Pilota. Lau eta erdiko finala. Joseba Ezkurdia. Aspeko pilotaria

«Hobeki kudeatzen ditut orain partidak»

Hirugarrenez ariko da lau eta erdiko finalean, eta hirugarrenez izango du aurkari Altuna III.a. Aurreneko bietan, irabazi egin zion, eta horixe egin nahi du oraingoan ere. «Oso ondo» dago.

I�IGO URIZ / @FOKU.
Julen Etxeberria.
2022ko azaroaren 16a
00:00
Entzun
Joseba Ezkurdiak (Arbizu, Nafarroa, 1991) lau eta erdiko finala jokatuko du berriz, azkenekoa jokatu zuenetik hiru urtera. Denetarik bizi izan du tartean, baina, azkeneko urtean, bolada ona du.

Azken lau finalak jokatu dituzu: buruz burukoa, sanferminetako lau eta erdikoa, Mastersekoa eta lau eta erdikoa. Aldea dago urte eta erdiz finalik jokatu gabe egon zinen garaiarekin, ezta?

Bai. Gozatzen ari naiz iazko udatik hona. Ondo ari naiz, gorabeherarik gabe; hori da garrantzitsuena.

Zerbait aldatu duzu? Edo bolada kontua da?

Bietatik pixka bat. Nik ahal bezain gora egoteko egiten dut lan, baina baita aurkariek ere; galtzea da errazena. Orain, bolada ona dut, eta konfiantzaz nabil; ondo ari naiz. Bolada hau ahalik eta gehien luzatu nahi dut.

31 urte dituzu. Eskarmentuak laguntzen du halakoak eramaten?

Dudarik gabe. Adibide bat jarriko dizut: Unairen [Laso] aurka galdutako buruz buruko finalarena. Ziur naiz duela urte batzuk txakalaldi handia izan, eta bolada txarra kateatuko nuela. Baina, oraingoan, ez nion horrenbesteko garrantzia eman. Galdu egin nuen, baina gustura nengoen neure buruarekin, ondo jokatuta iritsi nintzelako finalera; beste era batean hartu nuen. Oso gustura nago neure buruarekin, ikusi baitut nahiz eta partida garrantzitsu bat galdu ondo kudeatu dudala; sasoia aprobetxatu nuen hurrengo erronkei ahalik eta ondoena heltzeko.

Esan izan duzu lehen presioak «jan» egiten zintuela partida garrantzitsuetan, baina orain ikasi duzula halakoetan «gozatzen».

Halaxe da. Badira oso partida garrantzitsuak: txapelketako lehena, erabakigarriak direnak... Baina ikasi egiten da halako neurketetan tentsioari eusten eta nerbioak eta zalantzak kudeatzen. Egun, konfiantza handiagoa dut neure buruarengan, eta hobeki kudeatzen ditut partidak.

Zenbateko garrantzia du zure inguruak horretan?

Handia. Oso garrantzitsua da inguruan jendea izatea: familia, lagunak, entrenamenduetako kideak... Oso gustura egoten naiz haiekin, eta konfiantza handia dut haiengan. Adibidez, Rubenengan [Aiarra, haren prestatzailea], Txokarrorengan [beste prestatzailea] eta Peiorengan [Etxeberria]; lasai hitz egin dezaket haiekin ditudan duda eta beldurren inguruan. Asko laguntzen dit korapilo horiek askatzeak.

Sasoiz eta indarrez gainezka zabiltza. Sumatu duzu hori?

Bai. Oso gustura nago. Ia egunero entrenatzen gara sasoiko egoteko; tentsio handiko partidetan, eskertu egiten da sasoiko egotea. Txapelketan, behetik gora egin dut.

Iaz, bospasei kilo galdu zenituen lau eta erdikoa jokatzeko. Orain, horren fin egon gabe ere, oso bizi mugitzen zara.

Iaz, kilo dezente galdu nituen lau eta erdikoa jokatzeko, baina, binakakoa amaitu aurretik, pisua hartu nuen berriro. Lau eta erdian baino gehiago pisatzen dut orain, baina oso ondo ikusten dut neure burua: azkar mugitzen naiz, eta ondo indarberritzen ari naiz. Horretarako lan egiten dut, eta horretarako gaude gauden tokian. Ea urte askoan iraun dezakedan.

