Noiz sortua: 2020-07-01 00:30:00

Maialen Chourraut. Piraguista

«Azkenean lortu dut piraguarekin gustura eta eroso egotea»

Konfinamendua pasatu eta berriro ere entrenatzen hasi direnetik egunerokoak «beste kolore bat» duela aitortu du Maialen Chorrautek. Gozatzen ari da kanalean.
RFEP Tamaina handiagoan ikusi

Ainara Arratibel Gascon -

2020ko uztailak 1

Olinpiar ziklo hau ez zen erraza izaten ari Maialen Chourrautentzat (Lasarte-Oria, Gipuzkoa, 1983). Hasieran, kosta egin zitzaion Olinpiar Jokoak urtebete atzeratuko zirela barneratzea. Baina «aukera bat bezala» ikusten du orain. «Patxadaz hausnartuta, atzerapena ondo etorri zaidala uste dut», nabarmendu du. Gustura nabari zaio egiten ari den lanarekin.

Hilabete pasatxo da uretara bueltatu zinela. Zer moduz joan da, eta nola sentitzen zara?

Lehengo eguna oso indartsua izan zen. Gogo handiz nengoen bueltatzeko, baina sentipenak ez ziren onak izan. Izan ere, konfinamenduan ergometroarekin aritu nintzen etxeko garajean, baina teknika ez da berdina, eta zenbait momentutan piragua jo nuen palarekin. Azken batean, paladaren mugimendua galdu nuen apur bat. Berreskuratzea kostatu egingo zitzaidala pentsatu nuen, baina ez zen hala izan. Piraguista gehienoi gertatu zitzaigun hori. Orain oso gustura ari naiz: entrenamenduak primeran joan dira, eta bete-betean sartuta nago egunerokoan. Urruti ikusten ditut jada konfinamenduko egunak. Entrenatzen hasi ginenetik, bizitzak beste kolore bat dauka, eta egunak alai pasatzen ditut.

Eta nola eraman duzu egunerokoa ama eta goi mailako kirolari izanda, kontuan hartuta txikiek hilabeteak daramatzatela eskolara joan gabe?

Itxialdian umore petralagoarekin nengoenez, tentsio apur bat gehiagorekin. Baina, bestela, ondo. Are gehiago entrenatzen hasi garenetik, Ane gurekin etorri baita kanalera. Alaba gurekin lanera eramateko aukera dugu, eta zorte handia da. Ohituta dago, gainera, kanpora joaten garenean gurekin eramaten dugulako, eta oso barneratua du kanalean egotea zer den. Ederki pasatzen du, aire libreaz eta naturaz gozatzen. Gainera, errutina bat jartzen diogu etxeko lanak egiteko, eta ondo antolatzen gara. Dena den, beste haur askok bezala, berak ere ikaskideen hutsunea nabaritu du, dibertigarriagoa delako ikastolara joatea.

Pandemiagatik izan ez balitz, hilabete eskas litzateke Tokioko Olinpiar Jokoetarako. Orain, berriz, urtebete. Behin entrenatzen hasita, nola barneratu duzu hori?

Hasieran, kostatu egin zitzaidan barneratzea, plan guztiak eta lau urteko lana hankaz gora jarri zitzaizkidalako, eta beste urtebete delako Olinpiar Jokoen azken urteak dakarren exijentziarekin. Baina, orain, entrenatzen hasita, eta gauzak patxada handiagoz aztertuta, ondo etortzen zaidala uste dut. Izan ere, olinpiar ziklo hau oso zaila izan da; urte guztietan izan ditut gorabeherak eta arazoak, eta sentipena nuen denbora falta zitzaidala Tokiora konfiantzaz iristeko. Baina, orain, beste urtebete dut bilatzen nuen konfiantza eta erregulartasuna hori lortzeko, eta uste dut konfinamenduan buruari eta gorputzari emandako atsedena ondo etorri zaidala horretarako, oso gogotsu itzuli bainaiz. Aukera moduan ikusten dut, eta oso gustura nago.

Zuenaren moduko kirol batean, fisikoki eta psikologikoki zer esan nahi du urtebetek?

Denbora asko dela ematen du, baina ez da horrela. Garrantzitsuena da une bakoitzari etekina ateratzea, eta egoera bakoitzera egokitzen jakitea.

Berez, sailkatzea ziurtatua zenuen. Orain, ordea, airean dago. Horrek kezka eragiten dizu?

