Maite Artolak Euskadi Irratiko eguerdiko albistegia aurkeztuko du

'Faktoria' saioa utzi du Maite Artolak, zazpi denboraldiren ostean. Iñaki Guridik hartu dio lekukoa

Maite Artolak zazpi denboralditan aurkeztu du Faktoria saioa, eta irailetik aurrera, Iñaki Guridi kazetariak gidatuko du saioa. EUSKADI IRRATIA.
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2020ko uztailaren 18a
00:00
Entzun
«Justu-justu, baina saiatuko gara negarrik ez egiten. Hastera goaz azkeneko saioa. Azkeneko saioa, niri dagokidanez». Hala agurtu ditu Maite Artolak Euskadi Irratiko Faktoria albistegiko entzuleak, zazpi denboraldiren ostean aurkeztu duen azken saioan. Artolak jakinarazi duenez, 13:00etako albistegia aurkeztuko du irailetik aurrera. Faktoria, berriz, Iñaki Guridi kazetariak aurkeztuko du.

Maite Artolak zazpi urte pasatu ditu Faktoria aurkezten, baina ibilbide luzea dauka Euskadi Irratiaren barruan. Asteburuko albistegietako, Mezularia irratsaioko eta Andromedan saioko aurkezle izan da. Bruselatik (Belgika), Afganistandik, Belfastetik (Irlanda) eta Jerusalemdik ere aritu da berriak ematen berriemaile berezi moduan.

Hunkituta eman zion agurra, atzo, Artolak Faktoria-ri, 1.500 saio inguru aurkeztu eta gero. Iñaki Guridik hartuko dio lekukoa irailetik aurrera, eta bi kazetarien arteko konplizitatea transmititu dute irratiaren uhinek: «Ez dizu 03:30ean iratzargailuak joko, baina 06:30 alderako bai. Orduan, oso urruti ere ez zara izango. Beraz, belaunek dar-dar egiten digutenean, gertu egongo zara», esan dio Guridik azken saioan.

Desio bat plazaratzeko ere baliatu du azken saioa Artolak: «Genero berdintasunaren irizpidea onartu zen bezala, hizkuntza-berdintasunarena ea hurrengo Jaurlaritzak ere osatzerakoan aintzat hartzen duen. Euskadi Irratiko goizetan ea sailburu gehiago elkarrizketatzeko aukera duzun», opa dio Iñaki Guridiri.

Eskerrak eman dizkie Artolak aldamenean izan dituen zutabegile, solaskide, kolaboratzaile, eta «begirada zabaltzen lagundu diguzuen guztiei». Ondorengo mezua helarazi die entzuleei: «Joan nahiko genuke pentsatuz bereziki akorde tristeak entzuten ziren etxeetako ateak jo ditugunean eta sartu garenean asmatu dugula mantso eta goxo sartzen».

Faktoria saioko estudioan azken aldiz besoa altxatu eta teknikariari musika jartzeko eskatu aurretik, lau hitzetan laburtu ditu bere momentuko sentimenduak: «Eskerrik asko, bihotz-bihotzez».

Dani Alvarezek saioa utzi du

Radio EuskadikoBoulevard albistegiko zuzendari izateari utzi dio Dani Alvarez kazetariak. 11 urte igaro ditu goizeko albistegi hori zuzentzen, eta datorren ikasturtean Radio Euskadiko programazioaren parte izaten jarraituko du, «beste betebehar batzuekin», EITBk adierazi duenaren arabera.

«Goizero-goizero, zuek irrati publikoaz harro senti zaitezten ahalegindu gara», adierazi die entzuleei. Audientzia datuak ere aipatu ditu kazetariak: «Hamar urte hauetan, herri honetako irratiaren audientzia osoaren %20 eta %25eko zatia izatea lortu du irratsaioak».

Maite Artolaren eta Dani Alvarezen aldaketek erakusten dute irailetik aurrera Euskadi Irratiak eta Radio Euskadik hainbat nobedade izango dituztela. Hala ere, aurrerago jakinaraziko dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.