Bea Narbaiza. Ikus-entzunezkoen irakaslea EHUn

«Ez dakit EITBren zain geratu behar dugun»

Gazteen telebista kontsumoa jaisten joan da hamarkada honetan, eta asko egin du behera azken urtean. Irakasleak uste du berriz pentsatu behar dela euskarazko produktuak nork egin behar dituen.

JON URBE / FOKU.
Edu Lartzanguren.
2019ko uztailaren 10a
00:00
Entzun
Bea Narbaiza (Ermua, Bizkaia, 1968) ikus-entzunekoen irakaslea da EHUn. Udako Euskal Unibertsitateak Eibarren (Gipuzkoa) eginiko Euskarazko Komunikabideen aukerak eta erronkak: proposamen bat lantzeko unea ikastaroan parte hartu zuen atzo, hizlari gisa. Nola heldu audientzia gehiagorengana Interneten? mahai inguruan aritu zen, Xabier Landabidearen gidaritzapean, Josu Azpillagarekin, Iban Urdanpilletarekin eta Axier Lopezekin.

Ikus-entzuleak dagoeneko Interneten daudela esan duzu. Zelako datuak dituzu esku artean?

25 urtetik beherakoen telebistaren kontsumoa jaisten doa, eta badakigu ikus-entzunezkoen kontsumoa gora doala; beraz, kontsumoa Interneten egiten da. Ikusleak Interneten daude. Joera hori markatuta zegoen azken urteotan, baina asko areagotu da azken urtean.

Noraino jaitsiko da telebistaren kontsumoa?

Telebista ikusten dutenen batez besteko adina oso handia da. Edonola ere, telebistak oraindik funtzionatzen du, eta kontsumo handia du, gazte kopurua ez delako oso handia. Baina zenbaki absolutuetan asko izan ez arren, gazteak estrategikoak dira aurrera begira.

Nola erakarri gazte horiek hedabide tradizionaletara?

Nahi dutena eskainiz. Jakin behar dugu zer nahi duten, eta, horretarako, datuak behar ditugu. Edorta Arana eta biok ikertu egin dugu EITBrekin batera. Applika egitasmoa dugu, eta EHUko ikasleekin inkesta handi bat egin genuen, 588 galdeketa. EHUko ikasleen artean, euskara idatziz, irakurriz eta hitz egiten menperatzen dutela esaten dutenak %80,7 dira. Oso handia da ehunekoa. Aldiz, gazte horiek Interneten kontsumitutako edukien hizkuntzetan, euskara %4,47 da. Gazteleraz kontsumitutakoa %73 da, baina ingelesez kontsumitzen dutena %19,21 da. Datu hori oso esanguratsua da. Netflixek eragin handia dauka.

Zein eduki kontsumitzen dituzte gehien?

Bat asko nabarmentzen da: La Resistencia. Hori da gehien aipatzen dutena, %15,5ek, 107 gaztek denera. La Resistencia Movistarrek egiten duen saio bat da, baina jendeak ez du telebistan kontsumitzen, baizik eta Youtuben. Telebistan, %3,2k ikusi du produktu bera. Autentikoak saioa horren egokitzapen bat zen, eta bertan behera utzi zuten ez zuelako audientzia datu onik eman. Zer gertatzen da? Hau planteatu behar da: Movistar hasi da telebistarako produktuak egiten, baina ez du bakarrik hori egiten, eta diru sarrera gehienak beste nonbaitetik datozkio. Orduan, halako produktu bat eskaintzen duenean, beharbada, ez zaio asko axola non ikusten den, markari izen ona emateko egiten duelako, bere telefono negozioa saldu nahi duelako. Beste arrisku batzuk har ditzake, beraz, telebistara bakarrik dedikatzen denak bere gain hartzerik ez dituenak.

Eduki onak ekoiztea ez dela nahikoa esan zuen astelehenean Garazi Goia BBCko estrategialari ohiak, eta ikusleei «esperientzia eta pertsonalizazioa» eskaini behar zaizkiola gaineratu zuen. Bat zatoz?

Bai. Eduki onak ekoiztea ez da nahikoa, eta beste gauza batzuk kontuan hartu behar dira. Baina eduki onak ezinbestekoak dira; hori gutxienekoa da. Eduki horiek zeinek ekoitzi behar dituen ere pentsatu behar dugu. Orain arte ekoiztearen ardura denok leku berean jarri dugu: EITB. Ez dakit EITBren zain geratu behar dugun. EITBk egiten ez badu, zer egingo dugu, itxaron? Badaukagu aukerarik beste bideren bat jorratzeko? Handia filma egin zen Netflixek dirua jarri zuelako.

Telebista publiko batek ere eduki behar ditu ikusle-kopuruaz harago irizpiderik, ezta?

Gazteen artean oso arrakastatsuak dira fikziozko telesailak. Jende askok pentsatuko luke: «ETBk egin beharko lituzke, edo Hamaika Telebistak». Bai, baina egin ditzakete? Ezin gara errazkeriatan erori. Agian onartu behar dugu dauzkagun aurrekontuekin ezin dugula telesailik egin, eta, agian, bakarrik informazioa landu beharko genuke. Dena den, ez dut esaten hori nire proposamena denik, ni fikzioa egitearen aldekoa bainaiz. Neuk ere ez daukat erantzunik. Euskal Merli bat oso ondo etorriko litzaiguke, batez ere animoa altxatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.