Ainhoa Vicente Moraza. Athleticeko jokalaria

«Ez gara nahi bezala hasi, baina lasai gaude: jokoa ona izan da»

Atletico Madrilen aurka jokatuko du bihar Athleticek, Lezaman. Lider dago egungo txapelduna, eta Ainhoa Vicentek onartu du partida zaila izango dela, baina sasoiko lehen garaipena lortzeko ilusioa dute.

ainara arratibel gascon
2018ko irailaren 21a
00:00
Entzun
Ligako lehen bi partidetan puntu bakarra eskuratu du Athleticek. Ainhoa Vicente Morazak (Donostia, 1995), ordea, ondo egin dituzten gauzei erreparatu nahi die: «Defentsan oso sendo egon gara, eta taldekide guztiak oso sasoi onean ikusten ditut. Orain arte bezala lanean jarraituz gero, emaitzak ailegatuko dira».

Zein ondorio atera dituzue Bartzelonaren eta Sporting Huelvaren aurkako partidez?

Bartzelona beti hartu izan dugu estu, baina bagenekien zaila izango zela punturen bat lortzea. Dena den, oso partida ona jokatu genuen, eta horrek konfiantza eman behar digu. Sporting Huelvaren zelaian jokatzea, berriz, beti da deserosoa, belar artifizialekoa baita. Horrek zaildu egiten du baloiaren eta partidaren kontrola. Guri ez digu batere mesede egiten, baloia izatea eta kontraerasora irtetea baitira gure jokoaren oinarriak.

Orain arte ez duzue golik sartu. Hori da gehien kostatzen ari zaizuena?

Gol aukerak sortzeko zailtasunak izaten ari gara. Horretan hobetu behar dugu. Baina ondo ari gara lanean, eta hala jarraituz gero, ziur nago lortuko dugula.

Zer da orain arte taldeak ondoen egin duena?

Defentsan oso ondo gaude. Bestalde, taldekide guztiak oso sasoi onean ikusten ditut. Gazteak asko ari dira estutzen. Aurreko denboraldietan Josebak [Agirre entrenatzailea] hamaikako nahiko finkoa zuen. Baina oraingoan, denak ari gara jokatzeko aukera izaten. Oso ondo entrenatzen ari garela esan digu behin baino gehiagotan denboraldi-aurrean, eta horregatik merezi dugula aukera bat izatea. Guztiak garrantzitsuak garela sentiarazten digu. Horrek guztiak lehiakortasuna areagotzen du, eta taldea hobea izaten lagunduko digu.

Gazteen indar, ilusio eta bultzada horri segitzea kostatu egiten zaizue eskarmentu handiagoa duzuenei?

Ez, alderantziz. Zailtasun bat baino gehiago, motibazio bat da. Taldeari freskotasuna, ilusioa eta lehiakortasuna ematen diote. Oso berri ona da lehen taldean hainbeste gazte egotea, eta hamaikakoan sartuz joatea. Aurrekoan, esaterako, Jone Ibañezek partida osoa jokatu zuen, eta izugarrizko maila erakutsi zuen, nahiz eta orain arte ez duen asko jokatu. Horrek esan nahi du harrobian gauzak oso ondo egiten ari direla. Taldeari ere lasaitasuna ematen dio ikusteak edozein aterata ere ondo lehiatzeko gai dela. Gazteek hainbeste estutzen jarraitzen badute, eta eskarmentua dugunok mailari eusten badiogu, taldearen geroa ona izango da.

Orain Atletico Madril liderraren aurka jokatu behar duzue. Irabazi gabe, presio handiagoarekin jokatuko duzue?

Hasiera ez da izan guk nahi genuen bezalakoa. Baina lasai gaude, jokoa ona izan delako eta egiten ari garen horretan sinesten dugulako. Oker egingo genuke urduri jarrita. Orain arteko bideari jarraitzen badiogu, emaitzak iritsiko dira; ez dut zalantzarik.

Hain talde indartsua izanda, nola irabaz diezaiokezue?

Entrenatzailea aldatu dute, eta hainbat jokalari garrantzitsu joan zaizkio. Baina maila berekoak edo hobeagokoak ekarri ditu. Beraz, oso zaila izango da irabaztea. Oso atezain ona dute, eta atzeko jokalariek oso ondo ateratzen dute baloia. Baloi irteera hori ondo itxi eta estutu behar dugu, zelai erditik aurrera oso jokalari erabakigarriak eta bizkorrak baititu. Ludmila, Jenifer Hermoso, Meseguer, Amanda Sampedro... Golak sartzeko erraztasun handia dute. Baloia erraz heltzen bazaie, akabo. Golak sartzeko aukera apurrak baliatu behar ditugu.

Josebak Agirrek esan zuen balentria izango zela berriro ere hirugarren geratzea. Horrela dela uste duzu?

Urtetik urtera gero eta gehiago kostatzen da goian egotea; talde guztiontzat zailagoa da irabaztea. Baina gutxienez erakutsi nahi dugu gai garela lehen hiruren arteko lehian aritzeko.

Talde guztiek jokatuko dute sasoi honetan Espainiako Kopa. Horrek asko aldatzen du zuen denboraldia?

Pixka bat bai, kasu askotan aste batean bi partida jokatu beharko ditugulako. Funtsezkoa izango da ondo indarberritzea, eta jokalari guztiak prest egotea. Horregatik eman diot garrantzia Joseba egiten ari denari, jokalari guztiak prest eta adi egoteko.

Horrek ez al die are mesede handiagoa egiten talde handia dutenei?

Ikusi beharko da. Joan-etorriko kanporaketak izan arren, aukera gehiago dago belar artifizialeko zelaia duen talde bat egokitzea, eta horrek asko zailtzen ditu gauzak.

Munduko Kopa hurrengo udan jokatuko da. Horrek zertan baldintzatu dezake sasoia?

Munduko Kopara joateko aukera duten jokalariek sasoiko iritsi nahiko dute, eta agian indarrak gordeko dituzte zertxobait. Baina hori ez da erabakigarria izango.

Nola ari zara ikusten zeure burua?

Oso ondo; gustura nago taldean. Lau denboraldi daramatzat hemen. Josebarekin batera iritsi nintzen, eta oso barneratua dut haren jokatzeko modua eta eskatzen diguna. Horrek asko laguntzen dit. Iraia [Iturregi] ere hasi da prestatzaile fisiko moduan. Hark ere ondo ezagutzen gaitu, taldekide izan genuelako. Ahalik eta denbora gehien jokatu nahi dut, eta ditudan gauza onak taldeari eskaini.

Goizez entrenatzen hasi zarete. Zer moduz?

Oso gustura gaude. Beste urrats handi bat da profesionalizazioaren bidean. Goizean, soilik gizonezkoen lehen taldea, Athletic B eta gu entrenatzen gara. Horrenbestez, zerbitzu gehiago ditugu eskura, eta horrek prestakuntzan eta indarberritzen laguntzen digu. Bestalde, lasaiago presta ditzakegu partidak. Ea talde gehiagok ematen duten pauso hori, profesionalizazioa lortzeko ez delako nahikoa hiruk edo lauk ematea.

Zure egunerokoa asko aldatu du horrek?

Ez. Moda ikasten dut etxetik. Beraz, lehen, goizez ikasten nuen, eta orain, arratsaldez; horixe aldatu dut. Ondo moldatu naiz. Ez ni bakarrik, baita gainerako taldekideak ere. Baten batek lana utzi du, goizeko txanda zuelako. Baina orain aukera dugu hori egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.