Lehen esan duzu «behetik gora» egin duzula txapelketan. Kolpea izan zen lehen partida, Aitor Elordiren aurkakoa, galtzea?

Bai. Oso ondo nengoen: Mastersa irabazi berri nuen, oso ondo jokatuta. Baina zaila da lehen partida jokatzea. Gerora ikusi da zein ondo aritu den Aitor. Banekien sufritu egingo nuela irabazteko. Eta sufritu egin nuen, baina galdu ere bai. Aitorrek merezita irabazi zidan. Horren ondorioz, tentsio handiko partidak jokatu behar izan ditut, erabakigarriak. Baina aurrera atera ditut; oso gustura nago egin dudan lanagatik, eta, batez ere, izan dudan jarreragatik.

Bikain aritu zara presiopean.

Oso harro nago. Danelen [Elezkano] aurka ere sufritu egin nuen; ez nintzen gustura aritu. Oso partida garrantzitsua zen: etxera nindoan galtzen banuen. Baina tentsioari eutsi nion, eta, onena eman gabe ere, irabazi egin nuen. Ziur naiz duela urte batzuk lehen partida galduta askoz duda gehiago izango nituela nire jokoarekin eta jarrerarekin. Baina banekien aurten ondo nengoela. Lasoren aurka, berriz, gozatu egin nuen, oso ondo aritu nintzelako. Baita Peioren aurka ere. Jokatu ahala, gora egin dut. Oso ondo ekingo diot finalari.

Jokin Altunaren aurka jokatuko duzu. 11. aldiz ariko zarete lau eta erdian. Oso sekretu gutxi izango dituzue, ezta?

Ondo ezagutzen dugu elkar, eta denetarik egin dugu elkarren aurka: hark irabazi dit, baina baita nik hari ere. Oso partida polita da, eta zaila. Baina ondo jokatzen badut, aukera izango dut irabazteko. Nire onena ematen saiatuko naiz.

Altuna zertan da ona?

Gauza askotan; horregatik dago dagoen tokian. Artista hutsa da, eta maisua tantoa bukatzen. Baina nik azpimarratuko nuke zeinen gogor eusten dion partidari: asko defenditzen du, eta pilota oso gutxi galtzen ditu. Horrek bukatzera behartzen zaitu.

Ondo dakizu zenbat kostatzen den final bat jokatzea. Zer iritzi duzu hark zazpigarrena jarraian jokatzearen inguruan?

Ikaragarria da. Sekulako maila du, eta oso ona da; pilotari puska da. Zortzitan aritu da lau eta erdian, eta zazpitan jokatu du finala. Meritu itzela du.

Nolanahi ere, zu zara lau eta erdian gehien irabazi diona: lau aldiz. Helduleku ona da hori txapelarekin amets egiteko?

Bai. Hemen, nork bere buruan sinetsi behar du, eta nik sinetsi egiten dut. Badakit nire maila ematen badut txapela ekar dezakedala. Horretarako, ondo aritu behar dut; ea lortzen dudan.

Zein oroitzapen duzu hari irabazitako bi finalen inguruan?

Oroitzapen ederra dut; ederra da beti txapela irabazten duzuneko oroitzapena. Final politak izan ziren biak, leku eder batean jokatutakoak [Nafarroa Arena]. Partida gogorrak izan ziren biak, eta oso ondo arituta irabazi nuen. Oraingoan, Bilbon jokatuko dugu, eta hura ere agertoki ederra da txapela irabazteko. Saiatuko gara.

Bilboko frontoiak nori egiten dio mesede?

Nafarroa Arena ona da niretzat: lurra bizia du. Bilbokoa, ordea, lasaiagoa da, eta horrek Jokini mesede egiten dio. Baina frontoi ona da. Gustura jokatzen dut han.

Zein izango da gakoa?

Erritmoa jarri eta agintzen duenak irabaziko du. Ondo sakatu beharko da , eta opari gutxi egin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.