Ghouta ekialdeko menia ez da bete lehen egunean

mikel rodriguez
2018ko otsailaren 28a
00:00
Entzun
Vladimir Putin Errusiako presidenteak Siriako Ghouta ekialdea eremurako agindutako bortz orduko meniak ez du arrakastarik izan lehenbiziko egunean, hainbat iturrik atzo jakinarazi zutenez. NBE Nazio Batuen Erakundearen arabera, ezin izan zuten giza laguntza helarazi armadak setiatua duen eremu horretara, eta ezin izan zituzten zaurituta eta eri dauden 1.000 zibil ebakuatu. «Hil edo biziko kontu bat da. Segurtasun Kontseiluak eskatu duen 30 eguneko su-etena behar dugu Sirian», adierazi zuen Jens Laerke OCHA NBEren Giza Laguntza Koordinatzeko Bulegoko bozeramaileak.

NBEren Segurtasun Kontseiluak joan den larunbatean onartu zuen ebazpen bat Siria osoan 30 eguneko su-eten bat ezartzeko. Menia horretatik salbuetsi zituen EI Estatu Islamikoa, Al-Qaedaren «adarrak» eta bi talde horiekin elkarlanean ari diren taldeak. Ghouta ekialdea lau talde islamista sunitak dute kontrolpean, eta horietako bakarra dute «terrorista» izendatuta bai Errusiak, bai Siriako Gobernuak, baita Mendebaldeak ere —HTS Sortaldea Askatzeko Erakundea—. Gainerako hirurak Mendebaldeak ez ditu «terrorista» izendatuak, baina Moskuk eta Damaskok bai.HTSrekin elkarlanean aritu izan dira Siriako armadaren aurka, eta Moskuk eta Damaskok jomuga legitimotzat dituzte.

Hori dela eta, ebazpena onartu eta hurrengo bi egunetan ez zen inolako meniarik ezarri Ghouta ekialdean, eta, herenegun, Putinek erabaki zuen atzotik aitzinera egunean bortz orduz erasoak etetea laguntza humanitarioa banatu eta ebakuazioak errazteko. Su-eten mugatu hori ez zen bete, ordea, eta Errusiak talde islamistak egin zituen horren erantzule. «Menia indarrean zela Siriako tropei eraso zieten, eta eguerditik aitzinera erasoaldi bat hasi zuten», adierazi zion Juri Jevtuxenko Errusiak Sirian duen ordezkari militarrak Interfax agentziari.

Dena den, Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroak erran zuen bortz orduko eguneroko meniei eutsiko dietela. Moskun egin zituen adierazpen horiek, Jean-Yves Le Drian Frantziako Atzerri ministroarekin egin zuen bilera baten ondoren. Le Drianek erran zuen bortz orduko etenak «aurrerapauso bat» direla, baina «gehiago» behar dela. Iritzi berekoa da Robert Mardini Gurutze Gorriaren Ekialde Hurbilerako zuzendaria. «Ezinezkoa da bortz orduan konboi bat eramatea».

Afrinen, 192 zibil hilik

Gerraren bertze fronte nagusian, Kurdistango Afrin barrutian, Turkiak ez du inolako asmorik agertu duela hilabete baino gehiago hasitako erasoaldia eteteko. Afringo Osasun Sailak atzo emandako datuen arabera, 192 zibil hil dituzte ordutik.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.