Steven Enoch. Baskoniako jokalaria

«Ivanovic ez da gogorra, exijentea baizik; gustuko dut»

Baskoniak gaur ekingo dio Euroligari. Olympiakosen aurka ariko da, Atenasen (20:00, DZAN). Steven Enoch lehen aldiz ariko da txapelketan: «Europara etorri nintzenean, hor jokatzea nuen helburuetako bat».

AITOR BOUZO.
ainara arratibel gascon
2021eko urriaren 1a
00:00
Entzun
Obradoirotik iritsi zen udan Steven Enoch pibota Baskoniara (Norwalk, AEBak, 1997). «Eskaintza jaso nuenean, pentsatu nuen ezin nuela aukera galdu», dio. Gustura dago taldean, eta Gasteizen bizitzen.

Gaur ekingo diozue Euroligari. Nola dago taldea?

Azken partida galdu egin genuen Joventuten kontra, eta arantza hori atera nahi dugu. Gogotsu gaude txapelketa honi ekiteko.

Zer gertatu zitzaizuen Joventuten kontra?

Jokalari asko berriak gara, eta egokitzen ari gara. Duskok [Ivanovic entrenatzailea] nahi dituen hainbat gauza barneratzeko ditugu oraindik, eta jokalariok elkar hobeto ezagutzen jarraitu behar dugu. Sasoi hasieran gertatzen dira halako gauzak. Baina ondo ari gara lanean egokitzapen horrekin segitzeko.

Etzi [gaur] Olympiakosen aurka jokatuko duzue, Atenasen. Zer tankera hartzen diozu partidari?

Norgehiagoka gogorra izango da. Haiek eskarmentu handiko taldea dute, gogorra eta atletikoa, Etxean, gainera, indartsuak dira. Adi egon beharko dugu baloi galerekin, kontraerasoan oso bizkorrak baitira, eta erasoko errebotean ere ondo moldatzen dira. Gu talde gazteagoa gara, baina gure jokatzeko era ezartzen ahaleginduko gara. Defentsan bost bosten kontra jokatzera behartzen saiatuko gara. Erasoan, berriz, bizkor jokatzen ahaleginduko gara. Denboraldi honetan joko dibertigarria egiten saiatuko gara.

2016tik, Baskonia ez da lauko final batera iritsi Euroligan, eta aurreko sasoian ez zen kanporaketetarako sailkatu. Zein da denboraldi honetan taldearen helburua txapelketan?

Oso txapelketa luzea da, eta ez dut uste komeni denik helburu zehatzik jartzea. Ez, behintzat, hasieran. Pausoz pauso joan behar dugu, eta saiatu erregularrak izaten. Txapelketa hauetan, emaitza bolada txar batek min handia egiten du, gero kontrakarrean zoazelako. Erregularrak bagara, aukera izango dugu kanporaketetarako sailkatzeko, eta hortik aurrera, ikusiko dugu.

Debuta egingo duzu Euroligan. Zer esan nahi du horrek zure kirol ibilbidean?

Urrats handi bat da. Europako txapelketarik indartsuena da. AEBetan nengoenean segitzen nuen, eta, Europara etorrita, ametsa zen hor jokatzea. Oso jokalari onen kontra lehiatzea tokatuko zait, eta horrek hobetzen lagunduko dit. Irrikaz nago.

Aurreko denboraldian Obradoiron aritu zinen. Hasieran, apenas jokatu zenuen, baina sasoi amaiera ikusgarria egin zenuen. Espero zenuen Baskoniaren deia? Zer pentsatu zenuen deitu zizutenean?

Obradoiron egokitzapena ez zen erraza izan. COVID neurriek dena zaildu zuten. Ni, gainera, AEBetako unibertsitate arteko ligatik nentorren, eta hango saskibaloiak ez du zerikusirik hemengoarekin. Ohitu egin behar nuen. Pazientzia izan nuen, eta lanean jarraitu nuen. Ondoren jaso nituen fruituak. Zer pentsatu nuen Baskoniak deitu ninduenean? Bada, ezin nuela aukera galdu, urrats handia zela.