Ez dut horretan pentsatzen. Berriro ere sailkatzeko probak jokatzea tokatzen bada, horretara egokitu beharko dugu. Baina lasai nago, uste osoa dudalako nigan, eta arreta osoa entrenamenduetan, hobekuntza etengabe horretan. Hori da gure zutarri eta euskarri nagusia orain. Berriro ere sailkapen probak jokatzea, gainera, ez zait bidegabea iruditzen. Alderantziz, justua irudituko litzaidake, Olinpiar Jokoetara une horretan onenek joan behar dutelako. Ea ahalik eta azkarren argitzen duten zer egutegi izango dugun, eta urtebete honetako plangintza erabat zehaztu dezakegun. Baina ez dago gure esku.

Hobekuntza horretan zertan ari zarete jartzen arreta? Zer hobetu behar du olinpiar txapeldunak?

Gauza askotan. Ziklo honetan, asko kostatu zaigu piragua batekin gustura, ziur eta eroso egotea, eta oraingoarekin lortu dut: azkarrago noa, erraz mugitzen dut, ibilbidetik aterako ez naizen ziurtasuna dut... Hortik abiatzen da hobekuntza. Une honetan, erremonteak egiteko modua lantzen ari gara. Izan ere, K1eko gizonezkoak kanpoko paladarekin egiten ari dira, baita ni baino dezente gazteagoak diren neskak ere, harrobian hori lantzen ari baita. Nik, ordea, beste teknika bat nuen, eta berria automatizatu behar dut. Lerroko abiadura eta gorputzaren jarrera ere lantzen ari gara: hortik ere ehuneneko dezente irabaz daitezke. Motibazio bat da hori. Gure kirolean, jaitsiera perfekturik ez dago, eta horrek lotu egiten zaitu.

Kirolari batek, dena den, lehia ere behar du. Nahikoa proba izango dituzue Tokiora ondo iristeko, eta aurkariak nola dauden ikusteko?

Ezusterik ezean, Europako Txapelketa eta bi Munduko Kopa izango ditugu. Gainera, Jokoen aurretik bizpahiru egingo ditugu Tokion, eta hor ikusi ahalko dugu bakoitza nola dagoen, entrenamendu asko partekatzen baitira. Ez dira asko, baina bai garrantzitsuak. Etenaldira arte, eta olinpiar ziklo osoan, Ricarda Funk eta Jessica Fox izan dira onenak. Koska bat gorago egon dira, eta atzetik besteak gatoz. Baina onena da ez gaudela haiengandik oso urruti, eta haien parean egon gaitezkeela. Gainera, ikusi behar da bi hilabete etxean egon eta gero bakoitza nola dagoen. Nahiz eta denek ondo ezagutzen dugun elkar.

Mugitzen hasteak beldurra ematen dizu, kutsatzeko arriskuagatik?

Entrenatzen hasi ginenean, testak egin zizkiguten, eta alde horretatik lasai nago. Behin eta berriz errepikatu dituzten segurtasun neurriak betetzea da garrantzitsuena: distantziak errespetatu, higiene neurriak bete, beharrezkoa denean maskara jarri... Gure kasuan, adibidez, entrenatzaileek erabiltzen dute. Egoera honek eragiten dituen zalantzekin bizitzen ikasi behar dugu, eta elkar zaindu.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Covid-19 daukaten gaixoak zaintzen duten bi erizain besarkatzen 55 egun gaixo zeraman gizon bat sendatzean. ©Andoni Lubaki / Foku

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Euskal Herrian 31.166 gaixok eman dute positibo guztira, koronabirusa atzemateko probaren bat eginda. Horietatik 2.150 hil dira. Grafikoak, albiste barruan.

Ordizian Barrena parkearen goiko aldean, osasun etxearen alboan jarri duten gunea. / ©Jon Ruiz

Ordizia, Etxezarreta kaleko zerbitzarien emaitzen zain

Jon Ordoñez Garmendia

Ekainaren 27az geroztik Etxezarreta kaleko ostatuetan ibili direnei PCR probak egiteko eskatu die Osakidetzak, badaezpada, eta ilara luzea sortu da horretarako jarritako gunean. Ordiziako Udalak bertan behera utzi ditu gaur hastekoak ziren udalekuak, eta Ordiziako EH Bilduk, kanpaina.

Herritar batzuk PCR proba egiten, Ordizian ©Jon Urbe / Foku

Hego Euskal Herriko herritarren %4,3k izan dute COVID-19a

Irati Urdalleta Lete

Seroprebalentzia azterketaren emaitzen arabera, ia 124.000 pertsona kutsatu dira Hego Euskal Herrian.

Maskara sorta salgai ©Marisol Ramirez / Foku

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna