Joritz Etxeberriak, taldearen egoera gordinaz jakitun, autokritika egin du.

AGENTZIA.
pettan uralde
2023ko uztailaren 22a
00:00
Entzun
Bazirudien Bilbon erreakzioa izan eta Orio berriro suspertuko zela. Bada, ez zen hala izan. Igandean etxean jokatu zuten estropada, eta ez zuten nahi bezalako emaitzarik lortu. Mirotzak ezin burua altxatu dabiltza, espero zuten mailatik urrun. Hala ere, Joritz Etxeberria (Donostia, 1988) arraunlariak argi dauka egoera honetatik aterako direla.

Taldeak dituen aukeretatik oso urrun aritu zarete denboraldi hasiera honetan, ezta?

Egia esan, ez genuen horrela hastea espero. Hasiera gogorra egin zaigu emaitza aldetik, baina egunerokoan hau ahazten saiatzen ari gara. Neguan lan handia egin dugu, emaitza txukunak jaso ditugu, eta entrenamendu onak egin ditugu. Hala ere, orain jasotzen ari garen emaitzak uste baino txarragoak izan dira.

Zergatik uste duzu zaudetela horrela garai honetan?

Egia esan, ez dakit. Lehen jardunaldian Galiziara konfiantza handiz joan ginen. Brankaz azkar ibili ginen, baina poparean ez genuen asmatu. Hurrengo asteburuan kolpe handia jaso genuen, eta aurreko asteburua antzera joan zen. Oso zaila da jakitea zergatik. Eguneroko lanarekin aurrera ateratzen saiatzen ari gara, eta ea emaitzak txukuntzen hasten garen pixkanaka.

Denboraldiaurretik hasita, kosta egin zaizue taldea egokitzea?

Izan daiteke. Indar aldetik oso talde indartsua dugu; uste dut azken urteetan ez dugula izan hainbeste indar taldean. Fisikoki talde indartsuenetakoa gara seguruenik, baina arraunean kostatzen ari zaigu. Neguan gutxien espero genuenean, erreferentzia garrantzitsua diren Orioko eta Pasaiako jaitsieretan oso aurrean ibili ginen. Bukaerara arte irabazteko borrokan aritu ginen oilarrekin. Beraz, ez genuen espero uda horrela hastea, eta esperientzia dugun jendea gazteei animoak ematen saiatzen ari gara. Ea aurrera ateratzen garen, baina erotu gabe.

Sentsazio horiek berreskuratu nahian ari zarete?

Neguan entrenamendu onak egin ditugu, eta txalupa azkar zihoan. Orain, emaitza txar hauekin gehiago kostatzen ari zaigu, traineruak frenoa izango balu bezala. Uste dut lortuko dugula, eguneroko lana egiten. Orain ezin dugu pentsatu banderak irabazteko aukera izango dugula egun batetik bestera, baina saiatu behar dugu pausoz pauso gora egiten.

Taldeak egiten du autokritika?

Bai, noski. Igandeetan kolpe gogorrak hartu ditugu, eta astelehenetan buelta ematen saiatzen gara. Horrelako egoeretan errazena ondokoari errua botatzea izaten da, baina taldea oraindik ere gehiago elkartu da. Hori nabaritu dut behintzat. Alde horretatik, hori positiboa izan da.

Egoera honek animoan eragiten dizue?

Asko eragiten digu, eta estropadetan bertan ere gertatzen da. Asteburu honetan, hain zuzen, hasieratik aurrera egin genuen etxeko estropadan, baina segituan gainean ikusi genuen Isuntza. Mamuak etortzen zaizkizu burura, eta ez zara askatzen azkenean.

Kostatzen da horrelakoetan burua hotz mantentzea eta sailkapenean ez pentsatzea?

Hasieran gehiago begiratzen diozu sailkapenari, batez ere liga irabazteko borrokan aritzeko intentzioarekin zoazenean. Orain alferrik da sailkapenari begiratzea. Estropadaz estropada goaz, postu batzuk aurrera egiteko intentzioarekin.

Aldaketa ugari izaten ari dira eskifaian, estropada batetik bestera. Zeren bila ari zarete?

Dena errazagoa da ondo zoazenean. Konfiantzazko bloke bat eginda daukazu, eta aldaketak normalean puntualak izaten dira. Aldiz, gauzak ez direnean ondo ateratzen, buruhausteak normalagoak dira, eta aldaketak ikustea normala da. Hala ere, entrenamenduetan bloke antzekoa erabiltzen dugu.

Sailkapenak erakusten du zuen benetako maila, edo ez duzue oraindik asmatu estropadetan?

Emaitzek eragina dute errendimenduan. Esango nizuke orain gehiago ari zaigula kostatzen entrenamenduetan. Ez zaude lasai, buruan eragiten dizu, eta azkenean gorputza lotuta sentitzen duzu. Emaitza on bat iritsi, eta lasaitzen garenean, hor izango dugu aurrera egiteko aukera. Talde oso ahaltsua dugu, eta uste dugu ez gaudela dagokigun lekuan.

Beraz, ikusten duzu taldea egoera honetatik ateratzeko indarrarekin?

Nahiz eta kolpeak jasotzen ari garen, gogoa eta ilusioa ez zaigu falta. Estropada garrantzitsu asko daude aurretik, eta espero dugu horietara sasoiko iristea.

Antzeman dituzue hobekuntzak non egin behar dituzuen?

Hobekuntza guztiak detektatzea zaila izaten da, baina entrenatzailea arazoei konponbidea bilatu nahian dabil. Erakutsi du emaitza onak lortu dituela aurreko urteetan, eta konfiantza daukagu berarengan. Bestela, alferrik ari gara.

Eskarmentuko arraunlaria zara: zure ustez, zein da egoera honi buelta emateko bidea?

Orain arte gertatu zaiguna pentsatzen geratzen bagara, ez dugu ezer aldatuko. Eguneroko lanean jarri behar dugu arreta, eta bide horretatik jarraitu. Ezin dugu egoera hau zorigaitz bat izango balitz bezala hartu. Denen artean animoa suspertu eta dinamika positiboa bilatu behar dugu. Ez dago beste biderik. Kirol honetan horrelako gauzak gertatzen dira, Pogacarri Tourrean gertatu zaion bezala. Azken urteetan onena izan da, eta inork espero ezzuenean ere kolpe galantak jaso ditu. Hala ere, aurrera egingo du, eta guk ere horrela pentsatzen dugu.

Asteburuan Sestaon eta Castron jokatuko dituzue estropadak. Lehen emaitza positiboak lortzeko leku aproposak izan daitezke?

Nahiko leku onak dira guretzat. Gure estropada egitera joango gara, eta salto bat ematen saiatuko gara. Badakigu goiko taldeak harrapatzeko salto bat baino gehiago eman beharko dugula, baina asteburu honetan egin dezakegu lehen urratsa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.