Zer alde antzeman zenuenAEBetako unibertsitate arteko ligan jokatzearen eta ACB ligan jokatzearen artean? Izan ere, ez da ohikoa jokalari batek salto hori egitea.

Dezenteko aldea dago. Beste erritmo batean jokatzen da han. Joan-etorriko partidak izaten dira, defentsari ez zaiolako horrenbeste garrantzi ematen. Gainera, jokalariok ez ditugu hainbeste sistema barneratuak, hango saskibaloia ez baita horren taktikoa. Horretara guztira egokitu behar izan nuen. Batez ere baloirik gabe jokatzen ikasi dut hemen. Horrek mentalki lan bat eskatzen du.

Zer moduz Dusko Ivanonicekin lanean? Dioten bezain gogorra al da?

Ez da gogorra, exijentea baizik. Bai mentalki, bai fisikoki, zure onena ematera bultzatzen zaitu partida eta entrenamendu guztietan. Niretzat ederra da hori. Asko ari naiz gozatzen eta ikasten harekin lanean.

Fuenlabradaren kontra 30eko balorazioa jaso zenuen. Zer ekarpen egin diezaiokezu zuk taldeari?

Jokalari garaia eta gogorra naiz, eta hori eskaini diezaioket taldeari. Gainera, bi eskuekin moldatzen naiz ondo, eta, uztaipetik ez ezik, kanpotik ere jaurti dezaket, hainbat distantziatatik. Egungo saskibaloian, pibot batentzat funtsezkoa da hori.

Eta zertan hobetu dezakezu Baskonian jokatuta?

Nire helburua perimetroko defentsan hobetzea da. Baloia hobeto mugitzen ere ikasi nahi dut, eta erabakiak hobeto hartzen. Esperientziak emango dit azken hori.

NBAn jokatzearekin amesten duzu?

Saskibaloian jokatzen dugun gehienok dugu amets hori. Nik, gainera, etxekoekin egoteko aukera izango nuke. Baina, leku batean edo bestean, nik nahi dudana saskibaloian jokatzea da. Horrek egiten nau zoriontsu.

Eta zer moduz Gasteizen?

Hiri lasaia da, eta txoko oso politak ditu. Pixkanaka ari naiz ezagutzen, eta gustura nago.

Zer duzu gustuko egitea entrenatzen edo jokatzen ari ez zarenean?

Zaletasun asko ditut. Jatea gustatzen zait, gastronomia. Alde horretatik, pagotxa dut hemen. Filmak ikustea ere oso atsegin dut, bai etxean, bai zineman. Eta musika ere sortzen dut ordenagailuan. Saskibaloia ikusten ere denbora asko ematen dut. Jokalari moduan ikusteko balio dit,baita erretiroa hartzen dudanerako ere. Komunikazioa ikasi nuen, eta etorkizunean ez dut baztertzen saskibaloiko iritzi emaile gisa lan egitea. Gustuko dut lan hori. Saskibaloiari lotutako zerbaitetan egin nahi dut lan: hori da nire bizitza.

Armeniako 20 urtez azpiko selekzioarekin jokatu duzu. Nolatan?

Armeniako hautatzaileak institutuan izan nuen entrenatzaile batekin jokatu zuen, eta galdetu zion ea ezagutzen zuen jokalari garai bat berarekin jokatzeko, 20 urtez azpiko Eurobasketerako zerrenda osatzeko arazoak baitzituzten. Nire izena eman zion. Nirekin jarri ziren harremanetan, eta baiezkoa eman nien. Oso txapelketa ona jokatu nuen, eta hurrengo urtean berriro deitu ninduten. Horri esker lortu nuen Europara etortzea. Ordutik ez dut haien deirik jaso, baina oso eskertuta nago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.